Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Urriak 26

Komunitatearen egoerari buruzko eztabaida. UPNk, PSNk eta PPNk “gizartearen aniztasunaren aurrean Gobernuak darabilen dinamika identitarioa” gaitzetsi dute

GB gizarte kohesioa manipulazioari kontrajarri dio, Bildu emantzipazio prozesu mailakatuaz mintzatu da, Podemos justizia fiskalean sakontzeaz, eta I-Ek itunarekiko bere leialtasuna azpimarratu du

Nafarroako Gobernuko lehendakari Uxue Barkosen ordu eta erdiko hitzaldia aztertzeko 30 minutuko atsedenaldia egin ondoren, talde parlamentarioetako eledunek hitz egiteko txanda hasi da. Handienetik txikienerako ordenan aritu dira, lehenik oposizioko alderdiak, UPN, PSN eta PPN, eta ondoren Gobernua sostengatzen duten alderdiak, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta, azkenik, I-E.

Geroago, arratsaldean (17:15), Uxue Barkosek eledun guztiei batera erantzunen die, denbora mugarik gabe, eta eledunek erantzuteko beste hamar minutu izanen dituzte talde bakoitzeko, lehendakariak eztabaidari behin betiko amaiera emateko hitzaldia egin baino lehen, hura ere denbora mugarik gabe.

 

Segidan 15 minutuko tartea egonen da talde parlamentarioek erabaki-proposamenak aurkeztu ahal izateko, gehienez bost proposamen talde bakoitzeko. Bihar goizeko 9:30etik aurrera eztabaidatu eta bozkatuko dira proposamen horiek.


UPNk “erradikalismoa eta proiektu nazionalista” aipatu ditu

 

Javier Esparzak (UPN talde parlamentarioa) baieztatu du Uxue Barkos "hurrengo hauteskundeetan EH Bilduren hautagai ezin hobea” izan litekeela, eta gobernuburua eroso dabilela "EH Bilduren planteamenduak partekatzen, zeinak Nafarroaren garapenerako galga baitira".

 

Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidan Javier Esparzak adierazi duenez, Barkos "ez da Nafarroaren oparotasunerako, garapenerako eta etorkizunerako proiektu bat gidatzeko gauza. Lurralde honetarako proiektu nazionalista bat baizik ez du gidatzen, Euskadiri anexionatzea eta Espainiarekin haustea xede duena".

 

Javier Esparzaren esanetan, "Uxue Barkos egunetik egunera erradikalagoa da, Uxue Barkos moderatuak aspaldi kendu zuen mozorroa eta oraingo legegintzaldia Nafarroaren atzerapenarena izanen da". Horren aurrean UPN "Nafarroako Gobernu nazionalistaren alternatiba bakarra” dela baieztatu du, eta "2019ko maiatzetik aurrera egungo Gobernuaren obsesioak” irauliko dituela.

 

Foru Komunitateak "bi lehendakari” dituela esan du eledun erregionalistak: Uxue Barkos eta Adolfo Araiz (EH Bilduko eleduna). "Lehendakaritza korala da. Ederki koordinatuta daude, lana banatuta daukate, baita lauko Gobernuko bazkideak zenbait gaietan nork eta nola engainatuko dituen ere", azaldu du.

 

Javier Esparzaren iritzian, "Araizek eta Barkosek Nafarroarentzako proiektu politiko berbera partekatzen dute, Nafarroaren estatusa aldatu nahi dute, ez dute sinesten Espainiaren eta, ondorioz, euroaren barneko Nafarroa forudun batean. Euskadiren barneko eta, ondorioz, Europatik kanpoko Nafarroa dute amets eta horretarako lan egiten dute. Horixe dute lehentasuna eta horretantxe ari dira egunero", esan du.

