Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Ekainak 1

Gobernuak bere politika demografikoa eta horren emaitza den Familien eta Haurren Plana defendatu ditu

PPNren interpelazio bati erantzunez, zeinean ohartarazten baita gizartea zahartzeko arriskua dagoela, familia bat sortzea hain garesti ez izateko neurririk hartu ezean

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako lehendakariordeak, Miguel Laparrak, helburu "garrantzitsu"tzat jo du "osaera eta eredu guztietako” familiek "nahi adina haur, ez gehiago, ez gutxiago" izan ditzaten bermatzea. "Hortxe daude Gobernuaren politikaren muina eta Familien eta Haurren Plana egiteko arrazoia", nabarmendu du.

 

"Hau ez da bihar goizerako konponduko, ez da konponduko diru-laguntzen, unean uneko neurrien edo neurri elektoralisten bidez; beharrezkoak dira etxebizitza politikak, lana eta familia bateratzekoak, hezkuntzaren eta osasunaren arlokoak, lan arlokoak. Eta bide horretan Gobernuak pauso garrantzitsuak eman ditu", baieztatu du.

 

Parlamentuko Kontroleko Osoko Bilkuran PPNk egindako interpelazioari erantzunez, Laparrak gogorarazi du dagoeneko Familien eta Haurren Plan berriaren lehen dokumentua aurkeztu dela, diagnostikoarena hain zuzen, eta bertan jaso dela "egoeraren azterketa zehatza, arazoak argi identifikatzen dituena. Nafarroarentzat plan estrategikoa da, izugarrizko garrantzia du; beraren bidez familia guztiei eskaini nahi zaie laguntza, bakoitzaren osaera gorabehera, eta adingabe guztiak babestu nahi dira".

 

Horri dagokionez, planak "garrantzizko erronka demografikoei" ekiten diela gehitu du, "esaterako jaiotza tasa apalari edo familia-ereduen aniztasun gero eta handiagoari", eta, beste arazo batzuen artean, haurren pobreziari. Horregatik, planak "ahalik eta adostasun zabalena” biltzea espero duela esan du.

 

Gainera, Foru Gobernuak jaiotza tasa igoarazteko hartuko dituen neurriei PPNk egindako kritikak direla-eta, esan du alderdi horrentzat gaiak "benetan hainbesteko garrantzia" badu, ezin dela ulertu nola "Nafarroan haurren eta familien planik gabe 16 urte egon eta ez duten deus ere esan. Gobernu honek ekin behar izan dio lanari, eta dagoeneko ia burutuak ditu egitekoak, plan handinahi samar baten bitartez", aldarrikatu du.

 

Laparraren iritziz, "demografiari eragin nahi badiogu", kontuan hartu behar dugu "oso geldiro funtzionatzen duela” eta "neurri iraunkorrak" behar ditugula, "ez urte batean jarri eta hurrengoan kenduko den diru-laguntza bat. Eta Nafarroan zera gertatu zen, familientzako aurrekontuaren % 82 desagertu zela 2010etik 2015era bitartean", erantsi du.

 

Ana Beltránek (PPNko foru parlamentarien elkartea) azpimarratu duenez, azterlanen arabera "gizarte batek bere biztanleria berreskura dezake baldin eta emakume bakoitzeko seme-alaben kopurua batez beste 2,1etik gorakoa bada; bestela biztanleria zahartu egiten da eta piramidea azpikoz gora jartzen da".

 

"Biztanleria zahartzeak ondorioak ekartzen ditu, pentsioetan ez ezik, baita osasun sisteman, mendekotasuna duten pertsonentzako laguntzan eta gizarte gaietan ere", azaldu du Beltránek, eta deitoratu egin du Nafarroa izatea "Espainia osoan jaiotza tasaren beherakadarik handiena izan duten erkidegoetatik hirugarrena".

 

Ohartarazi du "komunitate zahartua bihurtzeko" arriskua dagoela, eta neurriak eskatu ditu, "haurrak izateko pizgarriak, neurri onuragarriak, ez dadin hain garesti irten familia bat sortzea".

 

Horren haritik, "ez familien aldeko legea ez amatasunaren aldeko legea" ez babestea leporatu dio Gobernuari, eta "zuzenean familiak jipoitzen dituen" politika fiskala erabiltzea ere kritikatu dio. "Ez dute familian sinesten gizartea egituratzen duen ardatz gisa, eta ez dute jaiotza tasa igoarazteko neurririk hartzen".

 

Kontseilariak erantzun dio "agian" PPNren ekimenek ez dutela adostasunik lortu "edukia falta zutelako, neurri zehatzak alegia, nolabaiteko berrikuntzaren bat iragarriko zutenak", eta lege proposamenak "erakusleiho-lege modukoak" izan direla gaineratu du.

 

Juan Luis Sánchez de Muniáinek (UPN talde parlamentarioa) baieztatu duenez, "Gobernu hau da familiei murrizketa fiskal handiena aplikatu diena; seme-alabak dituzten familiak beren gain hartzen ari dira gastu berezi bat, iaz hartu behar izan ez zutena”.


Erreforma fiskala "zuzena eta progresiboa" dela adierazi du Isabel Aramburuk (Geroa Bai talde parlamentarioa), eta politika natalistak kritikatu ditu, bere taldeak defendatzen dituen gizarte politikekin alderatuta.


Bakartxo Ruizek (EH Bildu talde parlamentarioa) zalantzan jarri ditu UPNk eta PPNk esandakoak. Berak ere iritzi dio arazoa ez dela diru-laguntza kontua, eta zerbitzu publiko duinen eta berdintasunerako politiken alde mintzatu da.


Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa) esan du "amatasuna garestia" dela eta Espainian nahiz Nafarroan "desiratzen diren seme-alaben eta ekartzen direnen arteko aldea Europako handienetakoa” dela. Ildo horretan, austeritate-politiken ondorioak salatu ditu. "Laguntza ekonomikoak eta zerga arinketak ez dira panazea", gehitu du, bukatzeko.


Nuria Medinak (PSN talde parlamentarioa) PPren politika kritikatu du emakumeek amatasunari buruz erabakitzeko duten eskubidea dela-eta. Beraren iritziz, politika demografikoek ez dute natalistak izan behar, familiek beren gizarte eta lan bizitza bete-betean garatu ahal izatea sustatu behar dute eta aintzat hartu behar dituzte gizartean gertatzen diren aldaketak.


Konponbidea ez dago laguntza ekonomikoetan, horiek inoiz ez baitira aski izanen, Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea) azpimarratu duenez. Garrantzitsuena da, beraren ustez, non eta nola biziko diren haur horiek.