Noiz argitaratua Asteartea, 2017.eko Otsailak 21

Kultura, Kirol eta Gazteria Batzordeak bisita egin du Redin Cruzat jauregira

“Ahal den heinean herritarrek berek kudeatuko duten” kultura, hezkuntza eta gizarte ekipamendu bat garatzea helburu duen parte-hartze prozesua ezagutzeko

Kultura, Kirol eta Gazteria Batzordeak gaur bisita egin du Redin Cruzat jauregira, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek hala eskatuta. XVII. mendeko eraikina da, eta 1983an Iruñeko Udalak erosi zuen, zaharberritu ondoren bertan kokatzeko Joaquín Maya Musika Eskola, baina 2009an ekipamendu publiko hori hutsik geratu zen musika eskola Moret kalera aldatu zenean.

 

Batzordeko kide hauek joan dira bisitan: Luis Casado, Cristina Altuna, Mónica Doménech (UPN parlamentu-taldea), Consuelo Satrustegi, Jokin Castiella (Geroa Bai parlamentu-taldea), Miren Aranoa, Asun Fernández de Garaialde (Bildu parlamentu-taldea), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea), Guzmán Garmendia eta Carlos Gimeno (PSN parlamentu-taldea).

 

Alberto Labarga Iruñeko Udaleko Herritarren Partaidetzako zinegotzi delegatuak eta Xabier Errea Herritarren Partaidetzako teknikariak egin diete harrera Parlamentuko ordezkariei.

 

Miren Aranoak adierazi duenez, bisitaren helburua izan da in situ ezagutzea eraikineko guneak eta Plazara deritzon ekimenaren nondik norakoak. Ekimen hori partaidetzazko sorkuntza kolektiboko prozesu bat da, eta beraren bidez Redin jauregiaren erabilerak eta kudeaketa zehaztu behar dira, kultura, hezkuntza eta komunitate gune soziala den aldetik.

 

Jarraian egin den bileran, Alberto Labargak esan du Udalak apustu egin duela lehen mailako udal eraikin batean zentro komunitario berria garatu eta abian jartzearen alde, eta hiriko erdigunean kokatuta egoteak “hiri-dimentsioa” ematen diola, “ohiko auzo-proiektuaz haragokoa”.

 

Xabier Errea Plazara izeneko partaidetza prozesuaz mintzatu da. “Ahal den heinean herritarrek berek kudeatuko duten” kultura, hezkuntza eta gizarte ekipamendu baten diseinua zehazteko egin da prozesu hori, “funtzionaltasun, erabilera-aniztasun, irisgarritasun eta jasangarritasun” printzipio oinarrizkoei jarraituz betiere.

 

Herri eta gizarte kolektibo, udal teknikari, toki agente ekonomiko eta gainerako pertsona interesdunengandik 2.014 ekarpen jaso dira iragan urtarrilaren 21era arte, eta Udalak horien arabera eman beharko die erantzuna planteatutako erabilerei.

 

“Hautatze fase horretan gaude, zeinean kontuan hartzen baitira baita teknikari, politikari eta herritarrei egindako 30 elkarrizketa sakonen emaitzak ere. Aurretik hamaika bisita gidatu antolatu dira eta 500 bat lagunek parte hartu dute. Parte-hartzea errazteko hainbat jarduera ere antolatu dira. Civivox zentroen eta gune komunitarioen ordezko eredu baten aurrean gaude, eta espero dugu heldu den udazkenean errealitatea izanen dela”.

 

Bilera amaituta, parlamentariek jauregiko gelak ikusi dituzte bisita gidatu batean, eta eraikinak aukera ugari eskaintzen duela egiaztatu ahal izan dute.

 

Redín Cruzat jauregia Iruñeko Kale Nagusian dago. Udal titulartasuneko eraikina da, XVII. mendekoa, eta 1.261,65 metro karratuko azalera du, lau solairutan banatua. Iragan udan hobekuntzak egin zitzaizkion fatxada, teilatu eta luzernarioetan. Birmoldaketaren bigarren fasean, berriz, barnealdeko guneei ekinen zaie, funtzionaltasunaren, erabilera-aniztasunaren, irisgarritasunaren eta jasangarritasunaren irizpideei jarraituz.