Noiz argitaratua Ostirala, 2017.eko Urriak 6

Osoko bilkura monografikoa: ‘Nafarroako Erriberaren egoera ekonomikoa, hezkuntzazkoa eta soziala’

UPNk eta PPNk baieztatu dute Gobernuak "bertan behera" utzi duela Erribera, GB, Bildu, Podemos eta IEk ukatu egin dute eta PSNk "keinuak" ikusten ditu, "baina ez dira aski"

 

Nafarroako Parlamentuak Erriberaren egoera ekonomikoa, hezkuntzazkoa eta soziala aztertzeko osoko bilkura monografikoa egin du gaur, PPNren ekimenez. Foru Komunitateko eskualde horretako alkate batzuk bilkuran izan dira, horien artean Eneko Larrarte Tuterako alkatea.

 

PPNko eledun Ana Beltránek "kezka handia" agertu du Erriberako egoera sozial, ekonomiko eta hezkuntzazkoa dela eta. "Gure komunitatean erabat abandonatuta dauden eskualde nagusietako bat da. Neurriak hartzeko premia dago, eta horretarako borondatea behar da", adierazi du, eta erantsi du "etorkizunerako aukera gehien” dituen eskualdeetako bat dela Erribera.

 

Beltránek esan duenez, "2009tik 2016ra bitartean Tuterako eskualdeak bere ekoizpen-ehunaren bostena baino gehiago galdu du. Zenbaki erlatiboetan enpresa gehien galdu dituen Nafarroako eskualdea da", eta horren ondorioz "langabezia jasaten du. Langabezia handiena duen Nafarroako eskualdea da".

 

Ordezkari popularrak gaineratu du Erriberan dagoela "Nafarroako pobrezia-arriskuaren tasarik altuena". Podemos eta I-E taldeei aurpegiratu die ez dutela ekimen bakar bat ere aurkeztu egoerari buelta emateko, eta horri "zurikeriaz” aritzea iritzi dio. "Hezkuntza edozein gobernu nazionalistaren harribitxia” dela esan du jarraian, eta hau erantsi du: "Erriberan euskara jakin beharra inposatu nahian ari dira, familiei era guztietako erraztasunak ematen euskara ikasteko, baina alferrik".

 

Autobidea doakoa izateko "deus ere" ez dela egin kritikatu du, eta abiadura handia eskatu du eskualdea garatzeko, bai eta Nafarroako Ubidea ere. "Orain hutsaren hurrengora murriztu nahi duzue ubidea", aurpegiratu dio Gobernuari.

 

Javier Esparzak (UPN) adierazi du "Erriberaren aldeko erronka” bota nahi duela. "Etorkizun ederra du, berebiziko ahalmena. Nafarroako komunitate sozial eta instituzionalaren parte eta Espainiako eta Europako ingurune geoestrategikoaren parte da", zehaztu du, eta hango "kalitate bikaineko produktuak" eta nekazaritzako elikagaien industriaren balioa nabarmendu ditu.

 

Esparzak Erriberako langabeziaren kontra borrokatzeko enplegu plan bat eskatu du, "behar adinako hornidura izanen duena", eta "abiadura handia eta Nafarroako Ubidea Erriberako garapenaren giltza” direla gehitu du. Bi azpiegitura horiek "UPNk bultzatu ditu berriro ere, Gobernu honek baztertuak zituelako", esan du.

 

Hezkuntza arloan, Gobernua kritikatu du esanez tematurik dabilela "5 ikasleko gelak zabaltzen euskara ikasteko, eta premiak dituztenei ez zaie kasurik egiten. Eskualdeko errealitate soziolinguistikoa onartu behar lukete, inoiz ez dela euskaraz hitz egin", zehaztu du, eta Gobernuak ez dituela "desberdintasunak” gogoko nabarmendu du.

 

Koldo Martínezek (Geroa Bai) adierazi du "Nafarroako Erribera plurala eta askotarikoa” dela. "Langabezia gogorrena eta pobrezia-arriskuaren tasa handiena pairatzen dituen eskualdea da. Esku-hartze plan integral baten beharra du", azpimarratu du.

