Noiz argitaratua Asteartea, 2018.eko Ekainak 26

Palestinarren oraingo eta geroko egoera eztabaidagai

Okupazio- eta apartheid-sionismoak palestinarren bortxarik gabeko erresistentziaren aurka darabilen indarkeriaz ohartarazi dute Manal Tamini ekintzaileak eta Sami Sockol kazetariak

Nafarroako Parlamentuan gaur arratsaldean egindako hitzaldi batean Palestinarren oraingo eta geroko egoera aztertu da, gaur-gaurko gai bat. Manal Tamini eta Sami Sockol mintzatu dira, lehenengoa Zisjordaniako bortxarik gabeko herri erresistentzia koordinatzeko Batzordeko kidea, eta bigarrena Washington Post eta Israelgo Haaretz egunkarietako berriemailea, eskarmentu handiko analista, eskualdean berebiziko iturriak dituena.

 

Parlamentuak Sodepaz GGKEarekin elkarlanean antolatu du hitzaldia. Foru legebiltzarreko lehendakari Ainhoa Aznárez Igarzak sarrerako hitzak egin ditu eta gaia bere testuinguruan kokatu du. Aitortu du harro dagoela okupazio- eta apartheid-sionismoaren kontrako borrokan gailendu diren bi pertsona horiek aurkezteaz. Duela zazpi hamarkada hasitako suntsipen estrategiak, nazioarteko ebazpenak gorabehera, areagotzen jarraitzen duela gogorarazi du.

 

Manal Taminik hartu du hitza lehenik. “Emakume palestinarra, ekintzailea eta ama” den aldetik, “israeldarren okupazio basatia” salatu du, eta haien erantzun militarraren eta bortxarik gabeko erresistentzia mugimenduaren arteko kontrastea nabarmendu du. Berak 2009tik parte hartzen du mugimendu horretan, “gure lurren eta gure eskubidearen defentsan”.

 

Taminik nazioarteko komunitatearen eta batez ere Europar Batasunaren “ekintzarik eza” gaitzetsi du, eta azken horri deia egin dio “bere erantzukizunari aurre egin diezaion, gu ez baikara lurrik gabeko herri bat, Palestina sionistei oparitu izanaren ondorioa baizik. Guztiok bakean bizi gintezke, hala bizi izan ginen semitismoa eta inbasioa iritsi ziren arte, baina honela ezinezkoa da”.

 

Adierazitakoaren haritik, Taminik gogora ekarri du nola atxilotu zuten iragan abenduan Oferko espetxearen aurrean protestan ari zelarik, soldadu bati masailekoa emateagatik kondenatutako bere iloba Ahed aska zezatela eskatzeko. “Indarkeria erabiltzera bultzatu nahi gaituzte beren erasoak justifikatzeko”, azpimarratu du. “Aldarri baketsuak egiten ditugu eta gas negar-eragileekin erantzuten digute, hil ere egin dezaketen gomazko balekin eta osasunerako ondorio larriak (larruazaleko minbizia, giltzurrinetako hutsegitea) sortzen dituen substantzia kimikoren batekin. 2009az geroztik lagun asko galdu ditugu, hildakoak, atxilotuak (240, horietatik asko adingabeak) eta zaurituak kontuan hartuta. 500dik gora pertsonak hartu dute tiroren bat. Terrorista moduan tratatzen gaituzte”.

 

Aminik argi utzi du haien erresistentzia ez dela “erlijiosoa edo juduen aurkakoa, baizik okupazioaren eta sionismoaren aurkakoa”, eta azkenik hau azpimarratu du: “Gure lurrez jabetzea da arazoa, hain zuzen ere Ekialde Hurbilak jasaten dituen gatazka guztien sorburua da. Palestina askatzen bada, denok bizi ahalko gara bakean. Gure eskubideak errespetatzea besterik ez dugu eskatzen, eta horretarako garrantzitsua da europarrek beren babesa eta elkartasuna helaraztea. Okupaziopeko erresistentzia oso gogorra gertatzen da”.

 

Sami Sockolek “Hamas Gazako zerrendan egunero egiten diren protesten alde agertzeak” duen balioa nabarmendu du, “bortxarik gabeko praktiketara igarotzen ari dela erakusten baitu”, eta “eskuin muturreko Gobernuak” gidatuta Israelen gertatu den inboluzioa salatu du. Gobernu horren jarreraren aldean “lehengoek moderatuagoak ematen dute”, haiek ere zorrotzak izan baziren ere.

 

Testuinguru horretan, Sockolek Gazako zerrendaren gaineko “bakartze” maniobrez ohartarazi du, “informazio” arlokoez ere bai. Bertan “kazetari israeldarrei sarrera debekatzen zaie, palestinarrek egiten duten guztia terrorismoa delako ideia zabaltzeko”.

 

“Informazio igorpena blokeatzeko” ahalegin hori araugintzaren arlora hedatu da. Izan ere, “Zisjordanian soldadu israeldarrak mugikorrarekin grabatzen ausartzen den orori 5-10 urte bitarteko espetxe zigorra ezartzeko lege bat izapidetzen ari da”.

 

Azken ohar gisa, Trumpen Administrazioak Israelgo Gobernuari agertu dion atxikimendu beroa dela eta, Sockolek ohartarazi du iparramerikarren baldintzarik gabeko babesak israeldar gogorrenen “euforia” eragin duela, eta, horri dagokionez, esan du beharrezkoa dela “beste ahots batzuk entzutea, ez baitzaie entzuten, kontrola erabatekoa baita”.

 

Hitzaldia Parlamentu Irekia ekimenaren barnean antolatu da. Programa horren bidez gizarte intereseko herri ekimenak eztabaidatzeko bidea eman nahi da.