Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Urriak 19

Nafarroako Poliziei buruzko Foru Lege proiektua dela eta UPN, PSN, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek sostengatutako osoko zuzenketa onetsi da

GB eta Bilduk baino ez dute testuaren alde egin eta Osoko Bilkurak Gobernuari itzuli dio, kritika artean, sindikatuek ez dutelako proiektua babesten eta eskumenen nahiz baliabideen aldetik eredua zehaztugabea delako

 

Parlamentuak, gaur egindako Osoko Bilkuran, onetsi egin du PSN, UPN, PPN, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek Nafarroako Poliziei buruzko Foru Lege proiektua dela eta sostengatutako osoko zuzenketa. Geroa Baik eta EH Bilduk aurkako botoa eman dute.

 

Lege proiektua Gobernuari itzultzea erabaki da PSNren osoko zuzenketa, erregistratu diren lauretatik lehena, bozkatu ondoren. UPN, PPN eta I-Ek alde bozkatu dute eta Podemos-Ahal Dugu abstenitu egin da (ez da UPNren, PPNren eta Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren zuzenketak bozkatu beharrik izan). Horrela amaitu da Legebiltzarrean iragan apirilean sartu zen testuaren izapidetzea. Zuzenketak aurkezteko epea irailaren 30era arte luzatu ondoren, azkenean proiektua bertan behera geratu da babes faltagatik.

 

Nafarroako Poliziei buruzko Foru Lege proiektua Nafarroako Gobernuaren 2017ko apirilaren 12ko erabakiaren bidez igorri zitzaion Foru Legebiltzarrari, eta bi egun geroago argitaratu zen Parlamentuko Aldizkari Ofizialean.

 

PSNk aurkeztutako osoko zuzenketan azaltzen denez, foru polizia integral eta erreferentziazko bat lortu nahi da, malgutasunean, berehalakotasunean eta polizia-langileen prestasunean oinarritutako eredu berri batetik abiatuta, baina asmo hori zehaztu gabe dago eskumenen, ekonomiaren eta baliabideen aldetik. Haren iritziz, proiektuak “okerragotu egiten ditu lan-baldintzak, estatutu desberdin bat sortuz, soilik balio duena osagarri batzuk sortzeko eta beste batzuk ezabatzeko, egiturazko gabezia den giza baliabiderik eza estali nahian”.

 

“Lortuak ziren eskubideen galera” udaltzaingoetara ere hedatzen du sozialisten kritikak, eta honako hau eransten du: “proiektuak eragiten dien eragile sozial guztien arbuioak argi uzten du Gobernuak ez duela inongo borondaterik negoziatzeko; hutsegiteak zuzendu ordez, Gobernuak Parlamentuari leporatzen dio funtzionarioen lan baldintzak negoziatzeko garaian berari dagokion ardura”.

 

UPNk dioenez, bestalde, proiektuak “ez ditu konpontzen kudeaketa eta antolamendu arloko arazoak, zeinak 2015eko Legearen aplikaziotik heldu baitira; aitzitik, areagotu egiten ditu”, ez dielako aurre egiten funtsezko alderdi batzuei, hala nola “Foruzaingoaren eta tokiko polizien eskumenak zehaztu beharrari”. Horrela “linboan uzten du udaltzainen figura”. Horregatik guztiagatik, “adostasun eza” azpimarratu ondoren, ekimenak “akordio politikoari bizkarra” ematen diola argudiatzen du.

 

Ildo berean, Gobernuak “negoziatzeko batere borondaterik” ez duela eta “Foruzaingoko sindikatu, udaltzain, tokiko polizia eta polizia-laguntzaile guztiak” aurka daudela nabarmendu ondoren, PPNk gogora dakar berak negoziazio mahai bat eratzea proposatu zuela, eta “ukitutako alde guztien itxaropenak egiaz asebeteko dituen” beste foru lege bat jorratzeko eskatzen du.

 

Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeek honela justifikatzen dute beren jarrera: “foruzainen eskubideak eta lan-baldintzak ukitzen dituzten edukiek haien ordezkari legitimoen behar adinako babesa behar dute, eta ez da halakorik lortu; tokiko poliziek ere zenbait erreibindikazio historikoren gaineko akordioa lortzearen baldintzapeko akordioa eskaini zuten, baina proiektuak ez du azkenean halakorik jaso”.

 

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont, aldiz, lege proiektuaren alde mintzatu da, Nafarroako polizien “eraginkortasun osoa bermatzeko behar bezain malgua den araudia” dakarrela esanez. Haren ustez, horrela bakarrik lortu ahalko da “Nafarroako herritarrentzako polizia zerbitzuaren prestazioa murriztu beharrik izan gabe gero eta eskumen gehiago hartzea, horietako asko eskumen esklusiboak”.

 

Barnera begira, polizia funtzioaren berezitasuna dela eta, Beaumontek estatutu propioa eta bereizia ezartzeko aukera eskatu du, Foru Komunitatearen errealitate sozialari egokitutako antolamendua ahalbidetuko duena, baita hizkuntzaren arloan ere, halako moduan non zerbitzua Nafarroako bi hizkuntza ofizialetan ematea bermatuko baita.