Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Otsaila 16

Haurrak ikastetxe publikoetan eskolatzeko deia egin du Parlamentuak

Nabarmentzen du sare publikoa “demokratikoa, laikoa eta inklusiboa” dela, aniztasuna aberastasun gisa hartzen duela eta gizarte-kohesioa helburu nagusietakoa duela

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur onetsi duen erabaki batean, Legebiltzarrak “familiak animatzen ditu beren seme-alabak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eskolatu ditzaten, bermatu egiten dutelako kalitatezko hezkuntza eta denak bizikidetasunean eta bizikidetasunerako sozializatzea, zein ere diren ikaslearen edo haren familiaren jatorria, erlijioa, sexua, ahalmena nahiz beste edozein inguruabar indibidual”. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek aldeko botoa eman dute, eta UPN eta PPNk aurkakoa.

 

Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak sustatu du erabakia. Zioen azalpenean adierazten denez, ikastetxe publikoen sareak “kalitatezko hezkuntza-erantzun bat ematen du, ekitate-baldintzetan eman ere, familiak zeinahi tokitan bizi diren ere”.

 

Proposatzailearen iritziz, zerbitzu “demokratikoa, laikoa eta inklusiboa da, askatasunean hezten du, ez du dogma edo sinesmen partikularrik inposatzen, aniztasuna aberastasun gisa hartzen duelako, eta gizarte-kohesioa helburu nagusietakoa du”.