 

UPNri eta PPri kritika egin die "Erriberako gaitzak Barkosen Gobernuari" egozten dizkiotelako. "Gezur hutsa da Erribera bertan behera utzi dela. Guztion Nafarroaren alde gaude", baieztatu du Martínezek, eta apustu egin du "gizarte kohesioaren eta lurralde orekaren alde".

 

Haren esanetan, Foru Gobernua "urrats sendoak egiten ari da Erriberako joera ekonomiko negatiboari buelta emateko", eta konponbide "ekonomikoagoa” nahi du Nafarroako Ubiderako. "Oposizioko indarren portaera zitalaren aurrean, gure lurraldeko sentsibilitate guztien arteko adostasunaren alde gaude, eta Nafarroan bizi diren pertsona guztien ongizaterako lan eginen dugu".

 

Adolfo Araizek (EH Bildu) adierazi duenez, "UPN, PPN eta PSN dira Erriberan gertatzen ari denaren egiazko erantzuleak". Beraren iritziz, "ezin da jomugan jarri Gobernuko lehendakaria, ez kontseilariak, eta are gutxiago Gobernua babesten dugun indarrok".

 

Gobernuak bi urte hauetan egindako lana txalotu ondoren, Araiz Nafarroako Ubideari buruz mintzatu da. "Oposizioaren proiektua neurriz kanpokoa da eta zalantzazko bideragarritasuna du. Benetan larria dena Erriberaz egin den manipulazioa da".

 

EH Bilduren ordezkariaren ustez, apustu egin behar da "Erribera eskualdearen ideia indartzeko", eta, halaber, "ekoizpen eredu jasangarri baterantz jo behar da Nafarroako eskualde horretan; enplegua sustatu berariazko neurrien bidez, edota nekazaritzako elikagaien sektorea babestu. Hezkuntzaren arloan, euskaraz bizitzeko eta ikasteko eskubidea eta "Erriberako euskaldunak hirugarren mailako herritar” bihurtzen dituen Euskararen Legearen indargabetzea defendatu ditu.

 

Mikel Buil ek (Podemos-Ahal Dugu) ohartarazi du Erribera "leize sozial, ekonomiko eta kultural gero eta sakonago baten aurrean" dagoela eta horren erantzuleak "egun oposizioan dauden taldeak" direla. "Erantzukizun horrek badu zerikusirik bai PPk bai UPNk beren eredu ekonomikoa ezartzeko erabili dituzten politikekin; prekarizazioa eta desberdintasun soziala oinarri dituen eredu horrek ekarri du eskualdea orain jasaten duen egoerara".

 

Hala, haren iritziz, "argi dago eskala handiko konponbide ekonomikoak behar direla kalteak zuzentzeko eta Erriberarako eredu propioa bultzatzeko". Aurrekoaren ildotik, planteatu du enplegua sor daitekeela eraikuntzatik urruti dauden "sektore estrategikoetan", hala nola energia berriztagarrien, nekazaritzako elikagaien edo turismo jasangarriaren arloetan.

 

"Erriberarako garapen plan integral eta berariazkoa" eskatu du. "Hasia dago, baina asko falta da egiteko", azpimarratu du.

 

María Chivitek (PSN) adierazi du Erribera dela "Komunitateko eskualde behartsuena", eta kritika egin du "neurriak berandu iristen direlako edo ez delako batere iristen. Elkarlanaren beharra dago Erribera aurrera ateratzeko", esan du, baina ez die horrelako jarrerarik antzeman "nire aurretik hitz egin duten eledunei".

 

Chiviteren iritziz, "Nafarroako Gobernuak keinuak egin ditu, pauso batzuk eman ditu, baina ez dira aski; Erriberak adabakiak baino zerbait gehiago behar du, konponbide orokorrak behar ditu. Nafarroako Ubiderik gabe, hazteko aukerak kentzen dizkiogu Erriberari".

 

Erantsi du "prestazio handiko trenbidea ere” beharrezko azpiegitura dela, eta bi gobernuen jokabidea deitoratu du, "ez dutelako behar bezala jardun; asko dago egiteko azpiegituren arloan". Azkenik, Erriberan hezkuntza publikoa defendatzeko eskatu du.

