Noiz argitaratua Asteazkena, 2018.eko Apirilak 18

Nafarroako Gobernua premiatzen da Jaiotzarako Laguntzaren eta Amagandiko Edoskitzearen Humanizaziorako ekimena susta dezan

Unicefek eta OMS-Osasuneko Mundu Erakundeak egiten duten eskaerarekin bat egiten dute, Amagandiko Edoskitzearen aldeko ekimenak egin ditzan eskatuz, osasunerako onurak baititu

Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur, UPN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta PPNren aldeko botoekin eta EH Bildu eta I-Eren abstentzioekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “iHan-Jaiotzarako laguntzaren eta amagandiko edoskitzearen humanizaziorako ekimena susta dezan Nafarroako Foru Komunitatean eta ospitale eta osasun etxe guztiak premia ditzan egiaztapena lor dezaten”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren puntu batean Gobernuari eskatzen dio “Zentro bakoitzean Edoskitze Batzordea ezar dezan; Nafarroako Foru Komunitateko batzordearen bilerak maizago dei ditzan; urrats zehatzak egin ditzan, lehenengo eta behin amagandiko edoskitzerako protokoloak idatziz eta osasuneko profesionalak prestatuz; eta Edoskitze Batzordeak behar adina baliabide ekonomikoz horni ditzan.

 

Era berean, hirugarren atalean Nafarroako Gobernua gonbidatzen da “konpromisoa har dezan politikak ezartzeko, ordaindutako familia-baimenetarakoak eta lanean –besteren konturakoan nahiz norberaren konturakoan– amagandiko edoskitzerakoak”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Unicefek eta OMS-Osasuneko Mundu Erakundeak Amagandiko Edoskitzearen aldeko Munduko Taldearekin lankidetzan prestatu duten txostena aipatzen du, non, zehazten den “ospitaleak, osasun zerbitzuak eta bereziki amatasun-aretoak animatzea jaiotzatik amagandiko edoskitze esklusiboa babestu, sustatu eta lagunduko duten praktikak hartzera”.

 

Zentzu horretan, aipatzen da Nafarroan Tuterako Reina Sofia Ospitalea 2013 urtetik eta Antsoaingo Osasun Etxea orain gutxi iHan zentro gisa izendatu direla.

 

Zentzu horretan, praktika honek onura kognitiboak eta osasunekoak dituela azpimarratzen da, hala haurrentzat nola beren amentzat, “bularra ematen duten amek arrisku txikiagoa dute obarioko eta bularreko minbizia izateko, zeinak emakumeen artean heriotza arrazoi nagusietako bi baitira”.

 

Consuelo Satrustegi (Geroa Bai) lehendakari izan duen saiora bertaratu dira Begoña Ganuza, Mónica Domenech, Maribel García Malo, Sergio Sayas (UPN), Isabel Aranburu, Rafael Eraso (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Asun Fernandez de Garaialde (EH Bildu), Carlos Couso, Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu), Nuria Medina, Conchi Ruiz (PSN), Ana Beltrán (PPN) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra).