Noiz argitaratua Asteazkena, 2017.eko Irailak 13

María Concepción Ruiz López foru parlamentari berria karguaz jabetu da

PSN talde parlamentarioan sartu da, Santos Cerdánek alde egin eta Samuel Carok uko egin ondoren, eta bilkuraldi berriko lehen osoko bilkuran parte hartu ahalko du ostegunean

María Concepción Ruiz López (PSN) foru parlamentari karguaz jabetzeko bilkura egin du gaur Nafarroako Parlamentuko Mahaiak.

 

Ekitaldi hori erakunde-aretoan egin da. Parlamentari berriak karguaren promesa egin du, aurrean zirela Parlamentuko lehendakaria, Ainhoa Aznárez, Mahaiko lehen idazkaria, Maiorga Ramírez, bigarren idazkaria, Oscar Arizcuren, eta legelari nagusia, Idoia Tajadura.

 

Hitz hauekin egin du promesa María Concepción Ruizek: “respetar en todo momento el régimen foral de navarra, acatar la constitución, las leyes y cumplir fielmente las obligaciones propias del cargo de parlamentaria foral”.

 

Horrela, Ruizek foru parlamentaria izateko erregelamenduzko betekizunak bete ditu, Santos Cerdán Madrilera joan ondoren, PSOEko exekutiban lurralde-koordinazioko lanetan aritzera.

 

San Adriango zinegotzia, lanbidez irakaslea, Concepción Ruizek 9. postua izan zuen Nafarroako Parlamenturako PSNren zerrendan, eta bere aurretik zegoen Samuel Carok karguari uko eginda iritsi da Legebiltzarrera.

 

Bera akta formalizatu ondoren, Concepción Ruizek bilkuraldi berriko lehen osoko bilkuran parte hartu ahalko du, bihar, hilak 14, 09:00etatik aurrera.

 

Karguaz jabetzeko ekitaldian izan dira, halaber, PSNko Ainhoa Unzu eta Inma Jurío parlamentariak eta EH Bildu Nafarroako Arantza Izurdiaga parlamentaria. Amaieran Ainhoa Aznárezek hitz egin du; Nafarroako Parlamentuko lehendakariak zoriondu egin du Nafarroako Legebiltzarreko parlamentari berria, eta San Adriango Udaleko zinegotzi karguarekin uztartu beharko duen Parlamentuko jardunean arrakasta izatea opatu dio.