Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Ekainak 14

Nafarroako Gobernua premiatzen da berma dezan sexuaren araberako uniformea eraman beharra ezarri ez dadila

Auzitegi Gorenaren 2011ko epai baten babesean, hezkuntza- eta lan-legedian berdintasuna bermatzeko neurri eta aldaketak ezartzeko premia adierazten da

 

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkakoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “berdintasunari buruzko etorkizuneko legean nahiz hezkuntza- eta lan-legedian jaso dezan janzkera-askatasuna bermatuko dela, eta ez dela sexuaren araberako uniformea eraman beharra ezarriko irakaskuntza publiko, itundu eta pribatuaren zein lanaren arloetan”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren puntuan Gobernua premiatzen du “ahalik eta epe laburrenean lanean has dadin legegintzaldi honetan onesteko behar diren aldaketak Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerako 3/2007 Legean, bai eta dagokion hezkuntza- eta lan-legedian ere, janzkera-askatasuna eta sexuaren araberako uniformea eraman beharrik eza bermatzeko irakaskuntza publiko, itundu eta pribatuaren zein lanaren arloetan”.

 

Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Europako Parlamentuaren 2013ko martxoaren 12ko ebazpen bat aipatzen du, Europar Batasunean genero-estereotipoak kentzeari buruzkoa, izan ere, ebazpen horrek gomendioak xehakatzen ditu legegintzaren arloan eta gizarte esparru guztietan neurri bereziak hartzearen inguruan.

 

Testuinguru horretan, aipatzen da eskolako uniformeek, sexuaren araberakoek (galtzak mutikoentzat, gona edo soinekoa neskatoentzat), “kritikak jaso dituztela Europa osoko erakunde feministen aldetik, erabakigarritzat jotzen dituztelako genero-estereotipoek eskolan irauteari begira. Gainera, neskatoen jardun fisikoa mugatzen dute eta emakumeen gorputzaren objektualizazioa mantentzen dute; eta horrek, geroago, jarraipena du lan-arloan”.

 

Auzitegi Gorenaren 2011ko apirilaren 19ko epaiaren arabera, “berdintasunaren aurkakoa da osasun pribatuko ohiko jokabide bat, zeinaren bidez emakumezko laguntzaile eta erizainek “emakumezko” uniforme bat jantzi behar baitzuten”, eta interpretazio hau hezkuntza esparrura zabaltzeko eskaera egiten da, “Nafarroako ikastetxe pribatu edo itunpeko batzuetan oraindik ikasleen artean sexuaren araberako janzkera ezberdina mantentzen baita”.

 

Horregatik guztiagatik, Nafarroan prestatzen ari den berdintasunari buruzko legean sartzeko eskaera egiten dute, zehapen araubide bat barne, begiratze aldera genero-estereotipoak eta haien ondorioak desagerrarazteko neurriak betetzen direla.