Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Irailak 10

Nafarroako Parlamentuak Atena Fundazioaren “Kushrioseando” erakusketa inauguratu du

Irailaren 25era arte ikusgai egongo den bilduma surrealismoaren erreferente den Vladimir Kush artista errusiarraren obran oinarrituta dago

Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Ainhoa Aznarez Igarzak, gaur eguerdian Kushrioseando erakusketa inauguratu du, Musika, Dantza, Artea eta Desgaitasun Eskolako ikasleek Vladimir Kush artista errusiarraren obran oinarrituta sortu duten izaera ibiltaridun bilduma.

 

Lehendakariaren hitzetan, erakusketak “ibilaldi bat eskaintzen du gure irudimenean barrena, bizi dugun egunerokotasunean zehar, beharrezkoa zein zoragarria den fikzio dosi horregatik ez balitz, izaki bizigabe batzuk bilakatuko ginateke, ezer sentitzeko gai izan gabe. Zuen lanek, oinarritzat hartu duzuen egileak bezala, amesteko gonbidapen bat osatzen dute, prozesu dibertigarri eta sortzaile baten bidez mugarik gabe amesteko”.

 

Hala, Atena Fundazioak Kush-en munduaren inguruan egindako interpretazio “bikaina” azpimarratu ostean, Aznarezek gizarteratzearen eta gaitasunen indartze eremuan dihardutenen lana nabarmendu nahi izan du, “integrazioa borondate eta metodologia afera bat baita, kasu honetan berezkoa eta berritzailea. Zoriondu nahi zaituztet”.

 

Jarraian, Arantza Garatea Elzaburuk, Atena Fundazioko Zuzendariak, bildumaren jatorria azaldu du, “Fundazioko ikasle guztiek” parte hartu duten bildumaren jatorria, eta erakusketaren ziklo ibiltaria “Nafarroako Parlamentuko ataria bezalako leku esanguratsuan” itxi ahal izateagatik eskerrak eman dizkio lehendakariari.

 

Ondoren, Saioa Iturrik, Fundazioaren Arte Eskolako ikasleak, prozesu sortzailearen atalak azaldu ditu eta bertaratu den jendea erakusketako ibilbidean zehar lagundu du.

 

Ekitaldia Ganberaren egoitzako atarian izan da, eta beste batzuen artean, Unai Hualde, Parlamentuko Lehen Lehendakariordea, Maiorga Ramirez, Mahaiko Lehen Idazkaria, Javier Esparza, Maribel García Malo, Ana San Martín (UPN), Isabel Aranburu, Virginia Alemán, Consuelo Satrústegui (Geroa Bai), Inma Jurío eta Ainhoa Unzu (PSN) bertaratu dira.

 

Kushrioseando bilduma 18 margolanez osatuta dago (1.20 x 0.80 metroko mihisak) eta Vladimir Kushen irudimena islatzen dute, bizitzaren metaforetan eta paisaia eta elementu naturaletan oinarritzen den artista polifazetikoaren irudimena. Legebiltzarreko atarian ikusgai egongo da irailaren 25era arte, 10etatik 20etara astelehenetik ostiralera eta larunbatetan, 11:30etatik 14:00etara.

 

Ohikoa denez, erakusketa hau Kultur Atrio ekimenaren barnean dago, 2016ko otsailaz geroztik Parlamentuak artista desberdinei eta kulturari ateak ireki nahi izan dizkie ekimen honen baitan.

 

Ekintza artistikoek gaitasun intelektual, emozio eta psikomotoreak indartzen dituztela pentsatuta, senide talde batek bultzatuta sortu zen 2001. urtean Atena Fundazioa, desgaitasuna duten pertsonen garapen integrala sustatzeko. Helburu honekin, bizi kalitatea hobetu asmoz eta laguntza eskaintzeko, metodologia berritzaile bat erabiltzen dute artea eta pedagogia uztartuz.