Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Apirilak 27

Osasun arloko lanbide karreraren aplikazio esparrua zabaltzen duen foru legea onetsi da

Gobernuko edozein departamentutan edo haren erakunde autonomoetan lanpostua jabetzan duten fakultatibo guztiei aplikatuko zaie sistema hori, 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera

Parlamentuak, gaur egindako osoko bilkuran, aho batez onetsi du Osasun Departamentuko lanbide karreraren aplikazio esparrua Nafarroako Gobernuko beste departamentuei eta haren erakunde autonomoei atxikitako osasun arloko langile fakultatiboentzat zabaltzen duen foru legea.

 

UPN parlamentu-taldeak aurkeztu duen lege horren bitartez, 11/1999 eta 31/2002 legeetan ezarritako lanbide karreraren aplikazio esparrua zabaltzen zaie Nafarroako Gobernuaren departamentu guztietako eta haren erakunde autonomoetako osasun langile fakultatiboei, baldin eta lanpostua jabetzan badute eta haien sarbide eta izendapenerako beharrezkoa bada Fakultatibo espezialistak edo Beste osasun fakultatiboak izeneko estamentuetarako eskatzen diren osasun arloko titulazioak edukitzea.

 

Hasierako koadramendua ezarritako arauei eta prozedurei jarraikiz egin ostean, kasuan kasuko zenbatekoak 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko dira, eta Osasun Publiko, Administrazio eta Osasun Kudeaketako Ebaluazio Batzordeak eginen du konputua.

 

Arauak xedatzen duenaren arabera, lau maila daude lanbide karreraren sisteman, ordaindutakoak horiek, merezimenduak egiaztatu ondoren, 14 hiletan ordaindu beharreko osagarri bat esleituz. II. maila (2.917,88 euro urtean) eskuratzeko bost urte egin behar dira zerbitzuan, III. maila (5.835,90 euro) eskuratzeko 14 urte, IV. maila (8.753,78 euro) eskuratzeko 22 urte, eta V. maila (11.671,80 euro urtean) eskuratzeko 29 urte egin behar dira zerbitzuan.

 

Mailaz igotzeko, laguntza-jarduerak eta lanbide-hobekuntza eta -eguneraketako jarduerak ere aintzat hartuko dira.

 

Foru Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako osasun langile fakultatibo finkoak administrazio bereko beste departamentu baten menpe egotera pasatzen badira, jatorrizkoan aitortu zaien lanbide karrerako mailari eutsiko diote, baita borondatez aldatzen diren kasuetan ere.

 

Salbuespenez, Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako osasun arloko langile fakultatibo finkoei aitortu eginen zaizkie lanbide karreraren sistema ezarrita ez duten Foru Administrazioko lanpostuetan halako langile gisa egindako zerbitzuak.

 

Aldi baterako kontratuen bitartez emandako zerbitzuak ere aintzat hartuko dira. Legea erregelamendu bidez garatzen denean zehaztuko da alderdi hori, ukitutako langileen segurtasun juridikoa zaintzeko.

 

Toki erakundeen (Iruñeko eta Tuterako udalak) menpeko osasun arloko langile fakultatiboak, bestalde, lanbide karreraren sisteman sartu ahalko dira baldin eta udalbatzak hala erabakitzen badu.

 

Gogoratuko denez, Nafarroako Parlamentuak iragan abenduaren 15ean aho batez onetsi zuen Osasun arloko langile diplomadunei aplikatu beharreko lanbide karreraren sistema ezartzen duen 23/2016 Foru Legea, Osasun Departamentuari eta haren erakunde autonomoei atxikitako langileak bazter utzita, maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legeak aipatu osagarria aitortu baitzien jada.

 

Lanbide karrerak langileak lortutako garapenaren aitorpen publikoa, berariazkoa eta banakakoa dakar, artapen-, irakaskuntza- eta ikerketa-lanetan zein norbera atxikita dagoen unitatearen xedeak betetzeko eginkizunetan eskuratutako ezagutzei eta esperientziari dagokienez.

 

  • www.nafarroakoparlamentua.eus
  • Foru lege proposamena (8. NPAO, 2017-01-12koa)
  • Zuzenketak (50. NPAO, 2017-03-28koa)
  • Irizpena (58. NPAO, 2017-04-11koa)