 

Horren aurrean, eledun erregionalistak baieztatu duenez, "nafarrek ez dute nahi abentura independentistarik, sezesiorik, hausturarik". "Ez dute nahi Nafarroan gertatzea Katalunian gertatzen ari dena eta jakina, UPNk ez du halakorik onartuko, Katalunian gertatzen ari dena Nafarroan ez gertatzeko bermea da UPN", ziurtatu du.

 

Javier Esparzaren iritziz, "Nafarroaren autogobernua ez dago arriskuan, proiektu nazionalistak dira autogobernuaren aurkako arrisku bakarra, Nafarroak foru komunitate eta espainiar izateari uztea nahi dutenak".

 

Gainera, UPNko eledunak hau baieztatu du: "kezkatzen nauena Barkos da, ez naute haren hitzek kezkatzen, bereziki kezkatzen naute haren egintzek, hartzen dituen erabakiek, legea betetzen ez dutenen alde behin eta berriz jartzeak".

 

Hala, bada, Kataluniako egoerari aipamena eginez, Esparzak esan du Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioak "legezkotasuna, demokrazia eta askatasuna" baizik ez dituela defendatzen, "eta baita Kataluniaren autogobernua ere, baina legearen barruan".

 

Bere hitzaldian, Javier Esparzak azken urteko kudeaketari erreparatu dio eta Barkos kritikatu du "ez duelako aldatu bere gobernatzeko modua, herritarren zoritxarrerako, haiek jasaten baitituzte beraren erabakiak". "Barkosek jarraitzen du bere erabakiak inposatzen, inori entzun gabe, eta nagusikeria egunetik egunera okerragotzen ari da, jarraitzen du bere burua errealitatearen jabe bakartzat edukitzen, berak inoiz ez du hutsik egiten, inoiz ez du lurralde honetan gertatutako ezeren erantzukizunik".

 

Gainera, "Nafarroako gizartea engainatzea” leporatu dio Foru Gobernuari. "Gobernuak ez du hitz egiten, inposatu egiten du; Gobernuak ez du bereganatzen, kanporatu egiten du etengabe. Gobernu honekin Nafarroa gardentasunaren sailkapeneko azken postuetara joan da, beretarrentzat gobernatzen du, bere ideologiarekin bat ez datorren inori entzun edo aditu gabe".

 

Gainera, Geroa Bai "Nafarroaren garapenari alergikoa” dela esan du Javier Esparzak. "EH Bildu beti izan da Nafarroaren garapenerako galga, ez genekiena da Geroa Bai ere halakoa dela".

 

Horren aurrean, "herritarrek etorkizunean pentsatzen duen gobernu bat nahi dute, lurralde honen garapenaren alde apustu egiten duena, ongizatea, aukera-berdintasuna eta enplegua eskaintzen dituena". Adierazi du, ildo horretatik, UPNk abiadura handiko trenbidea eta Nafarroako Ubidea garatzeko lan eginen duela, eta bidenabar kritikatu egin du Foru Gobernuaren arlo horretako kudeaketa lana.

 

UPNko eledunak esan duenez, Nafarroa "jada ez da Espainiako langabezia tasa txikieneko erkidegoa, hirugarrena da; Gobernuak inbertsio gutxien erakartzen duen erkidegoa bihurtu du Nafarroa; gaur-gaurkoz enplegu planik gabe segitzen dugu Nafarroan; Nafarroako hezkuntza euskal nazionalismoaren zerbitzuan dago, eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentua buru-belarri dabil identitate kontuetan, besteak beste euskara inposatzen".

 

Gainera, krisialdi ekonomikoko urte latzenak gaindituta dauden honetan, "eguneroko kudeaketa errore, kargu-uzte eta dimisioz josita” dagoela baieztatu du.

 

PSNk aurrerapen sozial “txikiegiak” ikusi ditu

 

María Chivitek (PSN talde parlamentarioa) iragarri du laukoak legegintzaldia bukatuko duela, baina ez duela gobernua berriz hartuko. "Identitatea berdintasunaren gainetik defendatzeak ez du ezer aurrerakoitik edo ezkertiarretik, horregatik gobernu hau ez da soziala, ez ezkerrekoa, ez aurrerakoia, eta guk horrelako gobernu bat behar dugu".

