Noiz argitaratua Asteazkena, 2018.eko Urtarrilak 17

Hezkuntza Batzordea Beriaingo Ikastetxe Publikoan egon da bisitan

Erreformarekin lortutako erabilgarritasuna baloratu dute eta berogailu sistema eta kanpoaldeko zura berritzeko beharra onartu dute errehabilitazioarekin amaitzeko.

Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordea berritu berri duten Beriaingo Eskolan egon da bisitan, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek eskatuta. 1969an sortutako PAI eskola da, egun 338 ikasle eta 32 irakasle dituena.

 

Bertaratu diren Hezkuntza Batzordeko kideak Iñaki Iriarte, Luis Zarraluqui (UPN), Isabel Araburu (Geroa Bai), Esther Korres (EH Bildu), Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu), Carlos Gimeno (PSN) eta Marisa de Simon (I-E) izan dira.

 

Joxe Iribarrenek, Eskolako zuzendariak egin die harrera, baita María José Crespo, ikasketa buruak, Ana Lakuntza idazkariak, José Manuel Menéndez Beriaingo alkateak, Rafa Calderón udal arkitektoak, Elena García Apymako ordezkariak eta Gemma Cascallana Eskola Kontseiluko kideak.

 

Isabel Aranburuk azaldu bezala, bisitaren helburua “eraikinaren estalkia eta inguratzaile termikoa hobetzeko egindako lanen ondoren eskolaren egoera nolakoa den ikustea” izan da (lehen eraikinaren %80 amiantozkoa zen, 2002tik debekatuta dagoen materiala). 507.000 euroko kostua izan dute lanek (480.000 Gobernuak ordainduta eta 27.000 Udaletxeak).

 

Ondoren, Parlamentariek Eskolako leku desberdinetatik ibilbide gidatua egin dite, zuzendaritza taldeak, Apymak eta udal agintariek lagunduta, eta burututako erreformak zenbaterainoko aldaketa suposatu duen ikusi dute (irisgarritasuna, isolamendua, segurtasuna, osasungarritasuna, etab) lehen bizi zuten egoerarekin alderatuz, eta oraindik ere errehabilitazio osoa burutzeko egiteke dauden lanen beharra ere nabaritu dute (berogailu sistema eta leihoak).

 

Jarraian bilkura egin dute Joxe Iribarrenekin, eta honek Parlamentuari eskertu dio “eskola hau berreskuratzeko egindako ekarpena, proiektu txar batetik eraiki baitzen, kalitate baxuko materialekin, eta horregatik aurretiko zahartzea bizi zuen. Zuen aurreko bisitan, 2016ko apirilean, eztabaida zentro berri baten sorrera edo erreforma egitea zen. Erreformaren aldeko apustua egin zen eta ereduzko obra bat izan da, estetikoki, segurtasunari eta osasungarritasunari dagokionez. Gaurkoa eskertzeko eta ospatzeko eguna da”.

 

Zuzendariak errestaurazio lanak betetzeko beharra ere azpimarratu du, berogailu sistema berria ezartzea, leihoak aldatzea, pertsianak eta kanpoko zurgintza guztiak “egoera oso txarrean baitaude. 700.000 euro inguru suposatuko lituzke erreforma honek, baina eraikin honen bizitza luzatzea ahalbidetuko luke”.

 

Ildo berean, Jose Manuel Menendezek (alkatea), Elena Garcíak (Apyma) eta Gemma Cascallanak (Eskola Kontseilua) eraikinaren erreskatearen aldeko deia egin dute. “Hobekuntza izugarria da, baina helburua ez da bere osotasunean bete. Zurgintza eta berogailuaz gain, teilatu bat egiteko beharra dago, hau baita eraikinaren parterik zaharrena”.

 

Udal arkitektoak, Rafa Calderonek adierazi du egiteke dauden erreformak berehala egin beharko liratekeela, ezin baitu bermatu biharko egunean denak funtzionatuko duenik.

 

Osasun Batzordeko eledunek, parte hartzeko txanda heltzean, iraila eta abendua bitartean egindako lanen eraginkortasuna ospatu dute, eta egiteke dauden lanak denboran ez luzatzeko aukeran ere aipatu dute, baina ez dira ados jarri Hitzarmen Ekonomikoaren aktualizazioatik etorriko diren 215 milioien erabilgarritasunarekin.

 

Luis Zarraluquik (UPN) bere taldearen poztasuna erakutsi du lehen fase hau amaitzeagatik, baina “oraindik ere behar asko dituen eskola baten aurrean gaude, eta ikusi dugun bezala, gauza asko daude egiteke. Moldatzeko moduak ikusi beharko dira”.

 

 

Isabel Aranburuk (Geroa Bai) azpimarratu du erreformak “Gobernuak Hezkuntza Publikoarengan duen konpromiso, borondate eta interesa erakusten duela. Planteatutako beharrak aztertu beharko dira. Madrildik datorren diruarekin inbertsioak egitea gustatuko litzaiguke, baina baliteke gastuaren arauak horrelakorik egiten utziko ez digula”.

 

Esther Korresek (EH Bildu) esan du aldaketa izugarria dela, eta errehabilitazioarekin jarraitu behar dela, baina egun ezin dutela datarik ezta kantitaterik zehaztu. “Guk ere nahiko genuke Hitzarmenaren dirua inbertsioetan gastatu, baina dena airean dago. Hezkuntza arloko azpiegituretako beharrak asko dira”.

 

Tere Sáezek (Podemos-Ahal Dugu) azpimarratu du “hamar urteren ostean, ongi probestutako diru baten aurrean gaude, beti ez da hala gertatzen. Orain amaitzea falta da, gauzak ezin dira erdizka gelditu. Ikastetxeak erosoak izan behar dira, baita seguruak ere. Ikus dezagun ea 215 milioi horiek inbertsio sozialetara bideratu daitezkeen”.

 

Carlos Gimenorentzat (PSN), “2018ko aurrekontu orokorretan emendakinik ez egoteak ez du esan nahi bigarren fase horri ekin ezin dakiokeenik. Hezkuntza arloko azpiegiturei dagokienez, uste dut talde guztiak ados gaudela”.

 

Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) adierazi du erreforma hau “etengabeko borroka baten emaitza dela. Guztiz eraginkorra izan da egindako lana. Guretzako hezkuntza publikoa lehentasuna da. Azpiegitura hauen aldeko apustua egiten dugu eta arlo honetako beste edozein hobekuntzaren alde, baina aurrekontu aferak ditugu aurrez aurre. Ziur gaude Hitzarmenetik datorren dirua inbertsio sozialetara bideratu daitekeela”.

 

Beriaingo Ikastetxea 1968an eraiki zen, 1978an handitu egin zuten eta behin baino gehiagotan berritu dute, “ikastetxearen erabilerarako gutxieneko baldintzak mantentzeko”. Kalitate zigilua dauka 2003tik.