Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Martxoak 15

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernuari Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonak Artatzeko Legearen printzipioak berreskura zitzan eskatzen ziona

Nafarroa finantzaketa gutxien jasotzen dutenetako bat dela eta bertan itxarote-zerrendak laburtu direla onartzen bada ere, alegatzen zen zerbitzuak falta direla eta pertsona asko arreta jaso gabe geratzen direla

Parlamentuko Osoko Bilkurak mozio bat atzera bota du gaur Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion ““Autonomia Pertsonala Sustatzeko eta Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonak Artatzeko Legearen oinarrian dauden printzipioak berreskura zitzan, helburuak modu egokian bete daitezen”.

 

Baztertutako ebazpenean beste puntu bat zegoen, eta bertan Foru Gobernuari aholkatzen zitzaion “legegintzaldi honetan jarduteko neurrien programa bat Parlamentuari igortzeko, onets zezan”.

 

Adierazitako irizpideak direla eta, programak honako hau bete behar zuen: “Zerbitzuak lehenestea eta ez horiei lotutako prestazio ekonomikoak; enplegu egonkorra sortu eta kalitatezko arretak bermatzen dituzten zerbitzu-zentroen sarea indartzea; hurbiltasuneko zerbitzuak indartzea, horiexek ahalbidetzen baitute ukitutako pertsonek etxebizitzan jarrai dezaten eta zaintzaileen laneko bizitza eta bizitza pertsonala bateragarri egitea; senide zaintzaileen Gizarte Segurantzaren alta erraztea, Nafarroako Gobernuak hartarako hobaria emanez; eta berrikuntza sozialeko neurriak sustatzea”.

 

Era berean, hirugarren atalean, hauxe eskatzen zitzaion Nafarroako Gobernuari: “Urtero Parlamentuari aurkez diezaion mendekotasunaren arloan azken urtean zehar egindako jarduketen oroitidazkia, Imsersori hurrengo urteko apirila baino lehen aurkeztu ohi diona”.

 

Horrez gain, Nafarroako Gobernua premiatzen zen informatikako atari bat sor zezan, “gardentasun osoa izanen zuena, hartan herritarrek datuak kontsultatu ahal izateko; esate baterako, zein postutan dauden zerbitzu jakin baten itxarote-zerrendan, edo postu hutsak esleitzeko erabilitako irizpideak”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako mozioan gogorarazten zen “adostasun handia” egon zela 39/2016 Legea izapidetzean, eta “ezartzeko prozesua eten egin zen PP estatuko gobernura iritsi zelako”. Lehenengo, “mendekotasun moderatua zuten pertsonei hiru urtean prestazio edo zerbitzu bat eskuratzea galarazi zieten”. Ondoren, “aurreikusitako finantzaketa-maila kendu zen” eta Aurrekontuaren egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna sustatzeko neurriei buruzko 20/2012 Errege Lege-dekretuarekin “sistemaren erregulazioa aldatu zuten, horrek zekartzan kalteekin”.

 

Nafarroa da “mendekotasuna duten pertsonei arretarik txarrena ematen dien erkidegoetako bat, eta Gobernua ez da egoera larri horretaz jabetu 2017. urtera arte. Kasu batzuetan urtebete eta erdi baino luzeagoko itxarote-zerrendak egon dira edo aitortutako baina arretarik jaso gabeko eskubide subjektiboak”. Hori guztia, noski, kontuan hartuta “Foru Komunitatea dela Espainiako Gobernutik finantzaketa gutxien jasotzen dutenetako bat”.

 

Hori dela eta, nahiz eta onartu “itxarote-zerrendak laburtu direla, batik bat hasierako balorazioan, arreta jaso zain pertsona ugari dago oraindik, eta prestazio ekonomikoak zerbitzuen oso gainetik daude. Horrez gain, autonomia sustatzeari dagokionez ez dago zahartzearen eta erabateko inklusiorako eskubidearen erronkak jorratzeko beharrezko mekanismorik”.

 

Hori horrela, proposamengilearen iritziz, mendekotasuna “kontu soziala izan behar da, eta gobernuek modu berritzaile, eraginkor eta efizientean erantzun behar diote”.