Noiz argitaratua Asteazkena, 2018.eko Maiatzak 16

Irisgarritasun Unibertsalari buruzko Foru Lege proiektuaren gaineko irizpena onetsi da

Hesiak kendu nahi dira, autonomia bermatu eta aukera-berdintasuna sustatuko duen gizarte inklusiborako bidean aurrera egiteko

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Batzordeak Irisgarritasun Unibertsalari buruzko Foru Lege proiektuaren gaineko irizpena onetsi du gaur.

 

Honako hau da Gobernuak aurkeztu duen proiektuaren xedea: “Nafarroari irisgarritasun unibertsalaren arloko arau-esparru berekia ematea eta hartara, bizi itxaropenaren luzapena eta populazioaren zahartzea ekarriko dituen eszenatoki demografikoari begira, aurrera egiten segitzea gizarte inklusiboagoa lortzeko bidean, autonomia bermatzeko eta aukera-berdintasuna bultzatzeko”.

 

Bermeen eta babesaren arlo horretan “arreta berezia” ematen zaie pertsona eta talde kalteberenei (adingabeak, zaharrak, emakumeak, desgaitasuna dutenak, LGTBIak, genero-indarkeriaren biktimak), eta bizi sistema aukeratzeko eskubidea aldezten da, Desgaitasunak dituzten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioaren (NBE, 2006) printzipioekin bat etorriz, botere publikoek esku har dezatela eskatzen baitute “pertsonen bizi kalitatea efizientziaz lortzeko”.

 

Xede horrekin, 5/2010 Foru Legean —berariaz indargabetua— aurreikusitako aplikazio-esparruei beste batzuk gehitu zaizkie, hala nola justizia administrazioa, kultur ondarea, kultur, kirol eta aisialdi jarduerak eta enplegua. Era berean, lehengo legeak aurreikusi bai baina batere arautu ez zituen esparruetara hedatu da irisgarritasun unibertsala, adibidez garraioetara edo hezkuntzara.

 

Bidaiarien garraio publikoari dagokionez, Administrazioak garraio mota horretarako ibilgailuetan irisgarritasuna ezartzeko plana egin beharko du urtebeteko epean. Gainera, garraioarekin lotutako azpiegituretan, batez ere txarteldegietan, informazio eta komunikazio sistemetan eta jendearentzako arreta guneetan, zeinuen hizkuntzaren interpreteen eta gida interpreteen zerbitzua ematea bermatuko da, bertan dauden interpreteen bidez edo teleinterpretazioa erabiliz. Ahozko komunikazioari laguntzeko bitartekoak ere aipatzen dira, begizta magnetikoak, adibidez, “edo aurrerapen teknologikoen ondorioz sortzen diren bestelako laguntza produktuak”.

 

Era berean, irisgarritasunaren eta desgaitasunaren eraginari buruzko txostenak egin beharra mantendu da, lehen ere aurreikusita baina bete gabe zegoen betebeharra; eta orain toki erakundeak ere lotetsiko ditu.

 

Hala, bizimodu independentea sustatzearren, sektore publikoko erakundeen webguneetan eta gailu mugikorretarako aplikazioetan irisgarritasuna “pixkanaka areagotzeko” neurriak hartu behar direla xedatzen da, telekomunikazioei eta informazioaren gizarteari buruzko 2016/2012 Zuzentarauan ezarritakoari jarraituz.

 

Horri dagokionez, “berehalakotasuna” helburu, eta Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko 7/2010 Lege Orokorrean ezarritako “gutxienekoak” betetzeko, administrazio publikoek sustapen-lana egin beharko dute, lan zinematografikoak eta ikus-entzunezkoak banatzen dituzten enpresek azpititulu eta audiodeskribapen sistemak ezar ditzaten.

 

Esandakoaren haritik, ohartarazi egiten da informazio eta sentsibilizazio kanpainek irisgarriak izan behar dutela pertsona ororentzat eta, horretarako, eskuragarri egon behar dutela “irakurketa errazeko formatuan, Braille sisteman, letra handituan, zeinuen hizkuntzan, azpitituluekin edo beste sistema alternatibo batzuekin”. Horrek berdin balio du gune eta ekipamendu nagusien seinalizaziorako, eta gainera leku horiek egoki argiztatu beharko dira, baita bide publikoa oztopatzen duten obren kasuan ere, pertsonen segurtasuna zaintze aldera.

 

Sortzen diren beharrei erantzuteko, Nafarroako Gobernuak irisgarritasun unibertsaleko teknikari espezialistak trebatuko ditu. Horretarako programa iraunkorrak ezarriko ditu, orokorrak zein desgaitasun mota guztiei aplikatzekoak.

