Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Maiatzak 28

Parlamentuak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez babestu egiten baitu Bardeako tiro poligonoa desegitearen aldeko XXXI. martxa

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2018ko maiatzaren 28an

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak babestu egiten baitu Bardeako tiro poligonoa desegitearen aldeko XXXI. martxa. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpen instituzionalaren alde bozkatu dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak. Unión del Pueblo Navarrok eta Nafarroako Alderdi Popularrak aurka bozkatu dute, eta Nafarroako Alderdi Sozialistak hirugarren puntuaren alde eta lehenengo, bigarren eta bosgarren puntuen aurka bozkatu du, eta abstenitu egin da laugarrenean.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1- Nafarroako Parlamentuak babestu egiten du Bardeako tiro poligonoa desegitearen aldeko XXXI. martxa, zeina ekainaren 3rako –igandea– deitu baitu Poligonoaren aurkako Batzarrak, bai eta helburu horrekin deitzen diren mobilizazio guztiak ere.

 

2. Nafarroako Parlamentuak adierazten du Bardeako tiro poligonoaren aurka eta maniobra militarrak berehala bukatzearen eta tiro poligonoa behin betikoz ixtearen eta eraistearen alde dagoela.

 

3. Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Bakearen Kultura sustatzea, gatazka politikoak eta sozialak bakearen eta justizia sozialaren bideetatik birdefinitzen eta konpontzen laguntzeko.

 

4. Nafarroako Parlamentuaren ustez, gobernu zentralak geldiarazi egin behar du bere arma-karrera, eta defentsarako aurrekontuan aurreikusitako igoera herritarren beharrizan sozialei erantzutera bideratu behar du.

 

5. Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da gobernu zentralak indargabetu dezan Bardeako tiro poligonoa Defentsarako lehentasunezko intereseko eremu deklaratu zuen dekretua.