Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Otsailak 22

Osasun sistema publikoa indartzeko apustua defendatzen du Gobernuak

UPNren interpelazioak baieztatzen du “sekula ez dela osasungintza okerrago kudeatu duen kontseilaririk izan, kea besterik ez diren planen bidez, kronogramarik eta aurrekonturik gabe”

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak, Fernando Dominguezek, Gobernuaren “konpromisoa” defendatu du “osasun sistema publikoa indartzeko, aurrekontu guztietan islatu dugun bezala”, eta itxaron zerrendetako hobekuntzak eta zerbitzu pribatizatuak sistema publikora itzuli izana azpimarratu du.

 

UPNk Parlamentuko Kontrolerako Osoko Bilkuran aurkeztu duen interpelazioaren eztabaidan, Sergio Sayasek baieztatu du “kontseilariak ez duela kudeaketarako gaitasunik” eta adierazi du “sekula ez dela osasun publikoa hain gaizki kudeatu”.

 

Fernando Dominguezek Sayasi galdetu dio “nola ausartzen den Gobernu hau osasun publikoa hondatzen ari dela esatera, aurreko legegintzaldian bere alderdiak ahalik eta murrizketa gehien egin zituenean eta murriztu ez zuten bakarra itxaron zerrendak izan zirenean”.

 

Kontseilariak adierazi du 2018 urtean duela 3 urte baino 30.500 pertsona gutxiago daudela itxaron zerrendan, “nahiz eta egia den oraindik lanean jarraitu behar dugula eta ez garela pozik egongo milaka gaixo zain dauden bitartean”.

 

Gainera azpimarratu du “osasun sistema publikoa indartzeko Nafarroako Gobernuaren konpromisoa Nafarroako aurrekontuetan islatu dela, eta apostu honek esparru asistentzialean eta prebentzioan aurrera egitea ahalbidetu duela, baita UPNk pribatizatuta mantendu dituen lehentasunezko zerbitzuak sistema publikora itzultzea ere”.

 

Legegintzaldian zehar hartutako beste neurri batzuen artean, Dominguezek azpimarratu du departamentuak “osasunaren unibertsalizaziorako apustua egin duela Nafarroan bizitzera etortzen denari lehen egunetik: sexu eta erreprodukzio osasunari buruzko politika berriaren apustua egin du gizartearen errealitate berria artatzeko, zerbitzuen kartera handituz; farmazia koordainketarako laguntza berriak martxan jarri dira, eta zahartze aktiboaren estrategia abiarazi da”.

 

Era berean, Nafarroako Ospitale Gunearen sukalde zerbitzuak publikoak izatera itzultzea azpimarratu du eta “azpiegituretan egin den inbertsio esfortzu nabarmena, 2015eko aurrekontuekin alderatuz %90eko igoerarekin”.

 

Alabaina, Sergio Sayas UPNko parlamentarioak baieztatu du Gobernuaren osasun politika “bi alde dituen sumendi baten antzekoa dela: alde batetik kea bota, eta bestetik labaz estali bidean aurkitzen duen oro. Legegintzaldian zehar kea besterik ez diren planak ikusi ditugu, kontseilariaren espezialitatea baitira, kronograma eta aurrekonturik gabe”.

 

Bestalde, adierazi du departamentuak “osasun kudeaketan ona izan den guztia suntsitu duela. 61 milioi gastatu ditu hitzarmenetan, lehen pribatizazio deitzen zuten horretan. Publikoagatik apustua egiten dute eslogan gisa, baina gero, ezer ez. Utzikeria da haien eredua, osasun sistema defendatzera etorri direla diote baina errealitatean okerrera egin du. Ospitale publikoetan jarduera handitu beharrean, etengabeko pribatizaziora jo dute, oposizioa zirenean kritikatzen zutena egin dute”.

 

Itxaron zerrendei dagokienez, baieztatu du “jasanezina dela Gobernuak 295 milioi euro gastatu izana hain eskasa den kudeaketan. Kudeatzaile xume batek mila buelta emango lizkioke kontseilariari diru horrekin”, ziurtatu du.

 

Sergio Sayasek baieztatu du kontseilariaren kudeaketa “ezin dela okerragoa izan, ez da osasun sistema publikoa hain gaizki kudeatu duen gobernurik sekula izan. Kontseilariak ezin izan du datu bat bera ere mahai gainean jarri. Kea besterik ez du esan”.

 

Bestalde, UPNko parlamentarioak Gobernuari “gardentasun falta onartezina” egotzi dio eta “informazioa ezkutatzen saiatzea”, Tuterako Reina Sofia Ospitaleko legionela kasua dela eta. “Kontseilariak ez du azalpen bat bera ere eman. Aferaren batengatik aurpegia eman behar denean, ezkutatu egiten da eta azpian duen norbaiti pasatzen dio mikrofonoa. Honek berriz ere erakusten du kargua handi datorkiola”.

 

Fernando Dominguezen kritikatu du UPNko parlamentarioak berriz ere “inoiz erabili behar ez denaren inguruko erabilera alderdikoia egin duela”.

 

Koldo Martinezek (Geroa Bai) adierazi du tristea dela erregionalistek gaixo baten heriotza erabiltzea “politika merkea” egiteko. Bakartxo Ruizek (EH Bildu) ere salatu du UPNk “ez duela eskrupulorik kritika politiko bat egiteko heriotza tragiko bat erabili izanagatik”.

Interpelazioaren helburuari dagokionez, Ruizek adierazi du EH Bildun “bereziki pozik” daudela osasungintzan egindako lanagatik, izan ere, “lehen aldiz desberdintasuna gutxiagotzeko apustu argi bat egiten ari baita. Hobe gaude, zalantzarik gabe”, azpimarratu du.

 

Tere Saezek (Podemos-Ahal Dugu) ere “aurrera egin dela” adierazi du, baina oraindik “hobetzeko asko dagoela”.

 

Maria Chivitek (PSN) bere aldetik, aitortu du legegintzaldi honetan “gauza on asko egin direla. Gure osasun sisteman zenbait gauzatan genuen eskuina gainditu dugu eta gauza garrantzitsuak egin dira”.

 

Javier Garcíak (UPN) ohartarazi du “inbertsioak gero eta handiagoak izateak ez duela esan nahi kudeaketa eraginkorragoa denik”, eta departamentuaren “gardentasun falta” kritikatu du. Gainera, gogorarazi du kontseilariak “itxaron-zerrendak murrizteko konpromisoa hartu zuela, baina ez zuela esan nola egingo zuen”.

 

Marisa de Simonek (Izquierda-Ezkerra) adierazi du nahiz eta oraindik “hobetzeko asko dagoen”, departamentuak “lan izugarria egin duela”.