 

Eledun sozialistaren esanetan, "kurtso honetan aurrerapen sozialak ikusi ditugu, baina txikiegiak". Kritikatu egin du "Gobernuaren hanka nazionalista eta EH Bilduren lidergo gero eta nabarmenagoa azeleragailua zapaltzen" ari direla, "beste aukerarik izanen ez dela jabeturik, ziur aski".

 

Chivitek "aniztasuna bere baitan biltzen duen bizikidetasunerako deia" egin du. "Gure lurraren konplexutasunak ez du zertan arazo izan", esan du, eta, horregatik, "hura aukera bihurtzeko” eskatu du.

 

Chivitek erakunde publikoetako arduradunei eskatu die beren gain har dezatela "desberdintasuna gizartean liskarra sortzeko eta herritarren arteko leizeak irekitzeko ez erabiltzearen konpromiso etikoa". Ildo horretan hau adierazi du: "ez gaude ados identitatea goratzeko dinamikarekin, aurten, bereziki, ikusten ari garen horrekin. Euskal nazionalismoak bere profila igo du eta eskuinari hegoak eman dizkio nazionalismoaren kontrako tonua ozentzeko, eta hori ez dugu atsegin".

 

Chiviteren iritzian, ezkerra "ez da nazionalista, ez du bereizten, errespetatu egiten du, herritarrez mintzo da, ez herriaz, aniztasuna ulertzen du, herritar guztiak Nafarroaren parte senti daitezen. Gehiengo soziala ez da erradikala. Ez dira desberdintasunak azpimarratu behar, guztiok batera dugun hori baizik".

 

Nafarroako datuei helduta, María Chivitek enplegua aipatu du, "marmotaren eguneko eztabaida" iruditzen zaion gai bat. "Berriz ere lehendakariak ez du enplegu planik iragarri, aipatu ere ez du egin. Adi autoatseginkeriari, oso arriskutsua baita".

 

Eledun sozialista nahigabetuta agertu da lehendakariak ez duelako aipatu ere egin "Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua. Elkar-hartze sozialaren garrantzia aitortzeari uko egiten dio. Gainera, sindikatu nazionalistek ate kolpea eman diote. Hauxe besterik ezin diot esan, negozia dezala… negoziatu nahi duenarekin".

 

María Chivitek, garapen ekonomikoaren alorrean, "Nafarroako errepideetako arazo larriak" kritikatu ditu, eta "Hitzarmen Ekonomikoaren inguruko berrien zain" dagoela esan du. Zergen alorrean, "nola ez zen ba handituko zerga bilketa, errenta apalen ahalegin handiagoaren eta kargupeko seme-alabak dituzten errenta ertainen zigorraren kontura? Zuzendu ezazu, eta bilaka ezazu PFEZa zerga justu bat".

 

AHTari buruz, hau baieztatu du: "beharrezkoa da, eta hori badakite hemen aurka egin baina beste autonomia erkidego batzuetan eskatzen dutenek ere. Negargarria izan da trenbidearen inguruko komedia. Eskumena Espainiarena da, eta konpromisoa eta bizkortasuna eskatzen dizkiogu Gobernu zentralari. Nafarroan alde biko akordioa da desiragarria, baina EH Bilduk lehendakariordearen aurkako tonua ozendu du, Ayerdik oraindik ere akordioa nahi duelako".

 

Nafarroako Ubideaz ere hitz egin du Chivitek. "Leherrarazi nahian ibili zirenak orain jabeturik daude azpiegitura hori beharrezkoa dela".

