Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Martxoak 22

Hezkuntza-premia berezietako ikasleen eskolatzean Nafarroa Estatuko buru dela ziurtatzen du Gobernuak

PSNren interpelazioak dio oinarrizko helburuak betetzeko zailtasunak daudela, eta helduen bizitzarako trantsizio planentzat arau erregulazioa eskatzen du

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Kontseilariak, Maria Solanak, nabarmendu du Nafarroa “Estatuko buru” dela hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen eskolatzean, unibertsitatez kanpoko ikasketetan eta Lanbide Heziketan.

 

Maria Solanak, PSNren interpelazio bati erantzunez, Nafarroako Parlamentuko Kontrolerako Osoko Bilkuran azaldu du departamentuak “lanean diharduela” Aniztasunari Erantzuteko Plan Estrategikoan, “eskola inklusiborantz bidea egiteko ekintza desberdinak ezartzen dituen” plana.

 

Nafarroak lau dira hezkuntza bereziko ikastetxeak. Haietako bi publikoak dira: Andrés Muñoz Garde ikastetxea, Iruñean, 84 ikaslerekin, eta Tuterako Torre Monreal, 60 matrikularekin. Beste bi ikastetxeak itunpekoak dira, Ibero herrian dagoen Isterria, 77 ikaslerekin, eta El Molino, Iruñean, 79 ikaslerekin. Gainera, 34 ikasle daude hezkuntza bereziko ikastetxeen alternatiba diren ikasgeletan eskolatuak.

 

Orotara, 300 ikasle daude hezkuntza bereziko ikastetxeetan eskolatuta, baina kopuru hau Nafarroan hezkuntza-premia bereziak dituen ikasleriaren %10 baino ez da, 3.007 baitira guztira.

 

Datorren ikasturteari begira, departamentuak eskolatze bereziko ikastetxeetako eskolatze prozesua arautu nahi du eta “baliabide ikastetxe” gisa izendatzeko aldaketan pausuak eman nahi ditu, eta horretarako, modalitate konbinatuarekin hasiko da.

 

Gainera, Torre Monreal eta Andres Muñoz Garde ikastetxeetan hobekuntza eta handitze lanak aurreikusten dituzte. Lehenengoaren kasuan, hobekuntza hauek burutzen ari dira jada, eta bigarrenaren kasuan berehala lizitatuko dira lanak. Iruñeko ikastetxeko beharrak 5 milioi eurotan baloratu dira eta atalka burutuko dira. “Lehen atalari berehala ekingo diogu 3 milioi eurorekin”, ziurtatu du Solanak.

 

Carlos Gimenok (PSN) adierazi du “gobernu programak ez duela behin ere aipatzen hezkuntza berezia” eta baieztatu du gai honetan “PSN ekarpenaren eta gehitzearen alde dagoela”:

 

Gimenoren arabera, hezkuntza berezia “zailtasunak izaten ari da oinarrizko helburuak lortzeko, normalizazioa, inklusioa eta hezkuntza erantzun adostua”.

 

Proposamenen artean, parlamentario sozialistak ikastetxe hauentzat erregelamendu organikoa eskatu du, 1997ko erregelamenduaren arabera eraentzen ari baitira, lehen hezkuntzako gainerako ikastetxeak bezala.

 

Baieztatu du, baita ere, “helduen bizitzarako trantsizio planek araudi bat behar dutela”, eta mahaigaineratu du “teknologia berriak hezkuntza bereziko ikastetxeetan sartu beharko liratekela”.

 

Isabel Aranburuk (Geroa Bai) ikaslego honi “kalitatezko hezkuntza onena” eskaintzeko eskaera egin du eta horretarako defendatu du “ohiko eskoletan beharrezko neurri eta moldaketekin integratzeko” ahalegina egin behar dela.

 

Esther Korresek (EH Bildu) PSNri leporatu dio plan estrategikoari ekarpenik egin ez izana eta ukatu du Hezkuntza plana egin aurretik lanean ez diharduela. Korresen ustetan interpelazioak “egonkortasun eza bilatzen du, zarata egitea eta probetxu politikoa ateratzea”.

 

Tere Saezek (Podemos-Ahal Dugu) adierazi du “gizarteratzea gizarteratzen ikasten dela. Plan estrategikoaren proiektua elkarbanatzen dugu bere ardatz estrategikoetan” eta nabarmendu du aniztasunari erantzuteko apustua egiten dutela, oroitaraziz “UNESCOk Nafarroa gai honen aitzindaritzat duela”.


Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) eskola inklusiboa defendatu du, berdintasuna, kohesioa, diskriminazio eza eta kalitatezko hezkuntza, eta horregatik, “akordio programatikoak ez du bereizketarik egiten hezkuntza bereziarekin”.