Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Maiatzak 25

Koordainketaren ondorioak arintzeko ezartzen diren neurriak sinplifikatzeko eta horien berri zabaltzeko eskatu du Parlamentuak

Foru Legebiltzarrak aldarrikatu du Nafarroak baduela eskubidea osasunerako eskubideari eta gizarte babeserako bitartekoei buruz bere erabakiak hartzeko

Parlamentuak, gaurko osoko bilkuran onetsi duen ebazpen batean, Nafarroako Gobernua premiatzen du “berme-prozedura bat ezar dezan, koordainketaren ondorioak minimizatzeko ezartzen diren neurriek estaldurarik eta hedapenik handiena izate aldera balizko onuradun guztien artean”. UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek aldeko botoa eman dute eta PPN abstenitu egin da.

 

Horretarako, zehazten denez, “laguntza-eskaeraren tramitazioa ahalik eta gehiena errazteko” irizpideak erabiliko dira, “behar diren aholkularitza-bideak ezarriz, eta gizarte zerbitzu nahiz osasun etxeekin koordinazio eta elkarlanean”.

 

Gainera, beharrezkoa da “onuradunek, ahal den neurrian, sendagaien ordainketa aurreratu behar ez izatea, eta bide egokiak ezartzea automatikoa izan dadin koordainketarako laguntza, errezeta elektronikoa erabilita edo erabiltzaileak sendagaien aurretiazko ordainketara behartzen ez dituen beste edozein modutan”.

 

Eskatzen da, gainera, “onetsiko den arauan plan bat jasotzea, laguntza horiei buruzko berri-ematea ahalik eta gehiena hedatzeko, kanpainak eginez osasun etxeetan, farmazia establezimenduetan eta egokitzat jotzen den beste edozein tokitan”.

 

Onetsitako ebazpenak badu bigarren puntu bat; bertan Legebiltzarrak “berriro adierazten du arbuiatu egiten dituela apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege-dekretua eta bertan biltzen ziren koordainketa-neurriak, eta Espainiako Gobernua premiatzen du hura indargabetu dezan”. Puntu horretan UPNk eta PPNk aurkako botoa eman dute, eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-E taldeek aldekoa.

 

Jada hirugarren atalean, Nafarroako Parlamentuak, era berean, “arbuiatu egiten ditu Estatuak aurkeztutako errekurtsoak, bai 18/2012 Foru Legearen aurkakoa, bai beste autonomia erkidego batzuetan koordainketari aurre egiteko emandako arauen aurkakoak ere, eta erreibindikatzen du Nafarroak duen eskubidea, osasunerako eskubideari eta gizarte-babeseko bitartekoei buruz bere erabakiak hartzekoa, Estatuaren aldetik inolako inposizio, esku-sartze edo mugarik jasan gabe”. UPNk eta PPNk aurka bozkatu dute, PSN abstenitu egin da, eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu e I-Ek aldeko botoari eutsi diote.

 

EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenaren zioen azalpenean eskatzen da behar diren neurri guztiak har daitezela, hurbileko lurraldeetako esperientziak kontuan harturik, eskumen-gatazka saihesteko hautabide gisa diru-laguntza emateak ekarriko lituzkeen arazoak ekidite aldera. Estatuak eskumen-gatazka argudiatu zuen Farmazia Prestazioak osatzeari buruzko 18/2012 Foru Legearen aurkako errekurtsoa jartzeko, eta Konstituzio Auzitegiak eten egin zuen lege hori.

 

Diru-laguntza ematea juridikoki seguruagoa dela onartu arren, zalantzan jartzen da neurri horren eragina; urtean 18.000 eurotik beherako errenta duten pertsonen kolektibo osoaren onurarako pentsatuta dago (hilean gehienez ere 8,23 euro ordainduko dituzte, edo, 6.000 euro baino gutxiagoko errenta izanez gero, 2,6 euro), baina “Nafarroako Gobernuak berak aurreikusten du onuradun potentzialen heren bati ez zaiela iritsiko”. Onuradun potentzialak 242.000 dira, horietatik 44.838 pentsiodunak.

 

Hain zuzen, EAEn gertatutakoa gogorarazten da; bertan orain dela hiru urtetik aplikatzen da antzeko arau bat, eta, tramite burokratiko konplexuengatik, diru-laguntzaren “onuradun gerta litezkeen pertsonetatik % 20 inguruk bakarrik eskatu dute”.

 

Horregatik guztiagatik, eta oraindik Nafarroako Gobernuan “lanean ari direnez laguntza horiek eskatu eta eskuratzeko prozeduraren zehaztapenean”, proposatzaileak premiazkotzat jotzen du tramitazioa erraztuko duten informazio- eta administrazio-irizpideak ezartzea, “egun indarrean dauden koordainketarako arauei aurre egiteko, bereziki bidegabeak baitira egoera ahulean dauden gizarte-kolektiboekiko”.