Noiz argitaratua Osteguna, 2013.eko Apirilak 25

Nafarroako Gobernua Nasuvinsaren bitartez "Lurzoru Publikoaren Foru Bankua" deiturikoan etxebizitza publikoak eraikitzeko egutegi bat proposa dezan premiatzen duen mozioa bazter utzi dute

Esaten zen ezen Gobernuaren jarduera ezak "ez betetze" bat dakarrela, zeina kontrajartzen zaion gero eta handiagoa den gizarte-alokairuaren araubideko etxebizitza publikoaren eskariari

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, SNren eta atxiki gabeko parlamentarien abstentzioekin, eta Bildu-k, Aralar-Nabaik eta I-Ek haren alde emandako botoekin, mozio bat bazter utzi du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen zen “Nasuvinsa sozietate publikoaren bidez egutegi bat aurkez dezan, Nafarroako herri askotan “Lurzoru Publikoaren Foru Bankua” deiturikoan dauden erreserbetan etxebizitza publikoa eraikitzeko obrak egiteko, azken urteotan planteatutako urbanizazioen ondorioz. Egutegi hori 2013ko abendua baino lehen aurkeztu beharko da Parlamentuan”.

Bazter utzitako mozioak bigarren idatz-zati bat zuen, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena “‘gizarte alokairuko’ etxebizitza gisa sailka ditzan lurzoru-erreserba horietan eraikitako etxebizitzak, eta etxebizitza horiek Nafarroako familia behartsuenen etxebizitza-eskubidea asetzera bidera ditzan. Hartara, bete eginen da 35/2002 Foru Legean jasotako asmoa, eta, aldi berean, gerarazi eginen da alokairuko etxebizitzaren merkatuan espekulazio-burbuila bat sortzeko aukera”.

Era berean eta hirugarren atal batean, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “baldin eta, ustez baliabide ekonomikorik ez daukalako edo borondate politikorik ez daukalako, ez badu planteatu nahi gisa horretako etxebizitzak eraikitzerik eta erreserbatutako lurzorua aprobetxatzerik, lurzoruak dauden udalei laga diezazkien etxebizitza horiek; betiere, ‘Lurzoru Pulikoaren Foru Bankua’ deiturikorako planteatutako erabilera-helburuak betetzeaz arduratu nahi badute eta planteatutako etxebizitzen eraikuntza finantzatzeko baliabide ekonomiko nahiko dutela frogatzen badute”.

Zioen azalpenean, Aralar-Nabaik bultzatutako mozioak esaten du ezen Lurzoru Publikoaren Foru Bankuak barne hartutako erreserbaren ondorioz Nafarroako Gobernuak etxebizitza publikoaren arloko politika egin dezan duen azalera urbanizagarri gehiena “erabili gabe” dagoela.

Proposatu duen taldeak esandakoaren arabera, ez erabiltze horrek “ez betetze” bat dakar eta kontrajartzen zaio “gero eta handiagoa den etxebizitza publikoaren eskariari, bere egungo taxuketan etxebizitzaren merkatutik baztertuta dauden pertsonentzat, zeinek gizarte-alokairuaren araubiderako bizileku duin bat eskatzen baitute”.


www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 112. zk., 2012-12-21ekoa)