Noiz argitaratua Astelehena, 2007.eko Azaroak 5

Onetsi egin da Nafarroako Parlamentuaren 2008rako aurrekontua

Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du Nafarroako Parlamentuaren 2008rako aurrekontu-proiektua. Aurrekontuaren zenbatekoa 12.904.740 eurokoa da. Horrek esan nahi du % 3ko gorakada izan duela 2007ko aurrekontu bateratuarekin alderatuta.

Proiektu hori Nafarroako Gobernuari igorriko zaio, Nafarroako 2008rako aurrekontu orokorren proiektuan txerta dezan. Gobernuak aurki bidaliko dio Nafarroako Parlamentuari Nafarroako aurrekontu orokorren proiektu hori, bertan eztabaidatu eta, kasua bada, onesteko.

Hona aurrekontua, kapitulu ekonomikoka xehakatuta:

I. kapitulua Langile gastuak 6.719.517 €

II. kapitulua: Gastuak, ondasun arrruntetan eta zerbitzuetan 2.444.540 €

IV. kapitulua: Transferentzia arruntak 2.767.296 €

VI. kapitulua: Inbertsio errealak 786.905 €

VIII. kapitulua: Aktibo finantzarioak 55.737 €

IX. kapitulua: Pasibo finantzarioak 130.745 €

I. kapituluko 6.719.517 euroek Legebiltzarraren guztizko gastu-aurrekontuaren % 52 egiten dute. Kapitulu horrek % 35,8ko gorakada izan du 2007ko aurrekontuarekin alderatuta, hauxe izan delako parlamentu-jarduera profesionalizatuaren lehenbiziko urte osoa. Gainera, kapitulu honetan sartu da aurreko ekitaldian II. kapituluan zegoen kontusail bat, "Parlamentarien ordainsariak" izenekoa, zeinak 2008an beste izen bat hartuko baitu: "Parlamentarien dieta-ordainketak". Kontusail hori erabiliko da dieta-sistema aukeratu duten parlamentariei ordaintzeko.

Horrez gain, kapituluak beste gehikuntza baten eragina pairatu du, oro har ordainsari guztiei aplikaturiko % 2ko igoeraren ondoriozkoa, bai eta parlamentu-taldeen 13 laguntzaileei dagozkien behin-behineko langileriaren ordainsarien ondoriozkoa. Halaber, gradu-aldatzeei, antzinatasunari, famili laguntzari eta ordainsarien arloko akordioetatik eratorritako bestelako konpromisoei aurre egiteko I. kapituluko funtsa gehitu egin da, bai eta plantillako postu hutsen behin betiko betetzea ere.

II. kapituluaren zuzkidura ekonomikoa 2.444.540 eurokoa da (gastu guztien % 19), eta, 2007. urtearekin alderatuta, % 21,9ko beherakada izan du; batez ere, lehen aipaturiko kontusaila I. kapitulura tokiz aldatzearen ondorioz.

IV. kapitulua 2.767.296 eurokoa da (gastu-aurrekontuaren % 21), eta horrek esan nahi du % 3,2ko beherakada izan dela 2007. urtearekin alderatuta, Legebiltzarra osatzen duten taldeen kopurua murritzagoa izatearen ondorioz. Kapituluaren % 95 bideratuta dago parlamentu-taldeentzako ordainsarietara eta unibertsitateekiko hitzarmenak finantzatzera, bai eta "Bakea eta Askatasuna Saharan” parlamentu-taldeen arteko taldearen eta Giménez Abad fundazioaren jardueretarako zuzkidura batera.

Inbertsioen kapituluak % 45eko beherakada agertzen du 2007ko gastuekin alderatuta; horren zergatia da Parlamentuaren egoitzako garajearen sarbiderako egokitzapen-lanak bukatu direla. 2008rako aurreikusitako guztizko zenbatekoa 786.905 eurokoa da.