Noiz argitaratua Asteartea, 2017.eko Maiatzak 23

Hezkuntzako Batzordeak bisita egin du Bidasoa ibarrera, eskualdeko LHko institutuaren balizko kokalekuak ikusteko

Narbarte, Oronoz eta Doneztebeko toki-agintariekin bildu eta hiru udalerrien ezaugarrien eta jarreraren berri jaso ondoren, Gobernuaren irizpenaren zain daude

Elizondoko egungo Lanbide Eskolaren ordez Bidasoa ibarrean proiektatu den Lanbide Heziketako Ikastetxe Integrala kokatzeko hiru aukera aztertzen ari da Hezkuntza Departamentua, Narbarten (Bertizarana), Oronoz Mugairin (Baztan) eta Donezteben (Malerreka). Nafarroako Parlamentuko Hezkuntzako Batzordea gaur hiru leku horiek ikustera joan da, EH Bilduk eskatuta.

 

Batzordeko kide hauek joan dira: Luis Zarraluqui (UPN), Isabel Aranburu, Consuelo Satrustegi (Geroa Bai), Esther Korres (EH Bildu), Tere Sáez, Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu), Carlos Gimeno (PSN) eta Javier García (PPN).

 

Bisitaren helburua izan da, Esther Korresek sarrera gisa azaldu duenez, “in situ ezagutzea beren zentralitate geografikoagatik eskualdeko institutuaren kokaleku izan daitezkeen lursailen ezaugarriak”. Gobernuari eusten dioten lau indarrek sinatutako programa-akordioan jasotako dotazio horrek 15.000 - 20.000 metro karratuko lursaila hartuko luke.

 

Parlamentuko ordezkariek bilera bana egin dute Narbarteko, Oronozeko eta Doneztebeko udal arduradunekin eta kokaleku bakoitzak zer alde on eta txar dituen entzun dute, bai eta udal bakoitzaren jarrera ere, lurrak emateari dagokionez.

 

Zehazki, Oronozeko orubea suhiltzaile-etxearen atzean dago, eta alde ona du Nafarroako Gobernuaren jabetzakoa izatea. Bestalde, Narbarten erabakita dago 20.000 metro karraturen lagapena; horietatik 18.000 udal titulartasunekoak dira eta beste 2.000 Martikoren jabetzakoak dira, baina nahitaezko lagapen-aukera dago haren alde.

 

Donezteberen kasuan, erdibidean egotea da erakargarri nagusia, eta orain dela gutxi argudio horixe erabili da Ogasuneko zerbitzu bat bertan irekitzeko. Lurzatiaren jabea, dirudienez, prest dago Udalarekin negoziatzeko.

 

UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta PPN taldeetako eledunek kontuan hartu dituzte esandakoak, eta geroko jarduketen zain geratu dira, Nafarroako Gobernuaren eskumentzat daukaten gai horren gaineko jarrera hartzeko.