 

Hezkuntzaren arloan, María Chivitek esan du "hezkuntza gobernu nazionalista baten kutuna" dela, eta deitoratu du "hezkuntza publikoa gainbehera datorrela, itundutako ikastetxeetako matrikulak gehitzen diren bitartean. Okerrago ezin da egin, baina hizkuntzak aurrez aurre jartzen tematzen zarete, familiek egiten ez duten zerbait. Zuek zarete sektarioak", esan du, Gobernuari zuzenduta.

 

Osasunari dagokionez, eledun sozialistak berea ez den arrakasta bere buruari ez egozteko eskatu dio lehendakariari. Osasun arloko politiken balorazio "positiboak" egiten dituela adierazi du, baina hau erantsi du: "ez dago inor Osasun Departamentuak itxarote zerrendei buruz ematen dituen datuak sinesten dituenik".

 

Beste gauza batzuen artean, Chivitek adierazi du "pauso positiboak" ematen ari direla "memoria historikoaren arloan", baina ez oraintsuko memoriari dagokionez, eta hori ez dela kasualitatea. "Pena da, ETAren biktimak ezin baitira bazterrean gelditu Bilduko zure bazkideek egiten dizuten trabaren ondorioz".

 

Amaitzeko, Chivitek honako hau nabarmendu du: "hizkuntza, bandera eta lurraldea, nazio eraikuntzaren ildoak, horra Gobernuak hartu duen bidea. Gutxiengoa dira, ordea. Hori bai, Podemos-Ahal Duguren jarrera deitoratzen dugu, ikusten dugulako hemen zein Katalunian kausa sezesionista besarkatu duela".

 

PPNk “euskal herritarrak izateko aldaketa” hautematen du

 

Ana Beltránek (PPN) baieztatu duenez, "ozen eta argi esan daiteke" Uxue Barkos buru duen Foru Gobernua "nafarrok euskal herritar izateko aldaketaren gobernua" dela. "Euskal gobernu nazionalista hau lanean ari da hizkuntza eta lurraldea Euskal Autonomia Erkidegoarekin batzeko".

 

Ana Beltránek erantsi du Barkos "bere erkidegoa desagertzea nahi duen Espainiako lehendakari bakarra" dela, eta "dagoeneko bere grina identitario eta anexionistagatik soilik” ezagutzen dutela.

 

PPNko eledunak Kataluniako egoera ere aipatu du. Haren ustez, Barkos "legea urratzen dutenen alde jarri da", eta horrek "bere postuan jarraitzeko legitimitatea kentzen dio".

 

Halaber, Foru Gobernuko lehendakaria "Nafarroa pobretuaren bila dabiltzan bere bazkide erradikalenen aurrean belaunikatu” dela baieztatu du Ana Beltránek. "Sekula ez da ikusi erkidego bateko gobernuak muzin egitea Gobernu zentralak eskura jartzen dizkion inbertsioei, abiadura handiko trenbidearekin egin duen bezala eta Nafarroako Ubidearekin egin nahi duen bezala".

 

"Gobernuak, herritarrei entzun ordez, bere bazkideei begiratzen die, Itoizko urtegia eraiki ez zedin hil, bahitu eta estortsioa egin zutenak gaitzesten ez dituzten horiei, eta haietako bat, EH Bildu, bere gobernuan eserita dauka", baieztatu du Beltránek.

 

Eledun 'popularrak' bere buruari galdetu dio "halako kideekin zer-nolako saskia osatu ote daitekeen kudeaketa ekonomikoan", eta Gobernuak "lur errearen" politika aplikatzen duela erantsi du. "Gobernua hartu zutenez geroztik enpresak galtzen ari gara etenik gabe. Badoaz eta ez dira itzultzen, ez garelako erakargarriak ez zergen aldetik ez juridikoki. Kataluniatik irten diren enpresetatik batek ere ez du hemen kokatu bere egoitza fiskala", nabarmendu du.

 

Ana Beltránek ziurtatu duenez, "Nafarroa, foru komunitate gisa, Espainiako batasunaren giltzarri da, baina inork ez du ezagutzen duela bi urtetik hona, inposizioaren, alderdikoikeriaren eta euskal nazionalismoaren aldeko alderdiek gobernatzen dutenetik".

