Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Otsailak 16

Nafarroako Parlamentuak Gorte Nagusiak premiatzen ditu berehala ekin diezaioten terrorismo-delituaren kalifikazioa aldatzeari

Altsasuko bederatzi gazteei terrorismo-delitua egoztea “neurrigabe”tzat jotzen du eta “zigor arloan normaltasuna berreskuratzeko” eskatzen du

Parlamentuak, gaurko osoko bilkuran onetsi duen erabaki batean, Gorte Nagusiak premiatzen ditu “presako izaerarekin ekin diezaioten Zigor Kodeko 573. artikulua eta martxoaren 30eko 2/2015 Lege Organikoak ezarritako terrorismo-kalifikazioa aldatzeari”. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, eta I-Ek aldeko botoa eman dute, eta UPN, PSN eta PPNk aurkako botoa eman dute.

 

Erabakiaren bigarren puntuan, bestalde, Parlamentuak honako hau onetsi du: “Erabaki hau Diputatuen Kongresuko eta Senatuko mahaiei helaraztea, bi legebiltzarretako parlamentu-taldeei igor diezaieten”.

 

Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak sustatu dute erabakia. Zioen azalpenean adierazten dutenez, “bada garaia zigor arloan normaltasuna berreskuratzeko, eta eskubide eta askatasunen sistema batean gai horrek behar dituen bermeak eta gutxieneko mailak berrezartzeko, funtsezko ekarpena baita gure gizartean bizikidetza normaltzeko, ia desagerturik dagoen ETA erakunde terroristarekin zerikusia duen guztian”.

 

Ildo horretatik, Altsasun joan zen urrian bi guardia zibilen ustezko erasotzaile gisa identifikatutako bederatzi gazteen aurkako sumarioa dela eta, “neurrigabe”tzat jotzen da haiei terrorismo-delitua egoztea, eta martxoaren 30eko 2/2015 Lege Organikoaren bitartez Zigor Kodeko 573. artikuluan terrorismoaren tipo penalari egindako aldaketaren “zehaztasun falta” gaitzesten da.

 

Proposatzaileen esanetan, “terrorismo kontzeptuari ipini zaizkion muga lausoak eta jurisprudentziarik eza” gehitu zaizkio “salbuespenekotzat jo beharreko interpretazio-jardunen eta lege-aldaketen” zurrunbiloari. Hori, duela bost urte baino gehiagotik ETAren jarduera etenda dagoelarik, bereziki anakronikoa iruditzen zaie.

 

Azkenik, “ikertuei egozten zaien jokaeraren larritasuna eta edozein erasoren biktimari zor zaion elkartasuna gutxiesteko asmorik gabe”, gogora ekartzen da “mundu juridikoan iritzi aditu askok okerra iritzi diotela egoera arrunt batean zigor-zuzenbideko zehapen arrunta besterik ekarriko ez luketen egitateen tipifikazioari”, eta Gobernua babesten duten lau indarrek konpromisoa hartu zutela “zigor- eta espetxe-arloetako salbuespenezko neurriak amaitzeko ekimenak bultzatzeko”.