 

Hirigintzaren antolamendu-tresnak direla eta —urbanizazio- eta obra-proiektuak barne—, legeak dio tresna horiek irisgarritasun-baldintzak betetzeari buruzko justifikazio-apartatu bat izan beharko dutela, eta kontuan hartu beharko dela ukitutako sektoreak nolako lotura duen sektore mugakideekin. Irisgarritasun baldintzetakoren bat betetzerik ez dagoenean, horren arrazoiak emanen dira, eta arrazoizko doikuntzak egin beharko dira.

 

Legeak Irisgarritasun Unibertsala eta Pertsona Ororentzako Aukera-berdintasuna Sustatzeko Kontseilua ezartzen du. Bertan, araudiaren arloan “kontsulta, interpretazio, jarraipen eta kontrol” eginkizunak betetzeko, departamentu guztiak egonen dira ordezkaturik, eta, horiez gainera, toki entitateak, irabazi-asmorik gabeko ordezkaritzarik handieneko elkarteak, kontsumitzaile eta erabiltzaileen erakundeak eta inguruneak, produktuak, ondasunak eta zerbitzuak inportatzen, produzitzen, hornitzen edo eskuratzen dituzten fisiko edo juridikoen elkarteak.

 

Bestalde, arauak arbitraje sistema aurreikusten du, eta alderdiek sistema horretara jotzea borondatezkoa izanen da. Irisgarritasunaren arloan sortzen diren “kexak eta erreklamazioak” ebaztea izanen da arbitrajearen xedea. Ildo beretik, ahalegina eginen da jendeak jakin dezan bitartekaritza existitzen dela desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien arteko gatazkak kudeatu eta konpontzeko mekanismo gisa, eta horretarako Gobernuak bitartekaritza zerbitzu publiko eta inpartziala emanen du.

 

Irisgarritasunaren arloan aplikatuko den zehapen araubidea Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginean jasotakoa izanen da; testu bategin hori 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen.

 

Eraikuntzari dagokionez, desgaitasuna duten pertsonentzat etxebizitza babestu gehiago erreserba daitezen, aldatu egin da Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko 10/2010 Foru Legearen 20. artikulua; horrela, sustapen batean erreserbatutako etxebizitzaren bat egon dadin, sustapen horrek gutxienez 18 etxebizitza izan behar ditu, eta ez 33 lehen bezala.

 

Bestalde, erreserbaren barruan, etxebizitzen % 3 mantenduko dira mugikortasuneko desgaitasun larria dutenentzat, baina mugikortasuneko desgaitasun larririk duen eskatzailerik ez badago, etxebizitza horiek desgaitasuna dutenentzako erreserban sartuko dira; eta erreserba hori % 6koa izanen da, Estatuko oinarrizko legerian ezarritako % 4ko erreserbaren ordez.

 

Erabilera publikoa duten eraikinak, titulartasun publiko nahiz pribatukoak izan, irisgarriak direla ziurtatzeko moduan proiektatu, eraiki, zaharberritu, birgaitu, zaindu eta erabiliko dira betiere, Eraikuntzaren Kode Teknikoko arauak betez.

 

Azkenik, legeak indarra hartu eta sei hilabeteko epean —NAOn argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra—, Nafarroako Gobernuak irisgarritasun unibertsalerako eta pertsona ororentzako diseinurako eskubidearen inguruan dauden gabeziak zuzentzeko jarduketa-plana aurkeztu beharko du Parlamentuan.

 

Toki entitateek, berriz, urtebeteko epea izanen dute irisgarritasunaren arloko jarduketa plan integrala onesteko.

 

Batzordean 57 zuzenketa eztabaidatu dira, eta horietatik 17 onartu dira: Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek sinatutako hamalauetatik 11, UPNk aldeztutako hogeita lauetatik 2, PSNk aurkeztutako hamabietatik bat, eta, horiez gain, 3 in voce zuzenketa, bata denek sinatua eta beste biak laukoak eta PSNk sinatuak. Zuzenketa gehienak ñabardura teknikoak jasotzeko edo testuaren idazkera hobetzeko aurkeztu dira.

 

Irizpena onetsi ondoren Irisgarritasun Unibertsalari buruzko Foru Lege proiektua Osoko Bilkurara eramanen da behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.

 

Gaur arratsaldeko bilkuran, Unai Hualde (Geroa Bai talde parlamentarioa) buru zutela, honako hauek izan dira: Cristina Altuna, Luis Zarraluqui, Maribel García Malo, Iñaki Iriarte (UPN talde parlamentarioa), Isabel Aranburu, Patxi Leuza (Geroa Bai talde parlamentarioa), Asun Fernández de Garaialde, Arantxa Izurdiaga (EH Bildu talde parlamentarioa), Mikel Buil, Rubén Velasco (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa), Nuria Medina, Ainhoa Unzu (PSN talde parlamentarioa), Ana Beltrán (PPNko foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).