Noiz argitaratua Ostirala, 2018.eko Apirilak 27

Parlamentuak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez, bere desadostasunik handiena adierazten du 2016ko uztailaren 7ko talde-bortxaketaren epaiketako sententzia dela eta

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2018ko apirilaren 27an

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bere desadostasunik handiena adierazten du 2016ko uztailaren 7ko talde-bortxaketaren epaiketako sententzia dela eta. UPN, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu eta PSN talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpen instituzionala aho batez onetsi da, nahiz eta PPNk idazki bat aurkeztu duen, non adierazten baitu “uste irmoa duela botere banaketan eta independentzia judizialean; hori dela eta, uste dugu Parlamentu honek ez duela eskurik sartu behar erabaki judizialetan, eta, horrenbestez, ez duela horiei buruzko adierazpen instituzionalik egin behar”; halaber, adierazi du “ez duela parte hartuko bozketa horietan, hasita apirilaren 27an Mahaiari eta Eledunen Batzarrari aurkeztu zaion adierazpen-proposamenaren 2. eta 3. puntuen bozketatik”.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere babesa, bere txera eta bere elkartasuna helarazi nahi dizkie biktimari eta haren gertukoei.

 

2. Nafarroako Parlamentuak, errespeturik handienarekin bada ere, epaiarekiko desadostasunik handiena adierazi nahi du; bereziki, Gobernuaren Zerbitzu Juridikoek adierazitakoarekin bat, gertakariak sexu-abusu jarraituko delitu gisa kalifikatu izanarekikoa. Hartara, babestu egiten du Nafarroako Gobernuak, Zerbitzu Juridikoek gomendatutakoari jarraikiz, epaiaren aurkako errekurtsoa aurkezteko erabakia hartu izana.

 

3. Nafarroako Parlamentuak ulertu egiten du herritarrek epaia etsipenez hartu izana, eta bat egiten du geure egiten ez dugun epai honen aurkako herri-aldarriarekin.

 

4. Nafarroako Parlamentuak aldarrikatu egin nahi du emakume orok duela erabateko askatasuna izateko eskubidea, eta Nafarroak ez duela ez emakumearen aurkako inolako sexu-erasorik ez bestelako inolako erasorik ere onartzen.

 

5. Nafarroako Parlamentuak berretsi egin nahi du elkarte-egiturarekin, talde feministekin eta, oro har, herritarrekin lankidetzan lan egiten jarraitzeko konpromisoa, berdintasunaren alde eta emakumeen eskubideen defentsan, emakumeek pairatzen dituzten desberdinkeriak eta indarkeria-mota guztiak desagerrarazteko”.