Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Maiatzak 28

Parlamentuak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez adierazten baitu Sahara Mendebaldea nazioarteko zuzenbidearen mende dagoen lurralde autonomo bat dela

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2018ko maiatzaren 28an

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak adierazten baitu Sahara Mendebaldea nazioarteko zuzenbidearen mende dagoen lurralde autonomo bat dela, sekula ere ez dena Marokoko Erresumaren parte izan, eta haren okupazio ilegala amai dadin eta Saharako herriak autodeterminazio eskubidea balia dezan exigitzen du. “Paz y Libertad en el Sahara-Bakea eta Askatasuna Saharan” taldeartekoaren koordinatzaile Ainhoa Unzu Gárate andreak aurkeztu du, eta Legebiltzarreko talde eta elkarte guztiek sinatu dute.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak adierazten du Sahara Mendebaldea nazioarteko zuzenbidearen mende dagoen lurralde autonomo bat dela, sekula ere ez dena Marokoko Erresumaren parte izan, eta haren okupazio ilegala amai dadin eta Saharako herriak autodeterminazio eskubidea balia dezan exigitzen du.

 

2. Nafarroako Parlamentuak oso positibotzat jotzen du Auzitegi Nazionalaren autoa, zeinaren bidez Espainia de iure Sahara Mendebaldearen “potentzia administratiboa” dela adierazten baitu.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Marokoko Erresumari exigitzen dio Sahara Mendebaldeko lurralde okupatuetan giza eskubideak zorrotz errespetatzeko eta sahararrek pairatzen dituzten eskubide-urraketak bukatzeko.

 

4. Nafarroako Parlamentuak Nazio Batuak premiatzen ditu luzamendutan ibili gabe susta dezaten Sahara Mendebaldeko gatazkaren konponbide iraunkor eta bidezkoa, zeina Saharako herriaren autodeterminaziorako eskubidea gauzatzetik helduko baita.

 

5. Nafarroako Parlamentuak berriro ere salatzen du Marokoko Gobernuak Sahara Mendebaldeko natur baliabideen espoliazioa egitea, epaiak epai.

 

6. Nafarroako Parlamentuaren ustez, Sahara Mendebaldean bizi den egoera larria ikusita, MINURSOk Sahara Mendebaldean dauzkan eginkizunak zabaldu behar ditu. Hortaz, Nazio Batuak premiatzen ditugu Misioari ahalmena eman diezaion sahararren giza eskubideak zaintzeko eta babesteko lurralde okupatuetan.

 

7. Nafarroako Parlamentuak Europar Batasunari berriz ere exigitzen dio Marokoko Erresumarekiko Lehentasunezko Akordioan giza eskubideak errespetatzeari dagokionez ezarritako klausula betearaz dezan.

 

8. Nafarroako Parlamentuak zorionak eman nahi dizkio Saharako Emakumeen Batasun Nazionalari, errefuxiatu-kanpalekuetan egiten duten lan funtsezko eta erabakigarriagatik.

 

9. Nafarroako Parlamentuak Espainiako erakunde publikoak premiatzen ditu laguntza solidario eta humanitarioa areagotu eta ematen jarrai dezaten, hala Tindufeko kanpalekuetako errefuxiatuei nola lurralde okupatuetako sahararrei.

 

10. Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari eskatzen dio beharrezkoak diren ekimen politikoak susta ditzan, justiziazko eta behin betiko konponbide bat lortzera bideratuak, Saharako herriaren autodeterminaziorako eskubide zilegiaren defentsan, erreferendum libre eta erregular baten bidez, deskolonizazio-prozesu bukatugabearen azken urrats gisa.

 

11. Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du areagotu ditzan saharar herriarekiko lankidetza eta harentzako laguntza humanitarioa, bai errefuxiatu-eremuetan bai lurralde okupatuetan ere, kezkaz egiaztatu baitu Lankidetzarako Espainiako Agentziak bere ekarpenak murriztu egin dituela azken urteotan”.