Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Ekainak 8

Parlamentuak aniztasunarekiko arreta bultzatzeko giza baliabideak eta baliabide materialak areagotu daitezela eskatu du

Nafarroako hezkuntza-sisteman aniztasunarekiko arretaren arloan sortutako kultura eta premia bereziak dituzten ikasleen kopuruaren gorakada aipatu ditu

Osoko Bilkurak gaur onetsi duen ebazpen batean, UPN, PSN, PPN eta I-E taldeen aldeko botoekin, Podemos-Ahal Duguren abstentzioarekin eta Geroa Bai eta EH Bilduren aurkako botoekin, Parlamentuak Hezkuntza Departamentua premiatzen du “giza baliabideak eta baliabide materialak areagotu ditzan, aniztasunarekiko arreta bultzatzen jarraitzeko. Batez ere, sozialki, kulturalki edo/eta ekonomikoki kaltetutako ikasleen, immigrazioaren edo eskolatze berantiarraren portzentaje handiak, komunikazio-hizkuntza jakin gabe edo jakinda, dituzten ikastetxeetan (bikoizketak, laguntzako irakasleak, ratioen jaistea, eta abar)”.

 

Onetsitako ebazpenaren bigarren puntuan Hezkuntza Departamentuari eskatzen zaio, gainera, “behar diren antolaketa- eta legegintza-neurri guztiak ezar ditzala ikasleak egoki banatzeko ikastetxe publikoen eta funts publikoetako diru-laguntza jasotzen duten ikastetxe pribatuen artean, aniztasunaren, gizarteratzearen eta inklusioaren printzipioei loturik.

 

Neurri horiek, zehazten denez, “ikasleak beren ezaugarrien edota familiaren ezaugarrien arabera ikastetxe jakin batzuetan metatzea eragotzi behar dute, eta dagoeneko gertatu diren metatzeak zuzendu”.

 

Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak bigarren puntu hori gehitzeko zuzenketa aurkeztu du, eta ekimenaren titularrak, UPN talde parlamentarioak, onartu egin du.

 

UPN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenaren zioen azalpenean Eskola Kontseiluaren 2015-2016 ikasturtearen gaineko txostena gogorarazten da. Txosten horren arabera, “hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kopurua ikaragarri handitu da azken urteotan”.

 

Hain zuzen ere, “desgaitasuna, portaeraren nahastea, arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahastea edo goi mailako adimen-gaitasunak dituzten 10.125 ikasle” aipatzen dira. Hori guztia, bazter utzi gabe “atzerriko jatorria duten 7.718 ikasleak eta, sare publikoko gaztelaniazko ereduan bereziki, eskolatze berantiarreko ikasleak”.

 

Horiek horrela, proposatzaileak gogora ekartzen ditu ekainaren 13ko 93/2008 Foru Agindua, Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan aniztasunari nola erantzun arautzen duena, eta “aniztasunarekiko arretaren kultura, gure hezkuntza-sistemaren ezaugarri nagusietako bat, ebaluazio nazionaletan zein nazioartekoetan lortu diren emaitzen zati handi baten iturria”.

 

 

Archivos adjuntos

Archivo adjunto010-8-6-17.JPG