Noiz argitaratua Asteartea, 2018.eko Martxoak 20

Nafarroako Gobernua premiatzen da atzerrian espetxeratuta dauden preso nafarrentzako laguntza indartu dezan

Gobernu zentralari eskatzen zaio preso nafarrek zigorra Espainiako espetxeetan bete dezaten, Foru Erkidegoan ahal bada

Lehendakaritza, Funtzio Publikoa, Barnea eta Justizia Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “indartu dezan atzerrian preso dauden nafarrendako laguntza, premia bereziko egoeran badaude higiene baldintzak txarrengatik, informazio, aholkularitza juridiko edo interprete ezagatik, edo laguntza mediko urria edukitzeagatik, askatasunaz gabetzearen araubidean. Halaber, lankidetza esparruak ezar ditzan, beste autonomia erkidego batzuk egin duten bezala, elkarte humanitarioekin, zeinen jarduna funtsezkotzat aitortzen baita kolektibo horrekiko tratamendu eta laguntzarako”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren puntuan Foru Exekutiboa premiatzen du “Espainiako Gobernua premia dezan Ararteko andrearen azken txostenean jasotako gomendioak betetzera, atzerrian preso dauden espainiarren egoerari dagokionez”.

 

Zehazki, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “atzerrian atxilo eta preso dauden espainiarren kopuruak gora egin duenez, oraingo egoera horretara egokitzea atzerrian atxilo eta preso dauden espainiarrei buruzko 2003ko uztailaren 15ko 3252 Agindu Zirkularra, jasotzen dituen jarraibideak ez direlako aski gaur egungo beharrizanei erantzuteko”.

 

Era berean, Gobernua premiatzen da “erregelamenduz garatu dezan, abenduaren 14ko 40/2006 Legearen 5. artikuluak ezartzen duen moduan, zer kasutan izan dezaketen doako laguntza juridikoa atzerrian bizi eta baliabide ekonomikorik ez duten espainiarrek”.

 

Hala, Foru Exekutiboari eskatzen zaio “baliabide pertsonalak eta materialak indartu ditzan presoen kopuru handiena duten barruti kontsularretan, zenbait herrialdetan ezin delako bete 2003ko uztailaren 15eko 3252 Agindu Zirkularraren bosgarren jarraibidea, Espainiako funtzionario kontsularren aldetik bisita egitearen gainekoa”.

 

Horrez gain, eskatzen da “agintari kontsularrek duten betebeharra arautzea, lau hilabetetan behin informazioa eman behar baitiote Atzerrian dauden Espainiarren Zuzendaritza Nagusiari heriotza zigorra edo biziarteko espetxe zigorra duten espainiarren egoeraz, egoera bereziki zaurgarrian daudelako”.

 

Gainera, Gobernuari aholkatzen zaio “laguntzarako mekanismoak ezartzea zigorreko herrialdeetan baldintzapeko askatasuneko edo behin-behineko askatasuneko araubidean egon eta lurralde horretatik, erantzukizun penalak dituzten bitartean, atera ezin diren espainiarrentzat”.

 

Testuinguru honetan, Gobernua premiatzen da “familiarren eta agintari kontsularren artean egun diren komunikazioak hobe ditzan, kontuan hartuz distantzia, hizkuntza eta baliabide ekonomikoen urritasuna direla medio, familia askok duten informazio bakarra kontsuletxeetatik iritsitakoa dela. Modu zehatzean arautuko dira komunikazio horiek emateko betebeharra eta maiztasuna, betiere askatasunaz gabeturiko espainiarrak baimena eman badu”.

 

Gainera, eskatzen da “ahalegin gehiago egitea lekuz aldatzeko espedienteen betearazpenerako tramitazioaren denbora laburtzeko, zigorreko Estatuko agintariek eta Estatu hartzailekoek espedienteak onetsi eta gero”.

 

Azkenik, eskatzen da “Europar Batasuneko herrialdeetan kondena betetzen ari diren espainiarren zerrenda eguneratua prestatzea, Europar Batasunean zigor-arloko ebazpenak elkarri aitortzeari buruzko azaroaren 20ko 23/2014 Legea presako izaerarekin betetzeko”.

 

Era berean, hirugarren puntu batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “Gobernu zentralari eska diezaion aurrera eraman ditzala behar diren ekintzak, alde biko akordioek ezartzen duten esparruan, preso nafarrei ahalbidetzeko zigorraren gainerakoa Espainiako espetxeetan betetzea, Foru Erkidegoan ahal bada”. Puntu hau PPNren aurkako botoarekin eta gainerakoen aldekoarekin onetsi da.

 

Zioen azalpenean, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-E talde parlamentarioan aurkeztutako ebazpenak Atzerrian diren Herritar Espainiarren Estatutuari buruzko abenduaren 14ko 40/2006 Legea aipatzen du, 5. artikuluan ezartzen baitu “Estatuko Administrazio Orokorrak eta autonomia erkidegoetakoak, bakoitzari dagozkion eskumenetan, arreta berezia eskainiko dietela askatasunaz gabeturik egoera behartsuan daudenei, bereziki heriotza zigorra edo biziarteko espetxe zigorra ezarrita dutenei, bai eta errepresio politikoaren prozesuetan gizateriaren aurkako delituen biktima izan diren espainiarrei ere”.

 

Zentzu horretan, Lege honen erregelamenduzko garapenari heltzeko deia egiten da, Arartekoaren iradokizunaren harira, atzerrian diren espainiarrentzako laguntza eta babesa mugatzen duen legezko mugak gainditzeko bidean.

 

Zentzu horretan, oroitarazten da “botere publikoen betebeharra dela nazioarteko zigor arloko kooperazioan dauden oztopoak kentzen saiatzea, eta lan egitea askatasunaz gabeturiko pertsona guztien giza eskubideak betetzen direla bermatze aldera, zigorra zein herritan betetzen ari diren kontuan hartu gabe”.

 

Gaur egun mila eta bostehun espainiar inguru ari dira zigorra betetzen atzerriko espetxeetan, “gehienak, estupefazienteak legez kontra edukitzeagatik edo horiekin trafikatzeagatik”, horietako gutxi batzuk bakarrik dira nafarrak.

Unai Hualde (Geroa Bai) lehendakari duen batzordeko saiora, bertaratu diren parlamentarioak García Adanero, Cristina Altuna, Iñaki Iriarte, Sergio Sayas (UPN), Virginia Alemán, Koldo Martínez (Geroa Bai), Arantza Izurdiaga, Adolfo Araiz (EH Bildu), Rubén Velasco, Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu), Guzmán Garmendia, Conchi Ruiz ( PSN), Javier García (PPN) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) izan dira.