Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Martxoak 16

Irakaskuntza publikoaren garapena bultzatu eta sustatzeko eskatu dio Parlamentuak Nafarroako Gobernuari

Programa-akordioaren izenean, erabakian eskatzen da behar adina baliabidez horni daitezela ikastetxe publikoak eta gizarte-ingurunearen araberako eskolatze orekatua susta dadila

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkako botoekin gaurko osoko bilkuran onetsi duen erabaki batean, Parlamentuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua premiatzen du “irakaskuntza publikoa bultza dezan eta haren garapenari bultzada sendoa eman diezaion; hartara, matrikulazio-prozesuetan eskari guztiei erantzunen die, ez du unitaterik kenduko ikastetxe publikoetan, eta ekintzak eginen ditu hezkuntza-eskaintza publikoa eta Nafarroako irakaskuntza publikoko ikasle-kopurua handitzeko”.

 

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, bestalde, Foru Gobernua premiatzen da “egoera sozioekonomiko eta kultural txarreko ikasle asko dituzten ikastetxeei behar adina baliabide osagarri lehenbailehen eslei diezazkien, ikasle horiei eta horien familiei hezkuntza-erantzunik onena emateko”. Atal hori aho batez onartu da.

 

Hirugarren atalean jada, “Nafarroako hezkuntza-sistema publikoa berrantolatzeari eta berregituratzeari ekin diezaion” eskatzen zaio Nafarroako Gobernuari. Bereziki, “eskolatzeari buruzko araudia alda dezan onartze-irizpideei eta eragin-eremuei dagokienez, eskolatzeak berma dezan ikastetxe inklusiboetako ikasleak beren ingurunearen edo herriaren gizarte-osaeraren isla izatea”. Berriro ere UPNk eta PPNk aurkako botoa eman dute eta gainerako taldeek aldeko botoari eutsi diote.

 

Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak bultzatutako erabaki horren zioen azalpenean Nafarroako Gobernuari eusten dioten lau indarren arteko programa-akordioa gogorarazten da. Eskola publikoa luzaroan “bazter utzita” egon dela eta oraindik ere “behar adinako babesik izan gabe” jarraitzen duela esan ondoren, “kaltetutako ikasleei arreta emateko baliabideen esleipena” eta “inguruneko gizartearen errealitateari erantzunen dion eskolatze orekatua lortzeko antolaketa-neurriak” eskatzen dira.

 

Horren ildotik, “eskolatzeari, azpiegiturei eta eskola-antolamenduari buruz” Nafarroan garatu diren politiken ondorio gisa azpimarratzen da “hezkuntza-eskaintza publikoaren galera” izan dela eta areagotu egin dela “ikastetxeetako desoreka, sozialki kaltetutako ikasleak eta eskolatze berantiarrekoak ikastetxe jakin batzuetan metatzen baitira”, betiere ikastetxe publikoetan.