Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Azaroak 23

Parlamentuak atzera bota du Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legearen aldaketa

Legearen aplikazio-esparrua zabaltzea iradokitzen zuen, baita Interes Taldeen Erregistroa sortzea eta herritarren parte-hartzea indartzea ere, eten digitala gutxituz

Nafarroako Parlamentuak, gaurko osoko bilkuran, ez du aintzat hartu Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legea aldatzeko proposamena. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek proposamenaren aurkako botoa eman dute, eta UPN, PSN eta PPNk aldekoa.

 

PSN talde parlamentarioak bultzatutako lege proposamenaren helburua zen gobernu irekiaren arloko parte-hartzea eta lankidetza indartzea —gardentasunaren oinarrizko osagaia baita gobernu irekia—, sare sozialen eta gailu teknologikoen bilakaera azkarraren ondorioz gabezia garrantzitsuak detektatu direlako.

 

Horretarako, legearen aplikazio-esparrua honako hauetara zabaltzea iradokitzen zen: Nafarroako Parlamentua, Kontuen Ganbera, Arartekoa, Gardentasunaren Kontseilua, NUP, alderdi politikoak, sindikatuak, enpresa-erakundeak, partzuergoak, enpresa pribatuak eta sozietate mistoak, “diru-laguntzen, laguntzen edo diru-sarrera publikoen kupo jakin bat badute”.

 

Hala, bada, legearen ahalbideak beren osoan ezagutarazi nahian, eten digitalaren printzipioa gehitzen zen, eta informaziorako irispidea errazteko mekanismo digitalak eransten ziren. Informazio horri dagokionez, puntu berri batzuk gehitzen ziren, zeinek nahitaezko egiten baitute bidaia-gastuak, telekomunikazioak, agendak, organigramak, ondasun higiezinak, txostenak, kostuak, erregistroak eta fakturak zehaztasunez argitaratzea.

 

Testuinguru horretan, 14. artikulua aldatu egiten zen informazio publikoaren berrerabiltzea bermatzeko, eta publizitate aktiboaren eta pasiboaren inguruko aurreikuspen berriak eransten ziren, 11/2012 Legearen garapenaren bidez bildu den esperientziarekin bat etorriz, baita partaidetzazko aurrekontuei dagokienez ere.

 

Bestalde, lobbyak arautze aldera, legeak indarra hartzen duenetik urtebeteko epea igaro baino lehen Interes Taldeen Erregistro Publikoa sortzeko asmoa zegoen.

 

Azkenik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea erreformatzeko proiektu bat egitea aurreikusten zen. Haren helburua izanen da Nafarroako toki erakundeen jardunean txertatzea legean jasotako printzipio eta aurreikuspenak. Proiektu hori ere, zehazten denez, urtebeteko epean aurkeztu behar litzateke Parlamentuan.

 

Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legea aldatu egin zen 2016ko apirilean, Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua sortzea onetsi zenean. Kontseilu hori informazio publikoa jasotzeko eskubideari buruzko aurkaratzeak ebazteko ardura duen organoa da. Gainera, goi-kargudun ohien ordainsariak, ondasunak eta kargua utzi ondoko sariak Gobernu Irekiaren atarian ager daitezkeen gehieneko epea ezarri zen: bi urte. UPN eta PSNren aurkako botoekin onartu zen (PPk ez zuen bozketan parte hartu).