Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Irailak 28

Nafarroako Parlamentuak uko egin dio “Kataluniako maniobra sezesionistak” arbuiatzeari

UPNk “bizikidetasunaren haustura aldebakarraren” aurrean “elkarrizketaren bidez eta legearekiko errespetuz” aritzeko egindako deiarekin PSNk eta PPNk baino ez dute bat egin

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur atzera bota duen mozio batek proposatzen zuen Legebiltzarrak arbuia zezan “Katalunian abiarazitako erronka sezesionista, bai eta hango herritarrak atzerritar bihurtzeko ahalegina ere”, eta adieraz zezan “katalan herritarrekin ordenamendu instituzional eta juridiko bat bera partekatzen jarraitzea dela bere borondatea”. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek mozioaren aurka bozkatu dute, eta UPN, PSN eta PPNk alde.

 

Baztertutako mozioaren bigarren puntuan hau adierazteko eskatzen zitzaion Foru Legebiltzarrari: “arbuiatu egiten duela erakunde publikoak erabiliak izatea legezkotasun demokratikoa urratzeko, delitu bat zeinaren aurrean ez baitago neutral gelditzerik”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak bultzatutako mozioak nabarmentzen zuen Nafarroako Parlamentuak ezin duela “besterik gabe pasatzen utzi Kataluniarengandik bereizia izateko ahalegin hori, nafarrok lotura kultural eta historiko estua baitaukagu erkidego horrekin”, eta arazoak betiere “elkarrizketaren bidez eta legearekiko errespetuz” konpondu behar direla “zer-nolakoak diren alde batera utzita”. Izan ere, mozioaren arabera, “bizikidetasunaren haustura aldebakarra ezin da sekula ere helburu zilegia izan demokrazia batean”.