Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Maiatzak 18

Gobernuak erreforma fiskalaren ondorioak aztertuko ditu udan

PPNren interpelazio bati erantzunez, zeinak ongi baiteritzo 2020ra bitarteko Industria Planari, baina industria-ehuna lehengoratzeko eta Nafarroa berriro ere inbertsioen erakargarri bihurtzeko eskatzen baitu

Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako lehendakariorde Manu Ayerdik esan du datuek Nafarroako industriaren azken bi urteetako joera "positiboa" erakusten dutela, eta enpleguaren, nazioartekotzearen edo enpresa-sorkuntzaren arloetako zenbakiak nabarmendu ditu.

 

PPNk kontroleko osoko bilkuran aurkeztu duen interpelazioari erantzunez, Ayerdik adierazi du 2017ko lehen hiruhilekoan, lehenbiziko aldiz hiru urtean, datu positiboa eman duela lekuz aldatzen diren enpresen balantzeak: "gehiago dira Nafarroara etorri diren enpresak hemendik joan direnak baino. Uste dut ingurune orokorra aldekoa dela".

 

Gainera, Nafarroako Gobernua plangintzaren arloan egiten ari den lana baloratu du lehendakariordeak. Espezializazio Adimendunaren Estrategia eta Nafarroako 2020ra bitarteko Industria Plana aipatu ditu, biak ere "agenteekin batera ongi jorratutakoak, elkarlanean baitago gakoa".

 

Zergei dagokienez, Manu Ayerdik esan du udan fiskalitatea eztabaidagai hartuko duela laukoak, "orduan edukiko baititugu 2015ean onetsi zen erreforma fiskalak nola funtzionatu duen ikusteko datuak. Sozietateen gaineko zerga ez da Nafarroan kezkatzeko elementua, I+G+B arlorako pizgarriak oso ongi baloratzen dira, eta ondarearen gaineko zerga aztertu beharko da, laukoa mahai gainean jartzen ari den beste kontu batzuk bezala".

 

Manu Ayerdik azpiegiturak ere aipatu ditu, "bultzada ematen” ari direla esanez, eta Íñigo de la Serna Sustapeneko ministroarekin prestazio handiko trenaz hitz egiteko izanen duen hurrengo bilerari dagokionez, negoziazioek emaitza ona izatea espero du, "korridorea estrategikoa baita".

 

Ana Beltránek (PPNko foru parlamentarien elkartea) adierazi duenez, "Nafarroak berriro ere komunitate erakargarria izan behar du enpresentzat eta krisi urteetan galdutako industria-ehuna berreskuratu behar du", eta 2020ra bitarteko Industria Plana "ongi egina dago".

 

Hala ere, kezka handia agertu du "enpresek ez dutelako konfiantzarik, enpresek Nafarroatik alde egiten dute eta ez da enpresa berririk kokatzen", eta horren arrazoia ere azaldu du: "Nafarroako Gobernuak ez du enpresei konfiantza eragiteko adinako mailarik. Nafarroa da enpresen ezkortasuna baikortasuna baino handiagoa duen eskualde bakarra. Dena dago lotuta. Behar baino fiskalitate gogorragoa duen komunitatea gara, eta horixe da enpresa berriak kokatzeko erakargarritasunik ez izatearen arrazoi nagusietako bat", baieztatu du.

 

Gainera, Ana Beltrán kexu agertu da "ugazaben eta sindikatuen arteko adostasunaren bilaketa, beste erkidego batzuei inbidia ematen ziena, historiara pasatu delako, Gobernuari komeni zaiolako interes politikoengatik gatazka gehiago bilatzen duten sindikatuak sartzea".

 

Beltráni erantzunez, Ayerdi lehendakariordeak esan du enpresen konfiantzaren aldetik, Estatistikako Institutu Nazionalak emandako datuen arabera, Nafarroa ez dagoela "argazkiko lekurik txarrenean, ezta gutxiago ere; Nafarroa ez dago gaizki. Ez nator bat Beltránek egiten duen irakurketarekin, ez dut uste hau desastrea denik. Biok hitz egiten dugu enpresa munduarekin, eta ni ohartu naiz giroa, kezka elementu batzuk izanda ere, modu positiboan baloratzen dela".

 

"Bai gauza ederra PP eta EAJren arteko maitemintzeak Nafarroan albo-ondorioak izatea!", esan du, haiei entzun ondoren, UPNko Carlos García Adanero parlamentariak. Eskatu du ez itxaroteko uda arte aldaketa fiskalak egiteko, eta laukoari antzematen zaion "ezegonkortasuna" nabarmendu du.


Rafael Eraso (Geroa Bai talde parlamentarioa) Foru Gobernuaren jarduketekin ados agertu da eta esan du sinetsita dagoela jarduketa horiek Nafarroako ekonomia garatzen lagunduko dutela.


Adolfo Araizek (EH Bildu talde parlamentarioa) azaldu du fiskalitatearen arloan badirela eztabaidatzeko gaiak, eta ziur aski ez direla ados jarriko sozietateen gaineko zergari buruz. Bake sozialak baduela prezioa eta “urte hauetan Nafarroari 183 milioi euro” kostatu zaiola erantsi du. Horregatik, pozik agertu da egoera aldatzen ari delako.

Carlos Cousok (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa) adierazi du ekonomiaren hazkundea ez dela familiengana iristen ari, kolokan jarri du PPko Gobernuaren jarduna, eta eredu ekonomikoa aldatzearen alde mintzatu da.


Guzman Garmendiak (PSN talde parlamentarioa) Araizi entzun ondoren "arazoa non duen” badakiela esan dio Ayerdiri. Izan ere, beraren ustez, enpresaburuen arazo nagusia itun soziala da, eta Gobernua "alderdikoia izaten ari da". Erantsi du ez dela erreforma fiskala kezka iturri nagusia, ziurtasunik eza baizik.


José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea) "txundituta" gelditu da PPren interpelazio "adeitsuarekin". Beharrezkotzat jo du sozietateen gaineko zerga aldatzea, "ez delako justua", eta esan du ez dela egia bake sozialak prezioa izan duela diru kopuru hori eman zaielako UGTri eta CCOOri, diru kopuru horiek enplegu-politika aktiboak garatzeko sinatutako hitzarmenen emaitza baitira.

 

En respuesta a una interpelación de PPN, que ve bien el Plan Industrial 2020, pero aboga por "recuperar el tejido industrial" y volver hacer de Navarra un reclamo para invertir