Noiz argitaratua Asteazkena, 2017.eko Urriak 11

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Batzordeak Mondelez enpresa bisitatu du

Ecoembes-ekin lan-saio bat egin ari zirenean, prebentzioak eta birziklatzeak ingurumena zaintzeko zein garrantzitsuak diren azpimarratu dute parlamentariek

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Batzordeak Mondelez enpresaren (gailetak egiten ditu) instalazioak bisitatu ditu gaur Vianan. Bertan, lan-saioa egin du Ecoembesekin, hau da, Nafarroan birziklatzeari eta eko-diseinuari lotutako lanetan ia 20 urte daramatzan irabazteko asmorik gabeko ingurumen erakundearekin.

 

UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-E taldeek eskatuta egin da bisita, eta honako parlamentari hauek egon dira: Luis Zarraluqui (UPN talde parlamentarioa), Unai Hualde (Geroa Bai talde parlamentarioa), Maiorga Ramírez (EH Bildu) eta Rubén Velasco (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa).

 

Parlamentuko ordezkariei honakoek egin diete harrera: Fernando Blázquez-ek, Ecoembeseko zuzendariak, Charlotta Kuratli-k, Mondelez Internationalek Vianan duen lantegiko zuzendariak, eta Ricardo Hernández-ek, enpresa horretako Nazioarteko Harremanen eta Erantzukizun Korporatiboaren zuzendaria.

 

Aurrerapen moduan adierazi dutenez, bisitaren helburua izan da “Ecoembesek Mankomunitateekin lehenbizi eta Foru Gobernuarekin orain sinatu dituen lankidetza hitzarmenen bidez prebentzioaren eta birziklatzearen esparruan egiten ari den lana ezagutzea; izan ere, Nafarroa Estatuko ratioetan lehena da ontzi arinen eta paper-kartoiaren bilketan (21.570 t 2016an)”.

 

Harrera egin eta lantegiko instalazioak bisitatu ostean, enpresek ekodiseinuaren alorrean egiten duten lanaren kasu praktiko batzuk aurkeztu dira; Nafarroako birziklatzearen emaitzak azaldu dira eta Apolda institutuak egin duen azterlaneko (Foru Komunitateko biztanleek dituzten birziklatzeko ohiturei buruzkoa) ondorio garrantzitsuenak nabarmendu dira.

 

Azaldutakoaren arabera, Nafarroa ekonomia zirkularrarekin konpromiso handiena hartu duen erregioetako bat da: 2016. urtean 21.570 tona ontzi birziklatu ziren komunitatean. Konpromiso horren erakusgarri da Foru Gobernuak eta Ecoembesek sinatu duten hitzarmena, hari esker ontzi arinen eta paper-kartoiaren 14.000 edukiontzi jarri ahal izan baitira biztanle guztien eskura.

 

Ildo horretan, bi erakundeen arteko prebentzio plana (2015-2017) ere azpimarratu da; plan horren ondorioz “561 tona lehengai aurreztu dira eta 648 lanpostu sortu dira”. Gaur egun, Foru Komunitateko 60 konpainia daude sartuta Ecoembesek martxan jarri duen ekimenean.

 

Bestalde, Mondelez Internationalek Ecoembesekin egiten ari den lana azaldu du, lantegian sortzen diren hondakinen birziklatzeari eta kudeaketari lotuta, eta bertan zeudenei azaldu die zein den Compromiso Harmony izeneko nekazaritza-programa jasangarriak duen eragina, “Nafarroarekin konpromiso handia duena”.

 

Eremu horretako 200 nekazari inguruk parte hartzen dute proiektuan, eta haren helburua da “konpainiak egiten dituen gailetetan erabiltzen den gariaren kalitatea hobetzea, eta, bide batez, biodibertsitatea zaintzea”.

 

Ecoembes irabazteko asmorik gabeko ingurumen erakundea da; ekonomia zirkularra sustatzen du, plastikozko ontziak, potoak eta brikak (edukiontzi horikoak) eta kartoizko eta paperezko ontziak (edukiontzi urdinekoak) berreskuratuz eta birziklatuz Espainia osoan.

 

2015. urtean 1,3 milioi tona ontzi arin eta kartoizko eta paperezko ontzi birziklatu ziren estatu osoan; hau da, birziklatzearen tasa % 74,8koa izan zen. Ehuneko horri esker “1,2 milioi tona gas kutsagarri ez zen atmosferara isuri. Gainera, ez dira kontsumitu 4,6 milioi MWh eta 24,8 milioi metro kubiko ur”.

 

Mondelēz International snackingaren esparruan lan egiten duen munduko enpresa handienetako bat da; 2016. urtean 26.000 milioi euro fakturatu zituen. 165 herrialdetan du egoitza, eta munduan lehena da honako kategoria hauetan: gailetak, txokolatea, txikleak, gozokietan eta postreetan.