Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Otsailak 23

Korrika Parlamenturaino iritsi da eta Parlamentuko lehendakariak egin dio harrera

Ainhoa Aznárezek euskararen aldeko lasterketaren antolatzaileen ordezkariak hartu zituen atzo


Parlamentuko lehendakariak, Ainhoa Aznárez Igarzak, atzo harrera egin zien Mertxe Mujika, Xabi Gartzia eta Asier Amondo Korrikako ordezkariei. Ordezkariok hogeigarren lasterketaren proiektua aurkeztu zioten, eta euskararen aldeko ekimen horrekin bat egiteko eskatu zioten erakundeari.

 

Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko lurraldeetan zehar egiten da Korrika, euskararen aldeko lasterketa, AEK-k antolatuta. Euskararen aldeko kontzientziazioa sustatzea du helburu, bai eta AEKren euskaltegietan egunero lan hori egin ahal izateko funtsak biltzea ere.

 

Azken 37 urteetan Korrikaren 19 edizio egin dira. Martxoaren 30ean hogeigarren edizioa beteko du, euskararen alde 2.000 kilometro baino gehiago eginez 11 egunetan.