Noiz argitaratua Ostirala, 2019.eko Urtarrilak 11

Nafarroako Kultur Eskubideei buruzko Foru Legea onetsi da

Kudeaketarako gardentasuna eta erantzukidetza bermatu nahi dira eta politikak prestatu eta ebaluatzeko garaian herritarren eta kultur sektorearen parte-hartzea erraztu

Parlamentuko Osoko Bilkurak Nafarroako Kultur Eskubideei buruzko Foru Legea onetsi du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN, PPN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPNren abstentzioarekin.

 

Gobernuak bultzatutako legearen xedea da “herritarren kultur eskubideak bermatu eta sustatzea, honakoak defendatuko dituzten kultur politikak bultzatuz: kulturaren balioa, denon ondasuna den aldetik, eta kulturarako irispidea izateko eta kultur bizitzan parte hartzeko eskubideak, gizarte berdinzaleagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko zutabeak diren aldetik”.

 

Horren ildotik, kultura “enplegua sortzeko eta garapen ekonomikorako eragile garrantzitsua” izateaz gain, elementu “integratzailea, eraldatzailea eta dinamizatzailea” ere badela jakinik, araua saiatzen da kultur eskubideen erabilera errazten: “sormen-gaitasunerako pizgarri izanen da, eta arte adierazpenetarako babes, eta kultur arloan lan egiten dutenen eta sorkuntza industrietako ekintzaileen zereginari babesa eta aitortza emanen dizkio”, behar adinako aurrekontu-neurriak hartuta, betiere.

 

Testuinguru horretan, aipamena egiten zaio literatur sorkuntzari, eta hura sustatu eta babesteko berariazko planak, programak eta tresnak ezartzen dira, beste arte-jarduera batzuekin eta giza eta gizarte zientziekin zerikusia duten gaien azterketara, kritikara eta ikerketara heda daitezkeenak.

 

Hala, bada, “askatasuna, aniztasuna, pluralismoa eta diskriminazio eza”, besteak beste, “kultur identitatea aukeratzeko” ahalmena ematen duten balioak direlakoan, horiekin bat etorriz, norberak aukeratutako hizkuntzan iritzi eta adierazpen askatasuna izateko eskubidea jasotzen da, “Nafarroako hizkuntza ofizialen gaineko araudian xedatutakoa ukatu gabe”.

 

Bestalde, Foru Komunitateko kultur ekipamenduetarako irispide fisikoa eta birtuala arautzen dira, azken kasu horretan informazioaren teknologiak eta kultur bitartekotza direla medio. Horretarako, Nafarroako Kulturaren Atari Digitala aipatzen da, kultur ekipamenduen hedapenerako eta informaziorako tresna izanen dena. Nafarroako Gobernuak gehienez hiru urteko epea izanen du hura ezartzeko. Aldez aurretik, legea onesten denetik sei hilabete igaro baino lehen, atariaren diseinuaren proiektua aurkeztu beharko du, “Parlamentuak ezagutu eta hartan parte hartu ahal dezan”.

 

Bereziki, Nafarroako Kultur Ondarearen parte diren ondasunetarako irispidea sistematizatzen da, ondare immateriala eta dokumentu-ondarea ere barnean hartuta (horien digitalizazioa sustatuko da), eta azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legean adierazitako bisita publikoa baimentzeko betebeharra ezartzen da. Aurreikuspen hori Eliza Katolikoaren jabetzako ondasunei ere aplikatuko zaie.

 

Nafarroako Kultur Ondareko ondasunen jabe edo edukitzaile diren pertsonen edo entitateen betebeharretako bat izanen da jendearen doako bisitarako baimena ematea, hilean lau egunez gutxienez eta lau orduz egunean gutxienez, aurretik adierazitako egun eta orduetan. Ondasun higigarriei dagokienez, betebehar horren ordez gordailua egiten ahalko da kultura arloko departamentu eskudunak ikusgai jartzeko erabakitzen duen zentroan.

 

Jabeek onartu beharko dute, halaber, beren ondasun higigarriak maileguan uztea Nafarroako administrazio publikoek antolatu edo sustatutako erakusketa publikoetarako. Gainera, behar bezalako egiaztagiria duten ikertzaileei baimena eman beharko diete Nafarroako Kultur Ondareko Ondasunen Erregistroan inskribatuta dauden ondasunetarako sarbidea izan dezaten. Kasu horietan guztietan, mailegu eta gordailuak gehienez ere 60 egun naturaletan eginen dira urtean.

 

Liburutegi eredua egokitu nahi da, sistema digital hurbilagoa eta gizartearen beharretarako egokiagoa erabil dezan, eta horretarako behar bezala moldatuko dira eskaintzen diren zerbitzuak eta irakurketa planak.

 

Beste arlo batean, Nafarroako administrazio eta erakunde publikoen argitalpenak eskuratu eta erabiltzeari dagokionez, erabaki da aukera ematea sorrera eskubideak lortzeko eta gerora lagatzeko (copyfarleft lizentziak), kultura aske eta prokomunaren printzipioei jarraituz.

 

Zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloan, nabarmentzekoa da Nafarroako Zinematekaren eginkizunen arautzea. Eginbehar hauek izanen ditu, besteak beste: bere ondare zinematografikoaren zabalkunde lana egitea, hura berreskuratzea, zaintzea, babestea eta artxibatzea.

 

Ohartarazten da kultur izaera nabarmeneko ikus-entzunezkoen sorkuntza soilik sustatuko dela, propagandarako edo merkataritzarako produkzioei laguntza publikorik ez emateko, “halakorik bultzatu eta sustatzea ez delako lege honen helburuan sartzen”.

