Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Maiatzak 25

Gobernua hezkuntza-itun baten alde lan egin dezan premiatzen zuen mozioa ez da onartu

UPNk adostasuna eskatzen zuen, “erabaki eta ekimen ideologikoen ondoriozko gatazka eta ziurgabetasuna” alboratu eta sektoreari arau egonkorrak emateko

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeen aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin, atzera bota du mozio bat, zeinaren bidez proposatzen baitzen Nafarroako Gobernua premiatzea “Hezkuntza Departamentuak baliatu izan duen hezkuntza-politika berrikus dezan eta Nafarroan hezkuntza-itun bat lortzeko lan egin dezan, hezkuntza komunitatearekin eta bertan inplikatutako eragile guztiekin adostua”.

 

Ezetsitako mozioak bazuen bigarren puntu bat, PPNko foru parlamentarien elkartearen eskariz gehitua, ekimenaren titularrak, UPNk, gehitzeko zuzenketa onartu baitio. Puntu horretan eskatzen zen Nafarroan adostu beharreko hezkuntza-itunak “Espainiako Gobernua lantzen ari den Gizarte eta Hezkuntzako Estatu Itunaren ildoari jarrai diezaiola”.

 

UPN talde parlamentarioak sustatutako mozioaren zioen azalpenean Gobernuari egozten zitzaion hezkuntza politika sektarioa aplikatu izana, “oinarri gehiago zuena irizpide politiko eta ideologikoetan hezkuntza eta pedagogiako planteamenduetan baino”, eta, horregatik, adostasunaren balioa nabarmentzen zen, “sektoreari arau egonkorrak emateko, zenbait ekimen eta erabaki asaldagarrik sortutako gatazkaren eta ziurgabetasunaren ordez”.

 

Hala, kritikatu egiten zen Departamentuak nola erabili dituen garrantzi handiko kontu batzuk, besteak beste Atzerriko Hizkuntzetako Ikaskuntza Programa (bereziki IIP-PAI delakoa), lan eskaintza publikoa, beken deialdia, Haur Hezkuntzako onarpen prozesua edo aurreinskripzioa; eta beharrezkotzat jotzen zen “hezkuntza-itun batera iristea, hezkuntzaren kalitatearen egonkortasuna eta bermea lortzeko”.

 

Aurrekoaren haritik, proposatzaileak eredutzat jartzen zuen Espainiako Gobernuak eta beste autonomia-erkidego batzuek “itunaren alde adierazi duten borondatea”, eta bide horretan zenbait ekimen garatzen ari direla gehitzen zuen.