 

PPNko eledunak esan duenez, "inposizioa, alderdikoikeria eta doktrinatzea agerikoak dira hezkuntzan", eta oraingo Gobernuak "etengabe erabili du hezkuntza nahierara, bere helburu politikoak lortzeko tresna gisa. Departamentua bere irizpide ideologikoak inposatzen aritu da, ikasleei eragindako kalteaz batere axolarik gabe".

 

Ondoren, Beltránek Nafarroako hezkuntza sistemaren kritika egin du. "Ez da parte hartzekoa, ez du aukera-berdintasuna errespetatzen, ez da eleaniztuna. Departamentu horrentzat existitzen den hizkuntza bakarra euskara da, baina eremu ez-euskaldunean D eredua inposatzeko ahaleginaren porrota erabatekoa izan da, hiru ikasle soilik matrikulatu dira Tutera aldean".

 

Ana Beltránen esanetan, Nafarroako Gobernuak "marra gorria egin du Nafarroan haren idealak bultzatzen dituztenen eta bultzatzen ez dituztenen artean, euskara dakitenen eta ez dakitenen artean, gutxiengoaren eta gainerakoen artean, lehenbizikoei mesede eta gainerakoei kalte egiteko".

 

Osasun Departamentuaren kudeaketa ere kritikatu du, esanez nahasmendua dagoela, "dimisioak, kargu-uzteak, langile gabezia, medikuntzako profesionalen ihesa edota itxaronaldi luzeagoak". Haren iritziz, "departamentua norabide argirik gabe dabil".

 

Eskubide Sozialen arloan Ana Beltránek hau adierazi du: "bigarren urtez jarraian errenta bermatuak ez du behar adinako aurrekonturik, eta kontrataziorako pizgarrietarako dirua eman ordez sorospenak ematen segitzen dugu. Prestazioen gizartea sortzen ari zarete, lan egin eta kotizatu beharrean sorospenenetatik bizi dena. Soziala izan ezik beste edozer da Gobernua".

 

Beltranen iritzian, Gobernua politika sozialez mintzatzen da "Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra pozik edo engainatuta edukitzeko, eta dirua benetan jasotzen duten politikak garatzen ditu bitartean, euskal politika nazionalistak; hortxe kokatzen da Euskara Plana, 10 milioi euro jasoko dituena".

 

Geroa Baik oposizioaren “arduragabekeria” deitoratu du

 

Koldo Martínezek (Geroa Bai talde parlamentarioa) oposizioko alderdien "arduragabekeria" kritikatu du, esanez "beren boto aukerek bakarrik” axola dietela eta "Nafarroa berriz gobernatzeko eginahalak” egiten dituztela.

 

Martínezek Barkos lehendakariaren diskurtso "txukuna" aldeztu du eta "orain arte bezala” lanean segitzeko adorea eman dio. "Aldaketaren Gobernua gehiengo askoz sozialago eta aurrerakoiago batekiko identifikaziotik sortu zen", esan du.

 

"Geroa Bain herritarren integrazio maila handiagoa bilatzen dugu", adierazi du Martínezek, eta ondoren kritikatu egin du "oposizioak legegintzaldi honetako zero minututik izan duen jokabide manipulatzaile eta oztopatzailea".

 

Geroa Baiko eledunak gogor salatu du "oposizioaren arduragabekeria, beren boto aukerek bakarrik axola baitiete. Ez da serioa Nafarroako gizarteari sinetsaraztea Gobernu honek Komunitatea porrotera eraman nahi duela. Gobernu hau agintea hartu zuenean baino egoera hobean uzten ari da Nafarroa".

 

Haren iritziz, "oposizioko alderdiek eginahalak egiten dituzte Nafarroa berriz kudeatzeko. Eta gobernu honek lehen minututik dihardu gizarte kohesioaren alde nafar guztientzat, haiek direlako gure jardun politikoaren muina", esan du, eta "politika ardaztailea” aldeztu du.