 

Arte eszenikoak eta musika direla eta, haien adierazpide soziokultural eta artistikoek gizartean prestigioa har dezaten begiratuko da, praktika sustatuz. Sektore amateurraren garrantzia azpimarratzen da eta kultur politikak prestatzen eta garatzen parte hartzeko aukera emanen zaio, sektore profesionalaren kalterik gabe.

 

Kultur bizitzan eta kultur arloko politika publikoekin zerikusia duten erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzeari dagokionez, testuak Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu irekiari buruzko Legera jotzen du, banako gisa nahiz taldean “kultur eta sorkuntzako adierazpideen sustapenean” parte hartzeko eskubidea aldarrikatzeko, beste arau batzuetan xedatutakoa ukatu gabe.

 

Bestalde, kultur sektoreetan lan egiten dutenen profesionalizazioa bermatzeko helburuaz, Departamentuak sustatu eginen ditu kudeatzaile, liburuzain, artxibozain, sustatzaile, ikertzaile, bitartekari, teknikari eta beste batzuen aitortza, prestakuntza, gaikuntza eta espezializazioa, “desafio berriei erantzun kualifikatua emateko eta kultur sektoreen garapen iraunkorra bermatzeko”.

 

Legean jasotakoak udalerrien eskumenei ere eragiten die. Bereziki, udalerriek kultur ondare immaterialari zabalkundea eta balioa ematea begiratuko dute, herri kulturak eta kultura tradizionalak beren testuinguru historiko eta kulturalean nahiz lurraldean kokatuz. Eremu orokorragoan, kultur ekintzarako planak prestatuko dituzte eta kultur elkarteak sustatu eta babestuko dituzte. Legeak adierazten du, halaber, udalerriek kultur zerbitzu jakin batzuk sustatu behar dituztela, bakarrik edo udalez gaindiko entitateen bitartez.

 

Esparru horretan, erabiltzen ez diren espazio publikoen “errentagarritasun soziala” hobetze aldera, proiektatzen da espazio horiek erabilgarri egotea sorkuntzaren edo kudeaketaren aldetik berritzaileak diren arte eta kultur ekimenetarako, eta espresuki aurreikusten dira “kogestioa eta autogestioa”.

 

Era berean, Nafarroako udalerriei agintzen zaie neurriak har ditzatela hurbiltasuneko kultur ekipamenduak edukitzeko (langile profesionalak dituztenak), “kogestio edo autogestio” ereduaren bitartez.

 

Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseilua kultur arloko kontsulta eta aholkularitza organoa da. Eskumena duen kontseilaria izanen da lehendakaria, eta genero parekotasuna bermatuko da osaketan. Kontseiluko kideak Foru Administrazioaren ordezkariak, toki entitateenak, kultur entitateenak eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluarenak izanen dira, kultur esparruan entzute handia duten pertsonez gain. Nolanahi ere, Nafarroako Kultura Kontseiluko egungo kideek berek osatuko dute hura ordezkatuko duen kontseilu berria, agintaldia amaitzen zaien arte.

 

Kontseiluaren eginkizuna izanen da, Nafarroako Kulturaren Plan Estrategikoaren eta departamentuaren ekintza planen jarraipena eta ebaluazioa egiteaz gain, Vianako Printzea Kulturaren Saria nori eman proposatzea Nafarroako Gobernuari.

 

Finantza eta tributu arloan honako hauek aurreikusten dira: kulturaren finantzaketa publikoa, diru-laguntzen eta bestelako laguntzen ezarpena, kultur mezenasgoaren hedapena (batez ere mikromezenasgoarena), eta kultur ekintzailetzarako funtsen sorrera eta krediturako irispidea.

 

Xede horrekin, sortzaileen, artisten eta kultur arloko profesionalen lanaren “espezifikotasuna” aitortzeko, Nafarroako zerga araudia Artistaren Estatutuari buruzko Azpibatzordearen txosten batean jasotako proposamen eta gomendioei egokituko zaie (Prestazio publikoak eta jabetza intelektualeko eskubideen nahiz sorkuntza jardueren bidezko diru-sarrerak bateragarri izateari buruzko txostena).

 

Era berean, beharrezkoa ikusten da zergen ikuspuntutik tratamendu “arrazoizkoa, orekatua eta bidezkoa” ematea kolektibo horri, lanean jarraitzearen eta beren prestazio publikoak galtzearen arteko hautua egitera ez behartzeko. “Gizarte moderno batek ezin dio uko egin sortzaile eta artisten kapital intelektualari. bereziki heldutasuneko etapan”.

 

Bestalde, legea indarrean jartzen denetik urtebeteko epean, Kultura Departamentuak zerbitzu-gutunak onetsi beharko ditu, eta bertan zehaztuko du zein diren bermatutako prestazioak bere eskumen esparruetan.

 

Azkenik, erabaki da 16 urtetik beherakoak dantzaleku, diskoteka eta antzekoetan sartu ahalko direla zuzeneko emanaldiak daudenean. “Beren guraso edo tutoreekin sartu beharko dira, eta emanaldia amaitzen denean adingabeak ezin izanen dira establezimenduan geratu”. Hala, “adingabeek kulturarako duten eskubidearen eta haien babesa segurtatzeko betebeharraren artean behar den oreka bermatu” nahi da. Talde eta elkarte guztiek sinatu duten zuzenketa horren ondorioz aldatu eginen da martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legearen 10. artikuluaren 5.a) apartatua.

 

 

  • www.nafarroakoparlamentua.eus
  • Foru lege proiektua (118. NPAO, 2018-10-02koa)
  • Zuzenketak (135. NPAO, 2018-11-08koa)
  • Irizpena (140. NPAO, 2018-11-19koa)