Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Irailak 20

Nafarroako Gobernua premiatzen da nafar talentudunak itzultzeko plan bat taxutu dezan

25 urtetik beherako pertsonen arteko langabezia tasa “onartezinaren” aurrean gazteen alternatiba ez dadin atzerrira joatea izan

 

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur, UPN, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai (3), PSN eta PPNren aldeko botoekin eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai (4) eta I-Eren abstentzioekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “nafar talentudunak itzultzeko plan bat taxutu dezan, neurri ekonomikoez gain kanpoan bizi diren gazteekin komunikatzeko ekintzak jaso ahal izanen dituena”.

 

Plan honek, gainera, “plataforma baten sorrera ezarri beharko du, itzuleran letozkeen gazteei lan eskaintzak aurkituko lizkiekeena; nafar talentudunak inportatzen dituzten enpresen lankidetza aitortzen duen zigilu bat sortzea; bai eta itzultzen direnei nahiz haien familiei arazo praktikoen inguruko aholkularitza etengabea eskaintzea ere”.

 

Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioak ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, UPN titularrak onartu ez duena, Nafarroako Gobernua premiatu nahi zuena “Gobernu zentralari lan erreforma indargabetzeko eska ziezaion, baita gure erkidegoko gazteak itzultzea ahalbidetzeko kalitatezko politika publikoak susta zitzan, kolektibo honek pairatzen duen prekarietatea dela eta alde egin behar izan baitute. Hau aurreko gobernuek aurrera eramandako murrizketen ondorioa da, bai eskubide sozialetan, baita hezkuntza eta enplegu eskubideetan ere”. Eskatzen ziren politika publikoen artean zeuden “etxebizitza legea, gazteen emantzipazioa ahalbidetzeko, enplegua lortzeko plan indibidualizatuak edo Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eraginkortasunean hobekuntzak”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak “aukera eta jakintza berriak sortzeko” deia luzatzen du, “25 urtetik beherako pertsonen langabezia tasa onartezinaren aurrean (%37,2koa 2017ko lehen hiruhilekoan), gazteek ez dezaten kanpora begiratu alternatiba gisa”.

 

Gazte Behatokiaren azken txostenak zioena baieztatuz, hau da, “Nafarroatik alde egitea dela zenbait gaztek azken urteotan gehien erabilitako estrategietako eta aukeretako bat, beren prestakuntzarekin nolabait ere lotutako lanpostu bat lortzeko”, azpimarratzen da Nafarroako Foru Komunitateak talentu hori berreskuratzea ahalbidetuko duten jarduketak taxutu behar dituela, 2010etik hona atzerrira joateko joera bikoiztu egin baita.