 

Katalunian 155. artikulua aplikatzeari buruz honako hau esan du: "askatasunen kontrako mehatxua da, eta zenbait alderdi zer egiteko gauza diren erakusten du, bai eta UPNren esku hartzeko irrika ere, nafar petoa baino gehiago errekete nafarra bera, foruzalea baino gehiago Espainiako soberanismoaren liderra. Ez al da zentzuzkoagoa Kataluniako gizarteak dioena errespetatzea?", galdetu dio osoko bilkurari.

 

"Parlamentuko indar politiko guztiei proposatzen diegu gure foruen berezitasuna denon artean defendatzeko konpromisoa". "Nafarroari ahalik eta eskumen gehien" ematearen alde agertu da eta "Foruaren Hobekuntzaren erreforma" proposatu du, "oinarritzat izanen duena eskubide historikoak eta nafarrei dagokien erabakimen osoa aitortzea, alderdien arteko adostasun zabalaren bidez, eta testu berria herritarren berrespenpean jarrita. Eskubide historikoen bideari jarraitzea da gakoa", azpimarratu du.

 

Ildo horretan, apustu egin du Nafarroak auzoko erkidegoekin harremanak izatearen alde, haiei bizkarra emanda bizi beharrean, "UPNko gobernatzaileek egin zuten bezala. Nafarroaren eta EAEren arteko lankidetza iraunkorra Foruen Hobekuntzan aurreikusita dago, eta erkidego bakoitzeko herritarren errespetua du oinarri", azaldu du, eta gainera Foru Komunitateak Europan ere presentzia izatearen alde agertu da.

 

EH Bildu eta “mailaz mailako emantzipazio mugimendua”

 

Adolfo Araizek (EH Bildu talde parlamentarioa) baieztatu duenez, Foru Komunitatean legegintzaldiko bi urteren buruan "desmuntatzen hasia da hainbat urtetan Nafarroa gobernatu zuen erregimena". Uxue Barkos lehendakariaren diskurtsoarekin "guztiz eroso" dagoela esan du, legegintzaldiaren amaierara arte bete beharreko konpromisoei dagokienez.

 

Gainera, Gobernuak orain arte egindako urratsak "programa-akordioaren ildotik" joan direla baieztatu du, eta 2018. urteak "aldaketari bultzada emateko eta hartan sakontzen jarraitzeko giltza" izan behar duela erantsi du.

 

Adolfo Araizek gonbita egin du “aldaketa mailaz mailako eta epe luzeko emantzipazio prozesu gisa ulertzeko, ezin dugulako urtebetean edo lau urtean ito beharrean ibili. Ez dut esanen hogeita hamar urte behar ditugunik, baina uste dugu lanean jarraitu behar dugula auzolan masibo batean eta hor eskutik joan behar dutela, beren kontraesan guztiak gorabehera, erakundeen lanak eta herritarren jardunak".

 

EH Bilduko eledunak Kataluniako egoerari eskaini dio bere hitzaldiaren zati handi bat, eta kritikatu egin du Espainiako erakundeen erantzuna. "Espainiar nazionalismoak, zeinaren existentzia batzuek ukatu egiten baitute, 1958an onetsitako Mugimenduaren printzipioetan ainguratuta segitzen du. Espainiako erakundeak beren jarrera atzerakoienetan gotortuta daude, Espainiaren batasunaren defentsa porrokatuan, nazioen xede legitimoen aurkako azken gotorlekuan".

 

Adolfo Araizen esanetan, "Kataluniaren autonomia eteteak berekin dakar egitatez 1978ko erregimena amaitzea, orain arte ezagutu dugun moduan". Espainiako erakundeen erantzuna "Espainiako Estatuan dauden komunitate politikoei ere” zuzenduta dagoela adierazi du.

