Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Apirilak 19

Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroako Jabetza-erregistratzaileen Elkargoari eska diezazkion Elizak immatrikulatutako ondasunen zerrenda

Justizia Ministerioaren jarrera oztopatzailea ikusita, daturik ez duela esan baitu, 2008an informazio hori Ganberari eskaintzea onartu zuen arren

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur, Geroa Bai, Eh Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin, eta UPN eta PPNren aurkakoekin, zeinaren bidez “Nafarroako Gobernua premiatzen baita Nafarroako Jabetza Erregistratzaileen Elkargoari eska diezazkion Eliza Katolikoak Hipoteka Legearen 206. artikuluaren babesean 1978tik 2015era bitarte immatrikulatutako ondasunen informazio-ohar soilak (edo, halakorik ezean, ondasun horien zerrenda), zein ere den hark erabilitako izena –”elizbarruti”, “apezpikutza”, “parrokia” edo gisakoak”-.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek aurkeztutako mozioak argudiatzen du Justizia Ministeriotik PPk mantentzen duen jarrera oztopatzailea dela eta, Nafarroako Jabetza-erregistratzaileen Elkargoan bilatu behar dela Eliza Katolikoak Foru Komunitatean inmatrikulatutako ondasunen inguruko informazioa, Euskal Autonomi Erkidegoan eta Aragoin egin duten bezala.

 

Zentzu horretan, oroitarazten da Nafarroako Parlamentuak 2016ko apirilaren 8an ebazpen bat onetsi zuela, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen zen “Eliza katolikoak 1946 urtetik aurrera Nafarroan eginiko inmatrikulazio guztien informazioa Justizia Ministerioari eska ziezaion”.


Ebazpen hori betetzeko bidean, 2016ko ekainaren 23an Lehendakaritza, Funtzio Publikoa, Barnea eta Justizia kontseilariak informazio hori eskatu zuen. Urte bereko ekainaren 1ean Erregistro eta Notariotzaren zuzendari nagusiak erantzun zuen esanez, “Justizia Ministerioak ez daukala informaziorik Eliza Katolikoak inmatrikulatutako 1087 ondareen inguruan”.

 

Baieztapen hori, “kontraesan bete-betean dago Zapateroren Gobernuaren garaiko Erregistro eta Notariotzaren zuzendari nagusiak Nafarroako Parlamentuko lehendakariari 2008ko apirilaren 15ean emandako erantzunarekin, eskatutako informazioa bidali zuenean: 1.087 ondasun immatrikulatuta 1998tik 2007ra bitarte”.

 

Gauzak honela, Justizia Ministerioak jarritako oztopoak gainditzeko eta Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformaren eskariari jarraikiz, Parlamentuak bide berria irekitzeko apustua egin du, “Eliza katolikoak egindako espoliazioa zenbaterainokoa den ezagutzeko”.