Noiz argitaratua Ostirala, 2017.eko Martxoak 17

Harrera ofiziala Kongresuko Desgaitasun Batzordeari

Ainhoa Aznárezek nabarmendu du egungo Administrazioa ahalegina egiten ari dela “dibertsitate funtzionalari buruzko politiketan metatutako murrizketei buelta emateko, Nafarroa behinola eredu izan den alorrean”

Nafarroako Parlamentuak harrera ofiziala egin dio Kongresuko Desgaitasun Batzordeari, diputatuek dibertsitate funtzionalaren alorrean Foru Komunitatean ezarritako politiken eragina ezagutzeko egin duten bisita instituzionalaren barnean.

 

Ainhoa Aznárez Igarza Legebiltzarreko lehendakariak eman dio hasiera ekitaldiari. Nabarmendu du egungo Foru Administrazioa ahalegina egiten ari dela “buelta emateko atzerakadari, aurreko ekitaldietan metatutako murrizketek dibertsitate funtzionalari buruzko politiketan izan duten eraginari”, garai batean gainerako autonomia erkidegoen eredu eta erreferente izandako lurraldean.

 

“Bizimodu independentearen sustapenean, desgaitasun organikoa eta funtzionala duten eta, oztopo fisiko eta sozialei aurre eginez, gizarteko bizitzan parte hartze osoa eskatzen ari diren pertsona horien guztien babesean” lidergo instituzionala berreskuratzeko asmo horretan, lehendakariak Gobernuaren “konpromisoa” eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren “ahalegina” azpimarratu ditu.

 

Hain zuzen, kontu-sailen “gehikuntza nabarmena”rekin batera, Ainhoa Aznárezek goraipatu egin du “elkarteen lan eskerga, hainbat hamarkadatan Administrazioarekin lankidetzan aritu baitira beren kideen eskubideak defendatzen, zabaltzen eta bizitzako esparru guztietan sustatzen, enplegutik hasi eta hezkuntza, kultura, etxebizitza, garraio eta, jakina, osasun arloetaraino”.

 

Amaitzeko, lehendakariak gogorarazi du Nafarroako Parlamentuak ere baduela Desgaitasun arloko Politika Integraletarako Batzorde Berezia, “organo bultzatzailea, ez figura hutsa, borroka egiten ohituta dagoen jende horren eskubideak berrezartzen saiatzen dena. Harrotzeko motibo eta akuilu zarete. Mila esker guztiei”.

 

Carles Campuzano i Canadések, Kongresuko Desgaitasun Batzordeko lehendakariak, txalotu egin ditu “Nafarroak gizarte politiken arloan erakutsi dituen zorroztasuna, gizarte-konpromisoa eta berrikuntzarako joera”, eta Batzordea “desgaitasuna duten pertsonen eskubideak babesteko edota, areago, politika publikoak taxutzeko tresna baliagarri” bilakatuko den esperantza agertu du.

 

Iñigo Alli, UPNko diputatua eta aipatutako batzordean Talde Mistoko eleduna, “desgaitasuna dutenen egiazko arazoak eta izan litzaketen konponbideak eztabaida politikoaren erdigunean” kokatzearen alde mintzatu da. “Pertsonen eta ingurunearen arteko interakzioan azaltzen da desgaitasuna, horregatik humanizatzen du gizartea. Guk politika behar dugu humanizatu, eta hortik dator hain desberdinak garen indarrok alor honetan ados jartzearen garrantzia”.

 

Kongresuko Desgaitasun Batzordeko kide hauek bildu dira harrera ekitaldira: Carles Campuzano i Canadés (TM), lehendakaria; María Luz Martínez Seijo (TS) eta Ernesto Aguiar Rodríguez (TP), lehendakariordeak; Francisco Igea Arisqueta (CsT) eta Ester Capella i Farré (ERCT), idazkariak; eta Iñigo Alli Martínez (TM), Iñigo Barandiaran Benito (ET - EAJ), Diego Clemente Giménez (CsT), Joan Ruiz i Carbonell (TS), María Isabel Salud Areste (CUP-EC-EMT) eta Ignacio Tremiño Gómez (TP) eledunak.

 

Ekitaldia erakunde-aretoan egin da, eta bertan izan dira Unai Hualde eta Maiorga Ramírez Mahaiko kideak eta Javier Esparza, Carmen Segura (UPN), Isabel Aranburu, Koldo Martínez (Geroa Bai), Asun Fernández de Garialde (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu), Nuria Medina (PSN) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra) parlamentariak. Gainera, parte hartu dute Luis Cayok, Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Espainiako Batzordeko (CERMI) lehendakariak, eta María Luz Sanz Escuderok, Desgaitasuna duten Pertsonak ordezkatzen dituzten Erakundeen Nafarroako Batzordeko (CERMIN) lehendakariak.