Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Irailak 20

PAI ikastetxeetan ikasten duten haur desplazatuentzat garraio- eta jangela-laguntzak ezar zitzan Nafarroako Gobernua premiatzen zuen mozioa baztertu da

D ereduko ikasleekiko berdintasuna eskatzen zen, euren udalerrietan edo erreferentzia zentroetan programa hau eskaini ezean beste batean matrikulatzea hautatzen dutenean

Parlamentuko Osoko Bilkurak mozio bat baztertu du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldekoekin, zeinaren bidez “Nafarroako Gobernua premiatzen zen garraio- eta jangela-laguntzak ezar zitzan Hizkuntzak Ikasteko Programa daukaten ikastetxeetan ikasi nahi duten ikasleentzat, programa hori ez denean haien erreferentzia-ikastetxean edo udalerrian eskaintzen”.

 

Zioen azalpenean, PPNk sustatutako mozioak eskatzen zuen Hizkuntzak Ikasteko Programa duten ikastetxeetan ikasi nahi duten eta programa hori haien erreferentzia-ikastetxean edo udalerrian eskaintzen ez den ikasleei, D ereduko ikasleei ematen zaizkien garraio- eta jangela-laguntzak ematea, azken hauek euren udalerrietan eskaintzarik ez dagoenean ikastola publiko kontzertatuetan matrikulatzen baitira.

 

Sustatzaileak uste du berdintasun faltak “konparaziozko bidegabekeria” suposatzen duela, “lehen eta bigarren mailako ikasleak bereiziz gurasoek hautatutako hizkuntzaren arabera”, eta honek “zalantzan jartzen du norberak bere seme-alabak onena dela uste duen ereduan eskolatzeko askatasuna”.

 

Esparru horretan, eztabaidatzen zen, Hizkuntzak Ikasteko Programa ikastetxe publiko eta itunduetan ezartzeko Foru Aginduak dioen bezala, ikastetxeetako zuzendaritzarena izatea PAI programa ezarri edo ez erabakitzeko eskumena, era horretan “ikasleen aukerak murrizten baitira”.

 

Zentzu horretan, adierazten da “gaur egun, Nafarroako 300 ikastetxeetatik heren batek soilik eskaintzen duela Hizkuntzak Ikasteko Programa”.