 

EH Bilduko eledunak azaldu duenez, "Nafarroan, 155. artikulua guri aplikatzera iritsi ez badira ere, zapaltzen joan da gure autogobernua". Gobernu zentralak Konstituzio Auzitegian foru legeen aurka jarritako 17 errekurtsoak aipatu ditu.

 

Adolfo Araizek aldarrikatu du Nafarroak eskubidea duela "bere estatus politiko eta juridiko bereizia defendatzeko, berari buruzko erabakiak hartzeko, eta parekoen arteko harremanak izateko beste edozein erakunderekin, Espainiako Estatua barne. Nafarroako erakundeetatik subiranotasunaren kontzeptu horren alde egin behar dugu, bestela Estatuaren tresnek mendekotasunezko harremanetara eramanen gaituztelako zalantzarik gabe. Edo Nafarroan erabakitzearen eta denari buruz erabakitzearen alde apustu egiten dugu, edo ziur aski Madriletik erabakiko dute gure ordez".

 

Podemos-Ahal Dugu eta “atzerabiderik gabeko lege mugarriak”

 

Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu) baieztatu duenez, "Nafarroako biztanleek jakin behar dute geldiarazten ari dela eskubide sozialen aurkako eraso orokorra, bi alderdiko sistema zaharrak herriari inposatzen jarraitzen duena". Legegintzaldi honetan "herritarren bizi kalitatea hobetzeko atzerabiderik gabeko lege mugarriak” onetsi direla gehitu du.

 

Mikel Builen ustez, "Estatuan osasun eta hezkuntza arlo publikoak merkaturatzen jarraitzen duten bitartean, Nafarroan osasunaren eta hezkuntzaren aldeko kontu-sail eskergak izan dituzten bi aurrekontu onetsi ditugu dagoeneko".

 

Podemos-Ahal Duguko eledunak esan duenez, "gauza horiek eta beste gauza asko ezin zitzaketen egin UPN, PSN eta PPNk, beren erreforma fiskalarekin 100 milioi galtzen zituztelako. Laukoak, aldiz, nafarren ahaleginaren laguntzaz, 400 milioi euro lortu ditu bizirauteko eta demokrazian aurrera egiteko diren kontuetarako, ez Arena kiroldegirako".

 

Hala ere, Mikel Builek uste du aldaketan sakontzeko unea dela. "Pobreziaren kausari ekiteko unea da. Aberastasuna subiranotasun eran banatzeko garaia da. Guztien onuraren ekonomia sortu beharra dago, eragile sozial guztien parte hartze demokratikoan oinarritua".

 

Podemos-Ahal Duguko parlamentariaren iritziz, "sailkapenetako lekurik onenetan dagoen Nafarroa horrek desberdintasun sozial izugarria ezkutatzen du zenbakien atzean", eta desberdintasun horren ardatzak "lurraldea, generoa eta adina” dira.

 

Gainera, Mikel Builek ohartarazi du Nafarroa ingurune "ezegonkor" batean dagoela. "Azken bi hamarkadetako munduko sistema ekonomikoak behea jo du, eta Europaren proiektuaren nahiz itun sozialaren porrot sekulakoa finkatu da".

 

Hala, bada, "ingurune ezegonkorraren ondorioz arriskuan dagoen aldaketan sakontzeko garaia dugu, eta alde askotatik itzulbiderik gabeko aldaketa gertatu bada ere, lan egin beharra dago gure komunitateko jendearen eta herrien subiranotasuna berreskuratu eta indartzeko".

 

Mikel Builek bere "sostengua" eskaini dio laukoari, "herritarrek erabakitzeko duten eskubidea artikulatzera" bideratutako neurriak aplikatzen jarrai dezan, "ez lurralde egituraren gaineko neurriak bakarrik, baita herritarrei eragiten dieten kontu guztien gainekoak ere; aurrera jarraitu behar da genero-ikuspegiaren aplikazioan; aintzat hartu behar dira krisi ekologikoa, klima aldaketa, garapen jasangarriaren arloko helburuak; justizia fiskala hobetzen jarraitu behar da, iruzurraren aurka borrokatuz".

