Noiz argitaratua Astelehena, 2017.eko Azaroak 13

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du berrazter dezan Urrezko Domina Arturo Campióni emateko erabakia

Legebiltzarrak babesten du diabetesaren alorrean funtsezkoak diren botika eta teknologiak eskuratu ahal izatea, eta bat egiten du “Nik doan lan egiten dut” sexuak eragindako soldata-diskriminazioaren aurkako kanpainarekin

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten baitu Nafarroako Gobernuak Urrezko Domina Arturo Campióni emateko erabakia. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpena UPN, PSN, PPN eta I-Eren botoekin onetsi da; Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak eta Podemos Ahal Duguk aurkako botoa eman dute.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Parlamentuak Nafarroako Gobernuaren erabakia errefusatzen du, Urrezko Domina Arturo Campiónen figurari ematekoa.

 

2. Parlamentuak Gobernua premiatzen du birpentsa dezan erabaki horri sostengua ematen dion foru agindua”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak uste du diabeteserako botika eta teknologiak eskuratu ahal izatea ezinbestekoa dela emaitzak lortzeko. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak uste du diabetesaren alorrean emaitzarik onenak lortzeko ezinbestekoa dela diabeteserako funtsezkoak diren botika eta teknologiak eskuratu ahal izatea, bai eta autokontrolerako heziketa eta informazioa ere.

 

2. Nafarroako Parlamentuaren ustez, haurdunaldiaren aurreko eta ondorengo osasuna eta elikadura, bai eta haurtzaroaren lehen urteetakoa ere, 2. motako diabetesaren prebentziorako estrategien barruan sartu beharrekoak dira.

 

3. Nafarroako Parlamentuak adierazten du beharrezkoa dela osasuna eta diabetesaren nahiz haurdunaldiko diabetesaren diagnosi goiztiarrak sustatzea, eta diagnosi horiek sartu behar direla jaio aurreko arretako bisita guztietan.

 

4. Nafarroako Parlamentuak adierazten du beharrezkoa dela osasun alorreko langileek prestakuntza jasotzea, haurdunaldian zehar diabetesa identifikatu, tratatu, kontrolatu eta horren jarraipena egin ahal izateko.

 

5. Nafarroako Parlamentuak uste du garrantzitsua dela bizitza estiloari buruzko programa integralak aurrera eramatea, elikadura eta jarduera fisikoa hobetzekoak”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu sexuagatiko soldata-diskriminazioaren aurkako “Nik doan lan egiten dut” kanpainarekin. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Aldeko botoa eman dute talde parlamentario eta foru parlamentarien elkarte guztiek, EH Bildu Nafarroak salbu, abstenitu egin baita lehenengo puntuan.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

1.- Nafarroako Parlamentuak bat egiten du “Nik doan lan egiten dut” kanpainarekin.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak adierazten du beharrezkoa dela Espainiako Gobernuak emakumeen eta gizonen arteko soldata-berdintasunerako lege bat lehenbailehen gara dezan, ordainsari-desberdintasuna desagerraraziko duena eta etxeko nahiz zaintzako lanetan emakumezkoek jasaten duten gainkargari amaiera emanen diona, Kongresuak aurtengo otsailean premiatu zuen moduan.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak adierazten du beharrezkoa dela Espainiako Gobernuak bete ditzan Europako Batzordeak soldata-berdintasunaren alorrean emandako gomendioak eta, zehazki, gure legedian jasotzea “balio bereko lana” kontzeptuaren definizioa.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak adierazten du beharrezkoa dela Nafarroako Gobernuak baliabide gehiago jartzea soldata-arraila murrizteko, justiziari eta ekitateari dagokien arazo bat baita”.