Noiz argitaratua Asteazkena, 2018.eko Martxoak 14

Kultura Batzordea Nafarroako Liburutegi Nagusian egon da bisitan

Espazioak berregituratzea, langileak berreskuratzea eta zerbitzuaren ikusgarritasuna areagotzea dira liburutegi zerbitzuen eskaeraren goraldiari erantzuna emateko erronka nagusiak

Kultura, Kirol eta Gazteria Batzordea Nafarroako Liburutegi Nagusian bisitan egon da gaur. 2011ko martxoan inauguratu zen egoitza eta egun Foru Komunitateko liburutegi atal goreneko funtzioak betetzen ditu, milioi bat liburuki baino gehiago biltzeko eta erabilera publikoko espazioak eskaintzeko gai da.

 

Bertaratu diren Batzorde kideak Cristina Altuna, Mónica Doménech (UPN), Consuelo Satrustegi (Geroa Bai), Miren Aranoa (EH Bildu), Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu) eta Conchi Ruiz (PSN) izan dira.

 

Parlamentuko ordezkaritzari harrera egin diotenen artean izan dira Asun Maestro, Liburutegi Zerbitzuko zuzendaria, Amaia Prado, Nafarroako Liburutegi Nagusiko Atalburua, José Antonio Gómez, Erabiltzailearen Arretarako Bulegoko Nagusia, Juan Francisco Elizari, Ondarea, Bibliografia, Filmografia eta Lege-gordailuko Bulegoko Nagusia, Anabel Olaso, Informazio Baliabide Bulegoko, Clara Flamarique, Liburutegi Koordinazio Bulegoko Nagusia eta Jesús Arana, Sustapen, Hedapen eta Formakuntzako Bulegoko nagusia.

 

Bisitaren helburua, Miren Aranoa (EH Bildu) talde sustatzaileko eledunak adierazi duenez, “Nafarroako Liburutegi Nagusiaren egoera eta dituen beharrak ezagutzea da; espazio falta dela eta zenbait erabiltzailek azaldutako kezka ikusita, bertako arduradunen eskaerak jasotzeko eta ikasketa eta ideien topagune honen lanari balioa emateko etorri gara”.

 

Jarraian, Asun Maestrok azaldu du Nafarroako Liburutegi berria “liburutegi nagusi” gisa hartzen dela, Foru Komunitateko “liburutegi atal gorenaren” funtzioekin.

 

Hala, Nafarroako “liburutegi zerbitzuen eskaeraren erronkei” erantzuna bermatzeaz gain, “milioi bat liburuki baino gehiago” biltzeko gai da, (500.000 inguru daude, 400.000 katalogatuak) eta erabilera publikoko espazioak eskaintzen ditu.

 

Egoitzaren barnealdeak informazio eta harrera esparruak ditu, ekitaldi kulturaletarako lekuak, kontsulta eta irakurketarakoak, dokumentuen mailegua, sarbide libreko dokumentuen funtsa, Nafarroako Filmoteka eta hemeroteka.

 

Liburutegiko egoitzan era berean Foru Komunitateko Filmoteka dago, eta Nafarroako ondare filmografikoa sustatu, babestu eta gordetzeko baliabide eta zerbitzu guztiez hornituta dago.

 

Erronka, Maestrok adierazi duenez, “espazio jasangarri, errentagarri eta erabilgarria bihurtzea da, erreferente bibliografiko izan dadin. Horretarako, beharrezkoa da “topagune, ikasketa gune, irakurketa gune, kontsultarako eta ekintza desberdinetarako espazioa bihurtzea”.

 

Helburu horrekin, Liburutegi Nagusiko “ondare bibliografiko eta filmografiko izugarria sustatu, babestu, zabaldu eta ikustarazteko” zenbait helburu finkatu dira, “espazioen berregituratzea, bildumak berritzea, langileak berreskuratzea eta komunikazio eta marketingarekiko apustu garrantzitsua egitea. Liburutegia ikustarazi nahi dugu, askorentzat ezezaguna da”, adierazi du zuzendariak.

 

Espazioei dagokienez,Asun Maestrok azpimarratu du “ekintza desberdinetarako espazio bat botatzen dugu faltan, daukaguna txiki gelditzen da. 16 irakurketa klub ditugu eta ziklo ugari, eta eskaera asko heltzen zaizkigu gure espazioak erabili ahal izateko. Iazko erronka handiena, esaterako, Gloria Fuertesen erakusketa izan zen”.

 

Maestrok langile eskasia nabarmendu du. “36 langile ditugu, eta horietatik 24 bakarrik dauzkagu hemen, gainerako 9ak zerbitzu komunetan daude. Publikoari arretan 16 pertsona ditugu eta ez da nahikoa, hiru solairu dira, astean sei egunez. Egia da larunbatetan kanpotik datozen bi persona ditugula, baina langile gehiago behar dira”.

 

Zuzendariak adierazi du “ideia eta proposamen ugari dituztela baina ez dutela baliabiderik aurrera eramateko. Larunbatetan esaterako, irekita dagoen liburutegi bakarra denez, ez da jendea sartzen. Arazoa beti langile falta da, baina badirudi martxan dagoela kanpoko zerbitzuen kontratazioa”.

 

Jarraian, Parlamentarioek Liburutegi Nagusian zehar ibilbidea egin dute bertako langileen gidaritzapean. 25 milioi euroko kostua izan zuen liburutegiak, eta 2011ko martxoaren 1ean ireki zen. Egun milioi bat euroko aurrekontua du, eta horietatik 300.000 mantenu lanetarako bideratzen da.