 

Bere hitzaldian Mikel Buil Kataluniako egoeraz ere aritu da. "PSOEk, PPk eta Ciudadanosek Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzeko egin duten itunak bidea ireki die Estatuaren errepresioari eta demokraziaren bahiketari, antzina bezala". "Jada Konstituzio Auzitegiaren beharrik ere ez dute. Zerbait gustuko ez badute elkarrekin hitz egin eta 155. artikulua aplikatzen digute", adierazi du.

 

I-E, aldaketari leial

 

Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra talde parlamentarioa) esan du bere taldea "aldaketari leiala" dela, eta Nafarroako Gobernuaren legegintzaldiaren lehen erdiaren balantze "positiboa" egin du, nahiz eta "desadostasun" batzuk agertu dituen AHTa eta hezkuntzako zenbait kontu direla eta. "I-Ek programa-akordioa ahalik gehien garatzeko lan eginen du", agindu du.

 

De Simónek "Nafarroan aldaketa politiko argia ekarri duen Gobernuaren bi urteak" baloratu ditu. "Programa-akordioaren zati garrantzitsu bat garatu da, Nafarroarentzat berariazko ibilbide-orria markatzen duena, gauzatzen ari den aldaketaren muina, hain zuzen".

 

Honako hau azpimarratu du: "lehentasun sozialak dira murrizketei eta pribatizazioei buelta ematea, berdintasuna, gizarte-kohesioa, pertsonak politiken erdigunean kokatzea". Bestalde "Nafarroako aniztasunak, nafar guztien ondasun horrek” duen balioa nabarmendu du.

 

De Simónek esan du I-E "aldaketari leiala" zaiola. "Berriro hartuko genuke erabaki bera. Aldaketak baditu bere etsaiak, baina aldaketaren etsai handiena ez da UPN, ezta horren aldekoak ere, aldaketa bere buruarengandik aldentzea baizik, bere buruari uko egitea eta bere norabidea aldatzea. Printzipio horietatik urruntzen ez bagara aldaketak etorkizuna izango du, eskuinera joz gero aldaketa ahuldu eginen litzateke, eta kontakizun nazionalista balego ere bai", ohartarazi du.

 

Zehaztu duenez, "Gobernua aldaketa programatikoaren zordun da eta horren bitartez buelta ematen ari zaie politika antisozialei, ez guk nahi genukeen neurrian ordea". AHTa edo hezkuntzaren alderdi batzuk direla-eta Gobernuaren erabaki batzuekin bat ez datozela ohartarazi du. "Hala ere, berriz diogu balantzea positiboa dela".

 

De Simónek "zerbitzu publikoak garatu eta indartu" egin direla azpimarratu du, eta badagoela konponbide bat "Erriberara ura eramateko, Nafarroako Ubideko bigarren fasea garatuz. Orain abian da, legegintzaldi berri honetan".

 

"UPNk iragartzen zuen apokalipsia ez da etorri, Nafarroa ez da hondoratu, ekonomiak ez du porrot egin eta enpresek ere ez. Foru Komunitatearen sinboloei ere ez zaie erasorik egin, betikoak dira, hor daude haizetara eta Nafarroako erakunde guztietan ageri dira".

 

Marisa de Simónek azpimarratu duenez, "Nafarroa betikoa da, ez da Euskadin sartu eta ez da Espainiarengandik independizatu. UPN eta PPN barregarri gelditzen ari dira kontu horrekin. Etorkizunerako bidean ez du lekurik UPNko beste gobernu batek. Aldaketak bere printzipioak baztertzen baditu soilik eginarazi ahal dio porrot bere buruari; Izquierda-Ezkerratik indartu eginen dugu aldaketa".