Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Maiatzak 10

Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoa sortzeko Foru Legea

Osoko Bilkuran onetsia. 2018ko maiatzak 10

Parlamentuko Osoko Bilkurak Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoa sortzeko Foru Legea onetsi du gaur. Bozketan UPN eta PPN abstenitu egin dira. Irizpenaren testuan jasotako txostena egin duen ponentzia berariaz eratu da bulegoaren ezarpenerako beharrezkoak diren baliabide funtzional eta ekonomikoetan eta irizpide teknikoetan sakontzeko, PPNk hala eskatuta. Legea NAOn argitaratu eta hiru hilabetera sartuko da indarrean.

 

Abiaburuko dokumentu gisa, ponentziak Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoa sortzeko Lege Proposamena erabili du, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak sinatutako testua. Legebiltzarreko Osoko Bilkurak aintzat hartu zuen 2016ko irailaren 29an (PSNk aldeztu zuen eta UPN eta PPN abstenitu egin ziren), eta geroztik erregistratutako 28 zuzenketa partzialak gehitu zaizkio.

 

Foru lege proposamenaren xedea da “gardentasun eta zuzentasun mailarik handiena sustatzea politika publikoak edo administrazio-jarduketak taxutzean, gauzatzean eta ebaluatzean, Nafarroako erakunde publikoetako eta horiek parte hartzen duten sozietate eta entitateetako ustelkeria eta iruzurrezko jardunbideak detektatuz, prebenituz, ikertuz eta ezabatuz”.

 

Xede horri begira, “herritarrek beren erakundeen kontrol eraginkorrean egiaz parte har dezaten eta arduradun politikoek herritarren nahiz beren ordezkaritza-organoen aitzinean kontu eman dezaten”, Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoa sortzen da, “erakunde publikoen galera morala, Foru Ogasunaren txirotze ekonomikoa eta zerbitzu publikoen kalitate galera” ekidin behar duen organo espezifiko gisa.

 

Nazio Batuen 58/4 Ebazpenarekin eta Europar Batasunaren Tratatuaren 325. artikuluarekin bat etorriz —biek dute helburutzat iruzurraren aukako borrokan sakontzea—, Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoa zuzenbide publikoko entitate gisa taxutuko da, eta berariazko nortasun juridikoa eta independentzia organiko eta funtzionala izanen ditu.

 

Bulegoaren eginkizunek ez dituzte ezertan ere galaraziko Kontuen Ganberari eta Nafarroako Arartekoari dagozkienak (bikoiztasunak ekiditeko, bulegoak urtero bere jarduketa-plana bidaliko die urtarrilaren 31 baino lehen) edo bestelako kontrol eta fiskalizazio erakunde batzuei dagozkienak. Bulegoak laguntza emanen die gardentasunaren, iruzurraren eta ustelkeriari aurre egitearen arloan harenak bezalako eginkizunak dituzten autonomia erkidegoetako, estatuko, Europako edo/eta nazioarteko erakundeei, eta horiekin lankidetzan arituko da.

 

Bulegoak kudeatuko du goi-kargudunen eta hautetsi publikoen Jardueren eta Interesen Erregistroa (baita toki-entitateena ere, horretarako hitzarmena eginez gero). Urtebeteko epean Jokabide Kode Etiko berria taxutu beharko du, zeinaren bidez jokabidea arautuko baitzaie Nafarroako Gobernuko kideei, goi-kargudunei, behin-behineko langileei, sektore publikoko zuzendaritza-kideei eta Nafarroako Parlamentuko nahiz Toki Administrazioko hautetsiei.

 

Epe berean eta lege-maila berarekin, lobbyen eta lobbyzaleen erregistro eta jokabide-kodea sortuko da, gobernuak eta enpresak hertsatzeko gai diren talde horien jokaerari mugak ezartzeko, batez ere erabaki politiko eta ekonomikoei dagokienez. Barnean hartuko du zehapen-prozedura.

 

Bi erregistro horiek Gardentasunari eta informazioa eskuratzeari buruzko Foru Legean xedatutakoaren arabera arautuko direla erabaki da.

 

Bulegoaren prebentzio eginkizunen artean aipatzekoak dira, halaber, jardunbide egokien gida sustatzea zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko xedez, eta aholku ematea, txostenak egitea eta proposamenak formulatzea, arau-aldaketenak barne, disfuntzioak edo jarduketa diskrezionalak ekidite aldera.

 

Ikerketa lanei dagokienez, bulegoa Parlamentuarekin lankidetzan arituko da, baldin eta parlamentariek eta taldeek hala eskatzen badute, eta edozein jokabide irregular ikertu ahalko du, baldin eta kode etikoaren kalterako bada edo interes gatazkarik nahiz onura pribaturako aprobetxamendurik ekar badezake.

 

Xede horrekin postontzi bat paratuko da, herritarrek kexak, salaketak edo iradokizunak aurkez ditzaten Foru Komunitateko Administrazioko eta haren menpeko erakunde, ente, entitate, fundazio, partzuergo eta enpresa publikoetako —baldin eta partaidetza handiena edo jabari eraginkorra hari badagokio, alde batera utzita zuzenbide publikokoak edo pribatukoak diren— agintari, langile eta goi-kargudunen jarduketa edo jokabideei buruz.

