Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Maiatzak 31

Gobernuak defendatzen du Nafarroa osoan kalitate goreneko arreta pediatrikoa eskaintzen dela

Eskualdeei dagokionez “ekitate falta dagoela eta murrizketek jarraitzen dutela” zioen PSNren interpelazioak, eta “asistentzia kalitatea bermatzeko ahaleginak batzeko” deia egiten zuen

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak, Fernando Dominguezek, baieztatu du foru Erkidegoan “haur guztiek, salbuespenik gabe, oinarrizko osasun etxe guztietan arreta pediatrikoa jasotzen dutela kalitate handienarekin”.

 

Hala adierazi du kontseilariak Osoko Bilkuran PSNren interpelazio bati erantzunez, atzo pediatra talde batek zerbitzuaren gabeziei buruz ohartarazi ostean.

 

Fernando Dominguezek aitortu du Nafarroan “egoera zailak” ematen ari direla, batez ere landa eremuetan, “profesional eskasiaren ondorioz, Erkidego guztietan gertatzen ari den bezala, eta ditugun baliabide guztiekin aurre egiten saiatzen ari gara”.

 

Aitzitik, Dominguezek baieztatu du “egoera kezkagarria den arren, izaera koiunturala” duela, eta egungo arreta pediatrikoaren eredua mantentzeko konpromisoa hartu du, oinarrizko osasun eremu bakoitzeko pediatra batekin, eta zerbitzua eskualdekatzea baztertuz.

 

Kontseilariak baieztatu du pediatrekin bete ezin diren lanpostuak aurretik esperientzia duten familia medikuekin betetzen direla. “Nafarroako osasun etxeetan 112 pediatra daude, eta horietatik 16 aurre esperientzia duten familia medikuak dira”, adierazi du.

 

Fernando Dominguezek nabarmendu du gainera legegintzaldi honetan 2018 urtera arte Oinarrizko Laguntzan pediatriarako 35 lanpostu deitu direla, aurreko legegintzaldian berriz, zazpi.

 

Maria Chivitek (PSN) baieztatu du bere alderdiak “legegintzaldi hasieratik salatu duela Nafarroan arreta pediatrikoaren arazoa, bereziki Oinarrizko Laguntzan, eta badirudi profesionalak ere egoeraz aspertu direla”.

 

Chivitek adierazi du egun pediatriako 16 lanpostu familia medikuek betetzen dituztela eta beste 8 lanpostu hutsik daudela. “Tuterako eremuko pediatria plazen %70k asistentzia gainkarga pairatzen du, hau da, pediatra bakoitzeko mila haur baino gehiago. Kopuru hau ehuneko 50ekoa da Lizarra aldean eta Iruñean berriz %32. Ez da langileen ordezkapenik egiten, eta egiten bada, denboraldi partzialean. Nafarroako haur guztiak ez dituzte pediatrek artatzen, eta horrek arreta pediatrikoan ekitate falta eragiten du”, ohartarazi du.

 

Eledun sozialistak “mantentzen diren murrizketak” salatu ditu, “Gobernu honek ez du serio hartzen arreta pediatrikoa. Gobernuaren lan eskaintza publikoak 22 pediatra eskatzen ditu Oinarrizko Laguntzarako eta horrek ez ditu ditugun beharrak asetzen”. “Populazio pediatrikoaren asistentzia kalitatea bermatzeko ahaleginak batzeko” deia egin du.

 

Sergio Sayasek (UPN) uste du Gobernua “atzerapausoak” ematen ari dela esparru honetan. Kontseilariak pediatriarekiko “erakutsi duen errespetu falta” salatu du, “pediatra batek egiten zuena familia mediku batek egin dezakeela” pentsatzean. Dominguezi “pediatrak ez mugitzeko” eskatu dio, eta baieztatu du bere alderdiak babestuko duela “beti ere daudenak baino gehiago jartzen baditu”.

 

Koldo Martinezek (Geroa Bai) kezka adierazi du PSNk “Gobernuari mina egin nahi izateagatik, beste behin ere nafar eskuinari batuz, biztanleriari gezurra esan eta beldurra zabalduz. Pentsa dezakete horrela hauteskundeetan etekinak izango dituztela, nik zalantzak ditut”.

 

Bakartxo Ruizek (EH Bildu) Sayasen diskurtso “apokaliptikoa” kritikatu du, eta azpimarratu du afera batzuk, MIR lanpostu kopurua handitzea esaterako, Estatuaren esku daudela. Aitortu du “arazoa pediatra faltagatik sortzen dela”, baina “arazo hau ez da Nafarroan soilik gertatzen eta ez 2018ko kontua, aspaldikoa da”.

 

Tere Sáezek (Podemos-Ahal Dugu) “haur guztiek legez aitortzen zaien arreta eduki behar dutela” aldarrikatu du, nabarmendu ondoren “arazo zaharrei konponbide berriak bilatu behar zaizkiela”.

 

Javier Garcíak (PPN) adierazi du kontseilariari “ardurak onartzea” falta izan zaiola, baita “berak sortutako arazo bat” dela onartzea ere. Krisi honen aurrean “Gobernuak konponbide hutsalak aurkezten ditu”.

 

Marisa de Simonek (Izquierda-Ezkerra) eskatu du “Gobernu honek daukan arazo honi aurre egiteko ausardia, eta konponbide eraginkorrak proposatzen hastea”. Testuinguru horretan, salatu du Garciak “erruduntasunari” buruz hitz egitea, “Alderdi Popularrak urteetan berritze kopurua geldi eduki baitu”.