Noiz argitaratua Asteartea, 2017.eko Ekainak 13

Gobernantzari eta elikadura-subiranotasunari buruzko jardunaldia

Bost merindadeetako emakumeek eskala txikiko produkzio eredua defendatu dute, "merkatuaren diktadurari" ihes egiten diona eta ingurumenerako nahiz ekonomiarako jasangarria dena

Nafarroako Parlamentuan gobernantzari eta elikadura-subiranotasunari buruzko jardunaldia egin da gaur arratsaldean, Mundubat Fundazioak Mugarik Gabe eta IPES erakundeekin elkarlanean sustatutako eztabaida saio bat, Parlamentu Irekiaren lehen saioetako batean (2016-02-16koan) hasitako azterketaren ildoari eutsiz. Saio hartan landa-ingurunearen etorkizuna izan zen aztergai, gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-jasangarritasunaren testuinguruan.

 

Legebiltzarreko lehen idazkari Maiorga Ramírezek aurkeztu du jardunaldia. Aitortu du zaila dela elikagaien eskala txikiko ekoizpena sustatzea, eta erronka horrek neurri politikoak eta lege-neurriak eskatzen dituela, “tamaina txikiko eta emakumeek modu aktiboan parte hartutako nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien eta nekazaritzako elikagaien industrien garapena babesteko gai izanen direnak”.

 

Hori dela eta, Ramírezek ohartarazi du sektoreak badituela zailtasunak; hala ere, “hainbat kolektibo, elkarte, emakume eta gaztek bultzada berritzailea ematea lortu dute, elikadura-subiranotasunean oinarritutako eredu desberdin bat hedatzera bideratua.

 

Horren haritik, Maiorga Ramírezek bere egin ditu sektore berri horren asmoak. “Sektore dinamikoa eta proposatzailea da, eta, nazioarteko tresna gehienetan jasotako etorkizuneko erronka funtsezkoekin bat etorriz, jasangarritasuna abiapuntutzat hartuta gauzak aldatzen ahalegintzen da”.

 

Hala, “klima-aldaketaren aurkako borroka, biodibertsitatearen defentsa, lurralde-oreka edo gosearen aurkako borroka” aipatu ondoren, Ramírezek, ondorio gisa, kolektiboen adorea goraipatu du; zehazkiago, joera aldaketa hori ahalbidetzen ari diren emakumeena. “Natura-ingurunea zaintzea guztiz garrantzitsua eta solidarioa da, eta zuek eredugarriak zarete horri lotutako aukeren bilaketan. Eskerrik asko”.

 

Ondoren hasi den eztabaidan, Foru Komunitateko bost merindadeetako emakumeek beren nekazaritza eta ekoizpen ereduaren alde egindako apustua defendatu dute. Eredu horrek “erabakimena berreskuratu nahi du, eta egungo eredua, aldiz, kanpoko erabakien mende dago bai maila politikoan bai merkatu mailan. Gizarteak ez daki gure lanaren berririk, eta Administrazioak ez gaitu aintzat hartzen eta burokrazian itotzen gaitu. Bada ordua erantzuteko, gure lurrean ezagutu dugun nekazaritza joria eta askotarikoa galtzen hasia baitago”.

 

Esparru horretan, emakume baserritarrek azpimarratu dute beharrezkoa dela “ekoizpen eredu neoliberal eta patriarkala baztertzea”, eta, emakumeen kasuan, eredu horrek “menperatu eta ikusezin” egiten dituela. “Ikusten ari gara, administrazioen konplizitatearekin, nola ari diren oso esku gutxitan metatzen lurra eta ekoizpena. Guk eredua aldatzea proposatzen dugu, ekoizpen- eta elikadura-subiranotasuna berreskuratzea, baina horretarako politika publiko adoretsuak behar dira, bistan baita finantzabideen beharra dagoela”.