 

"Badago lurralde desoreka bat, eta joera horri buelta ematea eginbehar geroraezina dugu. Erriberako eragileen lana da, baita Foru Komunitateko erakundeena ere, lehentasunez”, aitortu du José Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra).

 

Nuinek azpimarratu duenez, egoerak "jokabide irmoa eskatzen du, eta aurrean dugun jokaleku horretan badu erantzukizun politikoa 25 urte iraun duen UPNren Gobernuak, bere ekimen faltagatik, plangintzarik ezagatik. Abandonua besterik ezin zaio deitu UPNk eta PPNk egin dutenari", kritikatu du.

 

Nafarroako Gobernuak azpimarratu du Erriberako joera "positiboa” dela, nahiz eta "aski ez izan", eta legegintzaldiko bi urte hauen ondoren joerak hobera egin duela adierazi du. "Gauzak hobeto doaz Erriberan, eta eskualde horretara ere iritsi da aldaketa".

 

Foru Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Ayerdik esan du Erribera "Nafarroan izugarrizko garrantzia duen" eskualdea dela. "Erriberak hobera egitea ona da hango biztanleentzat ez ezik Nafarroa osoarentzat, eta halaxe sentitzen du Nafarroako Gobernuak".

 

Beraren esanetan, "bizpahiru urte hauetan, egoera ekonomikoaren hobekuntza eta guztion inplikazioa direla medio, bistan da joera positiboa hartu dugula, ez nahikoa baina bai positiboa". Gainera, positibotzat hartu du Eder Partzuergoak gidatzen duen lana. "Hurbil ibiliko gara, arrakasta izaten laguntzeko".

 

Nafarroako Ubidea dela eta, apustu egin du "Ubidearen jarraipenerako lan egitearen alde, tanta bat ere alferrik ez galtzeko", eta proiektuaren bigarren fasearen lizitazioa urrian onetsiko dutela iragarri du.

 

Ayerdik esan du Iruña eta Frankfurt arteko aireko lotura ere ona dela Erriberarentzat, "eta beste erronka, trenbide korridorea, beharrezkoa da. Zaragozaren eta euskal Y-aren arteko lotura lehenbailehen errealitatea izan dadin nahi du Gobernuak".

 

Bestalde, Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak adierazi duenez, "Erriberako garapen maila Nafarroa osokoa baino apalagoa da, historian zehar desberdintasun handiagoak izan dituen gizarte egituraren ondorioz".

 

Azaldu duenez, "bi urte hauen ondoren joerari buelta eman zaio, gauzak hobeto doaz Erriberan, eta aldaketa Erriberara ere iritsi da. Langabezia bizkorrago murrizten ari da Erriberan", baieztatu du, eta Gizarte Segurantzako afiliatu kopuruaren hazkundea nabarmendu du.

 

Laparrak "biraketa sozial garrantzitsua eta gizarte ongizatearen hobekuntza" azpimarratu ditu. "Osasun arloan, aurrekontua hazi egin da, inbertsioak egin dira osasun zentroetan, sendagaien koordainketarako laguntza berriak ezarri dira...", esan du, eta, beste neurri batzuen artean, itxarote-zerrendak laburtu izana nabarmendu du.

 

Ikastetxeetan egiten den inbertsioa handitu egin dela gehitu du Eskubide Sozialetako lehendakariordeak. "Inork ezin izan du sumatu euskarazko hezkuntza inola ere inposatu denik", baieztatu du, eta eskubide sozialetarako baliabideak "nabarmen indartu" direla erantsi du.

 

Miguel Laparrak esan duenez, "etorkinen pisua handiagoa da Erriberako biztanlerian Nafarroa osoko biztanlerian baino. Erriberak kanpotik etorritako biztanle horien beharra du, eta integrazio osoa Erriberako etorkizunaren giltzarri da", azaldu du. Bizikidetzaren aldeko lana defendatu du ondoren.

 

Azkenik, "Erribera bizitzeko leku ona” dela baieztatu du, izan ere "azpiegitura eta ekipamendu maila handia” baitu. Hala, Erriberako jendea goraipatu ondoren, esan du eskualde horrek "garapen ekonomiko eta sozialerako ahalmen handia" duela, eta ez duela "jarrera ezkorren eta diskurtso alarmisten beharrik”.