Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Ekaina 21

Hezkuntza-sistema laiko baten aldeko apustua egiteko estatu mailako legegintzako ekimena

Osoko Bilkuran onetsia. 2018ko ekainaren 21ean

Nafarroako Parlamentuak onetsi du gaur Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aurkakoekin, Espainiako Konstituzioaren 27. artikulua aldatzeko lege proposamena, erliio konfesionala eskola curriculumetik kendu nahi duena.

 

Diputatuen Kongresuko Mahaiak izapidetzeko onartzekotan, Foru Parlamentarioek Behe Ganberan defendatu beharko dute.

 

Irakurketa bakarrean eztabaidatutako eta Geroa Bai talde parlamentarioak aurkeztutako Lege proposamenaren helburua da Konstituzioaren 27. artikuluko 3. atala indargabetzea: “botere publikoek bermatzen diete gurasoei, beren sinesmenak direla eta, seme-alabek haien araberako erlijio- eta moral-heziketa jasotzeko duten eskubidea”.

 

Sustatzailearen hitzetan, “hezkuntza-sistema laiko baterantz joateko, ezinbestekoa da, lehenik eta behin, Konstituzioa aldatzea, halako moduan non ahalbidetuko baitu etorkizunean erlijio konfesionala ez irakastea eskola-curriculumean”.

 

3. atala indargabetuz, Konstituzioaren Oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoari buruzko 1. saileko 27. artikuluak honela dio:

 

“Guztiek dute hezkuntzarako eskubidea. Irakaskuntzaren askatasuna aitortzen da.

 

Hezkuntzak, helburu bezala du, giza nortasunaren aurreramendu osoa, bizikidetasun printzipio demokratikoak errespetatuz eta baita behin-behineko eskubide eta askatasunak ere.

 

Oinarrizko irakaskuntza behartua eta dohainik da.

 

Botere publikoek hezkuntzarako guztien eskubidea garantizatzen dute, irakaskuntzako programaketa orokor baten bitartez, dagozkien sail guztien egiazko parte hartzeaz eta ikastetxeak sortuz.

 

Pertsona fisiko eta juridikoei aitortzen zaie ikastetxeak sortzeko askatasuna konstituzioko oinarriei dagokien begirune barruan.

 

Irakasle, guraso eta, dagokienean, ikasleek parte hartuko dute, legeak ezartzen dituen mugetan, Administrazioak herri ondasunez ordaindutako ikastetxe guztien kontrol eta gestioan.

 

Botere publikoek hezkuntza sistema arakatu eta homologatuko dute legeen betetzea garantiza dadin.

 

Botere publikoek, legeak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituzten ikastetxeak lagunduko dituzte.

 

Unibertsitateen autonomia errekonozitzen da legeak ezartzen dituen neurrian”.

 

Ekimenaren titularraren iritziz, oraintxe baldintza egokiak betetzen dira, Foru Komunitateak eskumenik ez duenez, Kongresuaren sostengua behingoz lortzeko. Hala balitz, Nafarroako ekimena, Espainiako Konstituzioaren 87.2 artikuluaren itzalpean formulatua, lege arrunt gisa izapidetuko litzateke.

 

Konstituzioaren 87.2 artikuluaren arabera, autonomia erkidegoetako legebiltzarrek Kongresuaren Mahaiari lege proposamenak igorri ahal dizkiote (edo Estatuko Gobernuari lege proiektuak onartzeko eskatu), eta gehienez hiru ordezkari izenda ditzakete, Kongresuan ekimen horiek defenda ditzaten.

 

Kongresuan legegintzako ekimenak aurkezteko ahalmen hori Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 212. artikuluak garatzen du. Proposamenak legegintzako prozedura arruntaren bidez izapidetu behar direla adierazten du. Desberdintasun bakarra dago: Osoko Bilkurak proposamena onetsitakoan, ez zaio Nafarroako Gobernuko lehendakariari igortzen, Diputatuen Kongresuko lehendakariari baizik, azken legebiltzar horretan izapidetu dadin.

 

Lege proposamena Kongresuan defendatzeko ardura duten foru parlamentarien izendapena Mahaiak ezarritako arauei jarraituz egingo da, Eledunen Batzarrak erabaki loteslea hartu ondoren.

 

Arau horiek diotenez, proposamenaren aurka bozkatu ez duten hiru parlamentarik defendatu behar dute proposamena, eta Mahaiak izendatu behar ditu. Horietako bat ekimena sustatzen duen taldeak proposatuko du, eta beste biak Eledunen Batzarrak hautatuko ditu (boto ponderatua) taldeek proposatutakoen artetik.