Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Urtarrilak 18

Parlamentuak atzera bota du 15/2015 Foru Legea, Nafarroako Poliziei buruzkoa, indargabetzeko proposamena

Egungo arauak dakartzan kudeaketa eta antolaketa arazoak gainditzeko, Ponentzia bati testu berri bat eratzeko agindua ematea proposatzen zuen UPNren ekimenak

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak atzera bota du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN eta PPNren aldekoekin, 15/2015 Foru Legea, Nafarroako Poliziei buruzkoa indargabetzeko Foru Lege proposamena.

 

Irakurketa bakarrean izapidetuta, UPN talde parlamentariak aurkeztutako Foru Lege proposamenaren helburua 8/2007 Foru Legea, martxoaren 23koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa indarrera itzultzea zen, eta hau abiapuntu hartuta arau berri bat sortzea, behin eredua definitu eta eskumenak mugatuta, polizia zerbitzuen beharrak asebetetzeko gai izango litzatekeen araua.

 

15/2015 Foru Legearen ezarpenak ekarritako antolaketa eta kudeaketa arazoak gainditzeko lantalde baten sorrera proposatzen zuen UPNren ekimenak, 6 hilabetetan lege aldaketa proposamen bat egingo zuena, Gobernuko eragileen eta Foruzainen eta Udal Polizien sindikatu eta ordezkarien parte hartzearekin.

 

Azkenik, errepikatzen da Foruzaingoari eta Nafarroako Polizia desberdinei egonkortasuna eskaintzeko erreforma sakon baten beharra.

 

Sergio Sayasek (UPN) Gobernuari eskatu dio bere erantzukizuna bete dezan, izan ere, hirugarren aldia da lege honen aurka bozkatzeko aukera dutena eta berriz ere alde egiten baitute. Badirudi “Foruzaingoarekin amaitzeko gogoa dutela, egin duten guztia zentzu horrekin egin dutela ematen baitu“.

 

Sayasek “Lehendakariaren handikeria“ kritikatu du eta "Gobernuaren prepotentzia" ere, eta azpimarratu du "lege honek ez duela zentzurik, helburua Foruzaingoa eraginkorra ez izatea dela“.

 

Bere ekimenak “2015eko legea indargabetzea bilatzen du, zorigaitza ekarri baitu”, eta 2007koa indarrean uztea da helburua, “egoera desataskatzeko. Ezinbestekoa da nahi dugun polizia eredua zein den adosteko lanean hastea. Luzerako eta eraginkorra izango den lege bat nahi bada, gurekin kontatu dezakezue, baina 2015ekoa bezalako ankerkeria bat egiteko, ez”.

 

“Apokaliptikoak ematen genuen, baina gure aurreikuspenak bete ziren” adierazi du Ana Beltranek (PPN). “Murrizketen eta pribatizazioaren gobernuaren aurrean” gaudela esan du Beltranek, eta dio batzuetan atzera pauso bat eman behar dela indarra hartu eta hobetzeko.

 

Patxi Leuzak (Geroa Bai) adierazi du “ezin dela 2007ko legera itzuli”, 2015eko legearekin aurrera egin baita, nahiz eta gauza batzuk aldatzeke dauden. “Indargabetzea ez da bidea”.

 

Adolfo Araizek (EH Bildu) adierazi du proposamen honek ez duela inolako oihartzunik izan, Foruzaingoaren ordezkari sindikalek ez baitute ekimenaren jarraipenik egin.

 

Rubén Velascok (Podemos-Ahal Dugu) adierazi du “lege berri baten alde lan egingo dutela”.

 

Inmaculada Juríok (PSN) baieztatu du “politikoki zentzugabekeria bat dela eta ezin dela atzera egin, aurrera baizik”.

 

José Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra) UPNri erantzun dio “ekimen hau bi aldiz aurkeztuta ere ez dutela euren erantzunkizuna ezabatuko Foruzaingoaren etorkizunean”.