Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Iraila 28

Iruñeko espetxearen gaineko eskumen historikoak berriz ere baliatzeko eskatu dio Parlamentuak Foru Gobernuari

Deia egin du lehenbailehen ekiteko, Hitzarmen Ekonomikoaren negoziaketaren esparruan, Nafarroari espetxeen arloko eskumena transferitzeari

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-E taldeen aldeko botoekin eta UPN eta PPN taldeen aurkako botoekin onetsi duen ebazpen batean, Legebiltzarrak “adierazten du bere borondatea dela Nafarroak Iruñeko espetxearen gaineko eskumen historikoak balia ditzan, jadanik Foruaren Hobekuntzaren 39.1 artikuluaren bidez esleituak baititu eta lehenago ere baliatu izan baititu. Hortaz, Nafarroako Gobernua premiatzen du eskumen horiek berriz ere balia ditzan”.

 

Onetsitako ebazpenaren bigarren puntuan Parlamentuak Nafarroako eta Espainiako gobernuak premiatzen ditu “lehenbailehen ekin diezaioten, Hitzarmen Ekonomikoaren negoziaketaren esparruan, Nafarroari espetxeen arloko eskumena transferitzeari, Foruaren Hobekuntzaren 58.1.a artikuluan ezarritakoari jarraikiz”.

 

Gainera, jada hirugarren atalean, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio “behar diren neurriak har ditzala nafarrak izan edo Nafarroan errotuta egon eta Nafarroatik kanpo zigorra betetzen ari diren berrehun preso inguru Iruñera ekar ditzaten, baldin eta hala nahi badute, eskubide hori espetxe arloko legeriak berak aitortzen baitu. Halaber, Espainiako Gobernua premiatzen du Iruñeko espetxeko plazak, gehienez ere, bostehunera muga ditzan”.

 

Bestalde, Foru Legebiltzarrak Gobernu zentrala premiatzen du, “Iruñeko espetxearen gaineko eskumena duen heinean, behar adina giza baliabide eta baliabide material berma dezan, presoek banakako ziega bat izan dezaten, bai eta eduki litzaketen eremu eta jarduera guztietarako sarbidea ere”. Eta, horrekin batera, “behar adina langile ezar dezan, gazteendako modulu bat, amendako beste bat, modulu terapeutiko bat eta emakumeendako modulu egokiago bat egon daitezen”.

 

Era berean honako hau eskatzen zaie Nafarroako Gobernuari eta administrazio eskudunei: “Hezkuntzaren eta Gizarte Ongizatearen arloan duten eskumena balia dezaten kalitatezko hezkuntza- eta gizarte-arreta emate aldera, askatasunik gabe bizi direnei eskubide berdintasuna bermatuko diena. Horretarako, beharrizanen diagnostiko bat eginen dute, bai eta neurri zehatzak abiarazteko eta baliabideak esleitzeko plan bat ere; besteak beste, helduen hezkuntza sustatzeko laguntza ekonomikoak ezartzea eta lanbide heziketa eta unibertsitate mailako heziketa eskaintzea”. Atal horrek, hurrengo hirurek bezala, aho batez onartuta egin du aurrera.

 

Bestalde, Osasun Departamentua premiatzen da “Espainiako Gobernuarekiko negoziaketak azkartu ditzan, espetxe arloko osasunaren eskumena bere gain hartzeari begira aurrera egiteko, Osasunari buruzko 16/2003 Lege Orokorraren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betez, zertarako eta presoei kalitatezko arreta eta jarraipena bermatzeko, gainerako herritarren baldintza beretan. Horretarako, beharrizanen diagnostiko bat eginen du, bai eta behar diren baliabideen aurreikuspen bat ere”.

 

Horrez gain, Nafarroako Gobernuari eta kasuan kasuko toki erakundeei eskatzen zaie behar diren neurriak har ditzatela preso eta preso ohiei eta haien senitartekoei bizi-baldintza duinak errazteko. Zehazki, baliabideak jar ditzatela espetxerako irisgarritasuna bermatzeko, garraio publikoren bat albait lasterren jarriz; eta behar diren lege-aldaketak eta -neurriak onar ditzatela etxebizitzaren, errenta bermatuaren eta bestelako gizarte prestazioen arloan, espetxetik ateratzean eskatzen zaizkien erroldatze, egoitza edo kotizazio epeak egiaztatzeko zailtasunak dituztenen inguruabar eta beharrizan bereziei erantzuteko.

 

Erabaki da, azkenik, Nafarroako Parlamentuak “Espetxeetako Erakundeen Zuzendaritza Nagusiari, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioari, Iruñerriko Mankomunitateari eta Iruñeko Udalari” helaraziko diela adierazpen hori.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek bultzatutako ebazpenaren zioen azalpenean gogora ekartzen da hilaren 19an bi lan-bilkura egin zirela Salhaketarekin (presoen eskubideen aldeko elkartea) eta Iruñeko espetxean lan egiten duten kolektibo sozial batzuekin. Horren ildotik, ebazpenak bere egiten ditu bilera haietan ateratako ondorioak, espetxe arloko eskumenak hartzeko aukerari eta osasuna, hezkuntza edo arreta soziala bezalako arloetan detektatutako gabeziak konpontzeko premiari buruzkoak.