 

Partaidetza hori % 50ekoa baino txikiagoa baldin bada, bulegoaren jarduketa-eremuak honako hauek ere hartuko ditu: zerbitzu publikoak kudeatzeko jarduerak, herri lanak egiteko jarduera eta laguntza eta hornidura jarduerak. Goian esandakoa berdin aplikatuko zaie toki erakundeei, Nafarroako Unibertsitate Publikoari, alderdi politikoei eta sindikatu- zein enpresa-erakundeei, bai eta lotutako fundazio eta elkarteei ere, Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legearen 4.1.e) artikuluan aurreikusitako lotura baldin badute (haien jardueraren erdia baino gehiago finantzatzea edo zuzendaritza organoetako kideen erdiak baino gehiago hautatzea).

 

Lehendik badiren kontrol eta fiskalizazio erakundeekin koordinaturik arituko da bulegoa, funtsean Kontuen Ganberarekin eta Arartekoarekin (urteko bere plana igorriko die, bikoiztasunak eta interferentziak ekiditeko). Ofizioz nahiz salaketen ondorioz abiaraziko ditu bere jarduketak, eta prozedurak sei hilabeteko epean amaituko ditu (salbuespenez beste sei hilabeterako luzatu ahal izanen da epea). Txosten berezi edo apartekoez gainera —horiek ere publikotasun printzipioari lotuko zaizkio—, urteko oroitidazkia aurkeztuko du Parlamentuko Eskarietako Batzordean.

 

Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoak kontu-sail bereizi bat edukiko du Nafarroako Parlamentuaren aurrekontuetan. Bulegoaren zuzendaria sei urteko agintaldirako hautatuko da, Parlamentuko gehiengo osoz, eta ezin izanen da berriz hautatua izan beste sei urte igaro arte. Parlamentuak berak kargutik kendu ahal izanen du hiru bostenen gehiengoarekin. Goi mailako unibertsitate tituluaren jabe izan beharko du eta hamar urte baino gehiagoko lan-jarduera edo jarduera profesionala eduki beharko du. Bateraezinak izanen dira zuzendari kargua eta beste ordezkaritza-kargu, kargu politiko edo administrazio-eginkizun oro, lanbide-, merkataritza- eta lan-jarduera oro, bai eta zuzendaritza- edo aholkularitza-kargu oro ere.

 

Bulegoko gainerako kideak, aurreikusten denez, Parlamentuak hautatuko ditu, talde parlamentarioek edota beren jarduera Foru Komunitatean garatzen duten gizarte-erakundeek proposatzen dizkioten hautagaien artetik. UPNk nahi zuen talde parlamentarioek bakarrik aurkeztu ahal izatea hautagaiak, baina haren asmoak ez du aurrera egin, PPNk soilik babestuta.

 

Bulegoaren plantillan ikuskatzaileak izanen dira (instrukzioaren arduradun eta agintedunak). Ebaluazio lanetarako prestatzaile-aholkulari bat egonen da gutxienez, eta beharrezkotzat jotzen diren teknikariak, administrariak eta mendekoak. Guztiak oposizioz edo oposizio-lehiaketa bidez hautatuko dira, eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren pean egonen dira.

 

Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoaren funtzionamendurako beharrezkoa den zuzkidura ekonomikoa berariaz izendatutako kontu-sail batean ezarriko da Nafarroako Aurrekontu Orokorretan. Bulegoak espezialisten eta perituen edo adituen zerbitzuak kontratatu ahalko ditu, kontrolaren xede diren arloetan, Nafarroako kontratu publikoei buruzko legediari lotuta.

 

Zehapen-araubidea bulegoaren zuzendariaren eskumenetako bat izanen da. Arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izanen dira (hurrenez hurren 6 hilabeteren buruan, bi urteren buruan eta hiru urteren buruan preskribatuko dira), eta isunak 2.000 eta 60.000 euro bitartekoak izanen dira. Ikerketa bat abian den bitartean delitu-zantzurik azaltzen baldin bada, ordea, “jurisdikzio-organoei horren berri emanen zaie berehala”. Prozeduraren azkenean gomendioak eta irizpenak eman ahal izanen dira. Halaber, “jokabide susmagarriak edo jarduketa irregularrak salatzen dituzten pertsonak babesteko neurriak” hartu ahal izanen dira.

 

Azkenik, Parlamentuak onetsi beharko du Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoaren antolamenduaren eta funtzionamenduaren erregelamendua, sei hilabeteko epean, bulegoaren zuzendaria izendatzen denetik aitzina.

 

Irizpenaren oinarri izan den txostena ponentzia batek egin du, eta hauek izan dira kideak: Sergio Sayas (UPN talde parlamentarioa), Patxi Leuza (Geroa Bai talde parlamentarioa), Arantxa Izurdiaga (EH Bildu talde parlamentarioa), Laura Pérez (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa), Inma Jurío (PSN talde parlamentarioa), Javier García (PPNko foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).

 

www.parlamentodenavarra.es

  • Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoa sortzeko Foru Lege proposamenaren argitalpena (100. NPAO, 2016-09-07koa)

  • Zuzenketak (138. NPAO, 2016-11-23koa)

  • Ponentziaren txostena