Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Maiatzak 25

Kargua utzi ondoko sarien ordez langabezia ezartzeko Estatuko legegintza-ekimena onetsi da

Nafarroako Parlamentuak Kongresuan lege proposamen bat defendatuko du parlamentari autonomikoek gainerako langileen pareko ordainketa araubidea izan dezaten

Nafarroako Parlamentuak Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorraren legedia aldatzeko Foru Lege proposamena onetsi du gaur, parlamentari autonomikoen ordainketa sistema gainerako langileen sistemarekin parekatzea xede duena. UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-E taldeek alde bozkatu dute eta PPN abstenitu egin da.

 

Estatuko legegintza-ekimena da. Osoko Bilkurak aintzat hartu zuen apirilaren 27an, eta, zuzenketarik aurkeztu ez denez, ez zaio irizpenik egin Batzordean. Orain Diputatuen Kongresuan defendatu behar da.

 

Martxoaren 16ko osoko bilkuran Podemos-Ahal Dugu taldeak eskatuta onetsi zen erabaki baten ildotik sortu da lege proposamena. Erabaki hartan adierazi zen aldaketa egin beharra zegoela, “kargua utzi ondoko sariek eta beste pribilegioek ordezkari politikoak gainontzeko herritarrengandik urrunarazten dituztela salatzen duen aldarri sozial eta politikoa biltze aldera”.

 

Hori dela eta, besteren konturako langile guztiek dituzten lan arloko eskubide eta berme berak eskatzen dira parlamentarientzat. Gaur egun asmo horren kontrako oztopo da apirilaren 30eko 705/1999 Errege Dekretua; izan ere, bertan xedatutakoaren arabera, autonomia erkidegoetako legebiltzarretako kideek “Gizarte Segurantzako Araubide Orokorraren babes-ekintza osoa jasoko dute, salbu eta langabezia-kontingentzia”.

 

Estatuko traba hori saihesteko, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta Izquierda-Ezkerra taldeek sinatutako testuan proposatzen da parlamentariak langabeziaren ondoriozko babesaren eremuan sar daitezela, abenduaren 7ko 37/2006 Legeak toki erakundeetako hautetsiak, sindikatuen ordezkariak eta Administrazioko goi kargudunak sartu zituen bezala.

 

Horretarako aldatu eginen litzateke ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuaren 205. artikuluko 4. idatz-zatia, halako moduan non langabeziagatiko babesaren eremuan sartuko bailirateke autonomia erkidegoetako legebiltzarretako kideak, “toki korporazioetako eta foru lurralde historikoetako batzar nagusietako kideekin, Kanariar Uharteetako kabildoetakoekin, Balear Uharteetako uharte kontseiluetakoekin eta Sindikatu Askatasunari buruzko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoaren babesean eraturiko sindikatuetan ordezkaritza-karguak izan eta zuzendaritza-eginkizunak betetzen dituztenekin batera; betiere, horiek guztiek zehaztu diren karguak betetzen badituzte, erabateko dedikazioarekin edo dedikazio partzialarekin eta ordainsari baten truke”.

 

Langabezia-kontingentziarengatik kotizatu beharko lukete, eta frogatu beharko lukete “kargua utzi dutela eta ez daudela nahitaezko eszedentzian edo lanpostu batera itzultzeko aukera ematen duen beste ezein egoeratan”.

 

Ekimenaren titularren iritziz, oraintxe baldintza egokiak betetzen dira, Foru Komunitateak eskumenik ez duenez, Kongresuaren sostengua behingoz lortzeko. Hala balitz, Nafarroako ekimena, Espainiako Konstituzioaren 87.2 artikuluaren itzalpean formulatua, lege arrunt gisa izapidetuko litzateke.

 

Konstituzioaren 87.2 artikuluaren arabera, autonomia erkidegoetako legebiltzarrek Kongresuaren Mahaiari lege proposamenak igorri ahal dizkiote (edo Estatuko Gobernuari lege proiektuak onartzeko eskatu), eta gehienez hiru ordezkari izenda ditzakete, Kongresuan ekimen horiek defenda ditzaten.

 

Kongresuan legegintzako ekimenak aurkezteko ahalmen hori Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 212. artikuluak garatzen du. Proposamenak legegintza-prozedura arruntaren bidez izapidetu behar direla adierazten du. Desberdintasun bakarra dago: Osoko Bilkurak proposamena onetsitakoan, ez zaio Nafarroako Gobernuko lehendakariari igortzen, Diputatuen Kongresuko lehendakariari baizik, azken legebiltzar horretan izapidetu dadin.

 

Lege proposamena Kongresuan defendatzeko ardura izanen duten foru parlamentarien izendapena Mahaiak onetsitako arauei jarraituz eginen da, Eledunen Batzarrak erabaki loteslea hartu ondoren.

 

Arau horiek diotenez, proposamenaren aurka bozkatu ez duten hiru parlamentarik defendatu behar dute proposamena, eta Mahaiak izendatu behar ditu. Horietako bat ekimena sustatzen duen taldeak proposatuko du, eta beste biak Eledunen Batzarrak hautatuko ditu (boto haztatua) taldeek proposatutakoen artetik.