Noiz argitaratua Ostirala, 2018.eko Apirilak 27

Nafarroako Ijitoen Eguna ospatzeko ekitaldia

Ainhoa Aznárezek ohartarazi du emakume ijitoek oraindik diskriminazio bikoitza jasaten dutela, eta herrien arteko senidetasunaren eta elkartasunaren bidetik ibiltzeko eskatu du

Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez Igarzak gaur eguerdian harrera ofiziala egin die Foru Komunitateko ijitoen erakundeei, Nafarroako Ijitoen Eguna dela eta.

 

Harrera-ekitaldian Nafarroako himnoa eta Gelem, Gelem ijitoen nazioarteko himnoa interpretatu dira, eta ondoren Ainhoa Aznárez Igarzak hitz egin du. Dibertsitatea nabarmendu du, “Nafarroako komunitatea aberasten eta garatzen laguntzen duen faktorea den aldetik; duela 583 urte iritsi zineten eta egokitzeko gaitasuna erakutsi duzue, bai eta zuen kultura inspiratzen duten printzipioak ere: elkartasuna, familia eta askatasuna”.

 

Horren haritik, ijito herriak ekarpen garrantzitsua egin duela azpimarratu ondoren, Aznárezek gogora ekarri ditu “oraindik irauten duten diskriminazio zantzuak, bere irudia historian zehar erne diren estereotipo eta aurreiritziei lotuta —gero eta gutxiago, egia esan— daukan kolektibo bati dagokionez”.

 

Testuinguru horretan, emakume ijitoak aipatu ditu berariaz, “emakume eta ijito izateagatik diskriminazio bikoitza” jasaten dutela esanez. Gero lehendakariak “herrien arteko senidetasunaren eta elkartasunaren bidetik ibiltzeko” eskatu du.

 

Bukatzeko, “gaur festa eta ospakizun eguna dugu —esan du Ainhoa Aznárezek—, baita gorazarre eguna ere, oraingoan Txuntxuneroa omentzeko, zuek ijito eta nafar izateaz duzuen harrotasuna ezin hobeki hezurmamitzen duen gizona. Zaretenaren muinari eusten jarraitzea espero dut soilik, horrexek ahalbidetu dizuelako zuen herria bezain heterogeneoa den gizarte honen oparotasunerako ekarpena egitea”.

 

Juan José Jiménezek, Gaz Kaloko lehendakari eta Nafarroako ijitoen erakundeen bozeramaileak, “Parlamentuaren babesarengatik esker ona” agertu du. “Guri ateak zabaltzen jarraituko ahal duzue, gaur bezala gure kulturaren berri ematen segitu ahal izateko, ijitoak bai, baina nafarrak ere bagarelako”, erantsi du.

 

Amaitzeko, Jiménezek gogorarazi du 2007an izendatu zela apirilaren 27a Nafarroako Ijitoen Eguna. Izan ere, 1435eko apirilaren 27an sartu ziren lehenbiziko aldiz ijitoak Nafarroako lurretan, Artxibo Nagusian gordeta dagoen aztarna dokumental batek erakusten duenez.

 

Ondoren, Chavorrós y Chavorrís gazte elkarteko kideek atarian dagoen Ríos de Memoria erakusketaren edukia azaldu diete bildutakoei. Khetane plataformak instalatu du erakusketa hori. Erakusketaren ardatza Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna da.

 

Jarraian, Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak Javier Echeverría Navarlaz Txuntxuneroa (1811-1911) omendu du, txistua eta danbolina jotzen 70 urtez konpartsari lagundu zion ijitoa. Iruñeko Udalak merezitako omenaldia egin zion 1908ko Sanferminetan.

 

Fernando Hualde historialariak iruzkindu du Txuntxuneroaren figura, “gure folklorearen eta gure jaien sinbolo bat. Tio Javier ijito jatorra zen, Ezkirotzen (Galar zendea) edo Lintzoainen (Erroibar) jaioa, ez dago argi. Gutxienez 1848tik hasita lagundu zien konpartsa honi eta aurrekoari. 1910ean, 99 urte zituela, atzamarrek jada ez ziotela segitzen ohartu zen. Ikusirik ezin zuela erraldoiei erritmo eta musika jartzen jarraitu, utzi egin zion lan horri. 1911ko Sanferminetako azken egunean hil zen Iruñeko ospitaleko gela batean”.

 

Bukatzeko, Hualdek hau adierazi du: “Erakundeek eta herriak omenaldi hau zor zioten. Espero dezagun amaiera puntua ez izatea, oroitzapenaren eta esker onaren abiapuntua baizik, eta iraunkorra izan behar luke, pertsona zein musikari moduan duen tamaina aintzat hartuz gero”.

 

Txuntxuneroa hainbeste urtez lagun izan zuten erraldoi afrikarrek ere omenaldian parte hartu nahi izan dute. Don Martin pieza dantzatu dute Aitor eta Reyesen musikaren erritmoan.

 

Omenaldiaren hurrengo zatian Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako Aitor Urquiza txistulariak txistua jo du eta Víctor Bregañak poesia bat errezitatu du.

 

Azkenik, Nafarroako Txistulari Elkarteak emandako domina jaso dute Javier Echeverría Navarlaz Txuntxuneroaren ondorengoek.

 

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Maiorga Ramírez eta Maribel García Malo, Mahaiko idazkariak; Koldo Martínez, Rafael Eraso (Geroa Bai talde parlamentarioa), Asun Fernández de Garaialde (EH Bildu talde parlamentarioa), Mikel Buil, Tere Sáez, Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa), Nuria Medina, Ainhoa Unzu, Inma Jurío (PSN talde parlamentarioa), Marisa de Simón, José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarioen elkartea), Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo, eta Iruñeko Udaleko eta NUPeko ordezkariak.

 

Hona hemen harrera-ekitaldira bildu diren elkarte eta erakundeen zerrenda: Gaz Kalo federazioa, Casa Sabicas, Azkoiengo Santa Lucía elkartea, Nafarroako ijitoen La Majarí elkartea, Lacho Drom, Ijitoen Pastoraltza, Ijitoen Idazkaritza fundazioa, Lantxotegi Elkartea, Cermin, Aspace, Munduko Medikuak, Pobreziaren Kontrako Sarea, Etxabakoitz Bizirik, Gizakia Herritar fundazioa/París 365, GKEE-en Koordinakundea eta Hípica Arbayún.