Noiz argitaratua Asteartea, 2018.eko Ekainak 5

Mugarik Gabeko Medikuen ‘Ekintzatik hitzera’ erakusketa Parlamentuan

Uztailaren 4ra arte irekita egongo den bildumak Erakundeak Siria bezalako herrialdeetan egiten duen laguntza humanitarioaren baitan sanitario eta medikuenganako erasoen areagotzea salatu nahi du

Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Ainhoa Aznarez Igarzak, Ekintzatik hitzera erakusketa inauguratu du gaur eguerdian, izaera didaktikoa duen bilduma, 15 panel eta multimedia euskarrien bitartez gizarteari Mugarik Gabeko Medikuen testigantza zabaltzeko helburua duena. Nazioarteko krisiek kaltetutako zonaldeetan erakundeak babes humanitarioa eskaintzen du, eta azken aldian erakundeko mediku eta sanitarioek jasan dituzten eraso kopurua handitu dela salatu nahi du bildumak.

 

Ainhoa Aznarezen esanetan, bildumak “gerraren bidez bakea defendatu nahi dutenek eragindako minari aurre egiteko lan egiten duten erakundeek, Mugarik Gabeko Medikuak bezalakoek bizi dituzten krisi humanitario egoeren historia isila” erakusten du.

 

Testuinguru horretan, Lehendakariak adierazi du erakunde hau “mediku eta kazetariek sortua dela, laguntza sanitarioan oinarritua eta zoritxarrez, euren profesionalek eraso zuzenak pairatzen dituzte. Euren ereduak behartsuen bizitzak hobetzeko balio diezagun, are gehiago gerra eta gatazka egoeratan”.

 

Azken urteetan, Mugarik Gabeko Medikuek testigantzara jo dute, gatazka armatuetan euren medikuen eta osasun etxeen aurkako erasoak salatzeko. “Medikuen aurkako bonbardaketak eta erasoak egungo gerren izaera azaleratzen dute, zibilenganako errespetu falta izugarria erakutsiz”, baieztatu du Nagore Eskisabelek, Mugarik Gabeko Medikuen Nafarroako ordezkariak erakusketaren inaugurazioan. 2016an bakarrik, MGMk 74 eraso zenbatu zituen erakundearen 34 mediku egituren aurka: horietatik 71 Sirian izan ziren eta 3 Yemenen.

 

2016ko maiatzean, Nazio Batuetako Segurtasun Kontseiluak 2286 Ebazpena onetsi zuen, medikuen, instalazioen eta gaixoen aurkako erasoak gaitzetsiz, eta babesa eta errespetatuak izateko eskubideak berretsiz. Bi urte geroago, ebazpenaren edukiak erretorika hutsa izaten jarraitzen du.

 

Ekintzatik hitzera Mugarik Gabeko Medikuen testigantzaren laburpena da, Biafrako (Nigeria) gerran jatorria izanik, Etiopia, Somalia, Ruanda, Bosnia edo Txetxeniaraino, baita egungo Siriako, Yemengo eta Mediterraneoko krisietaraino.

 

Bildumak, informazio panel eta multimedia euskarrien bidez, Mugarik Gabeko Medikuen historian zeharreko ibilbidea egiten du, non erakundeak bere testigantza eskaini duen nahiz eta dilema batekin topo egin duten: isilik egon laguntza eskaintzen jarraitu ahal izateko, edo hitz egin eta kanporatua izateko arriskuan jarri.

 

“Ez dakigu hitzek bizitzak salba ditzaketen ala ez, baina dakiguna da isiltasunak hiltzen duela”. Esaldi honekin, Mugarik Gabeko Medikuan nazioarteko Lehendakariak, James Orbinskik 1999an testigantzaren esentzia laburtu zuen. Bakearen Nobel Saria jasotzean esan zuen, egoera aprobetxatuz testigutzat bizitakoak salatzeko, Txetxenian eta zehazki Groznin Errusiako armadak jendearen aurka egindako bonbardaketak, hain zuzen.

 

Mugarik Gabeko Medikuek egunero ikusten dute pertsonen sufrimendua eta horregatik krisia sortzen dituztenen ardurak publikoki erakuts ditzake. Duela 45 urte mediku eta kazetariek sortutako erakundeak zeregin bikoitza dauka, mediku lana eta testigantza zabaltzea. Bilduma ikustera datorrenak 15 istorio eta protagonista ezagutzeko aukera izango du, momentu zehatz batzuetan murgilduko da, non erakundeak publikoki salatu zituen testigu gisa ikusten zituen erasoak.

 

Ekitaldia Ganberako Atarian izan da eta bertaratu direnen parlamentarioen artean zeuden Unai Hualde, Lehen Lehendakariordea, Maiorga Ramírez, Lehen Idazkaria, Begoña Ganuza (UPN), Isabel Aranburu, Virginia Alemán, Jokin Castiella, (Geroa Bai), Adolfo Araiz, Asun Fernández de Garaialde (EH Bildu) eta Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu).

 

Ekintzatik hitzera erakusketa Parlamentuko Atarian egongo da ikusgai uztailaren 4ra arte, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 11:30etatik 14:00etara.

 

 

Erakusketa hau Kultur Atrio ekimenaren baitan ezarri da, 2016ko otsailetik Parlamentuak artistei eta kulturari ateak irekitzen baitizkio.

 

Eztabaida mahaia, Errefuxiatuaren Nazioarteko Egunaren harira

 

Erakusketa honen harira, datorren ekainaren 20an Errefuxiatuaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez MGMk Parlamentuarekin lankidetzan elkarrizketa mahai bat antolatu du hiru aditurekin: Igor García Barbero, MGM-en Larrialdi Unitateko kazetaria; Manuel Martorell kazetari nafarra, Historian doktorea eta Ekialde Ertainean eta herrialde kurduan aditua; eta Javier Galparsoro, abokatua eta CEAR-Euskadiko lehendakaria.